2019/06/16

PARROKIAK ZEUZKAN ETXE SALMENTA (1628)


Maria Perez Izagirrek eta Pedro Gonzalez Galardik bi etxe laga zituzten Uzarraga eta Errukizko Amaren parrokiarentzat, beren azken borondate gisa, testamentuan. Kontua da, etxearen egoeratik, eta sarritan diru sarrera baino gastu iturri izaten zirenez halako eskaintzak, Kalahorrako Gotzainak baimena eman ziola parrokietako apaiza zen Sebastian Martinez Iñurrigarrori etxeak saltzeko.

Bi etxe ziren, kalean, Barrenkalen zeudenak ("calle de Barrencale"), gaur Kalebarren (Begiratu azpiko marrazkia). 

Kalebarren, antzuola bilaketarekin bat datozen irudiak
 ANTZUOLAKO HERRIGUNEA (XVII. MENDEA)

Etxeak saltzeko baimena eman eta enkantean jarri ziren, eta eskaintza desberdinak egon ziren herriko ospital aurrean egindako enkantean. Laugarren enkante saioan, azkenengoan, Antonio Iturbek egindako eskaintzak irabazi zuen bera. Guztira zilarrezko 102 dukat, bikoitza, ordaindu zituen aipatutako bi etxeren truke.


 "En las puertas del dicho ospital dela dicha Universidad de Ançuola".


Enkaneta 1627ko uztailean bukatu zen.



Iturria:

Titular: Bergarako Udala - Ayuntamiento de Bergara
Fondo: Archivo de la familia Yturbe Eulate
Fecha: 1627-11-10
Signatura: Nº 89.











2019/06/08

MAIRUA "PINTATZEN" AMESKUAN

1960.hamarkadako mairua

2009ra arte  Madariaga sendia  izan da alardeko mairua margotzeko eta janzteko ardura izan duena, aipatutako urtean alardearen berrikuntzarekin batera gaur beste batzuk arduratzen direlako horretaz. Hala ere, bere betebeharra gogoratu nahi izan dugu honetan, eta bere gurasoak ziren Gregorio Madariaga eta Josefina Leteren zeregina gogoratzeko, bere semea den Gurutz Madariagarekin egon gara. 

Berak txiki txikitatik ikusitakoaren arabera esaten digu bere osaba-izebak ziren Kruz eta Eulalia Madariaga ezagutu zituela mairu margotzen, eta ondoren bere aitak (Gregoriok) eta amak (Josefina Lete) hartu zutela lan hau euren gain, Ameskua etxean, hasieran abuztuan, orduan ospatzen zirelako herriko jaiak, eta ondoren uztailean.

Xalbador Peña "Mairua", beltza. 1980. hamarkada.

"Ordubete lehenago hurbiltzen zen mairua egingo zuenak margotzera. Etxe ostean egiten zen lan hori, baita mairua jantzi ere. Esate baterako, garai batean 6:00retan hasten bazen alardea,  5:00etarako etortzen zen etxera. Margotzeko likido beltza erabiltzen zen eta horrekin batera baita erretako kortxoa ere. Likidoarekin batera ozpina ere erabiltzen zen, eta ondo zabaltzen zen kolore beltza lepotik hasi eta aurpegiraino, eskuetatik ukalondoraino eta oinetatik belaun ingururaino. Ozpina erabiltzen zenean, izerdiarekin edo euriarekin arazoak egoten ziren, begiak erretzen zituelako, eta batzuetan begiak zabaldu ezinda ere etortzen zen mairua, alardea bukatu eta gero. 20/25 bat minutuko lana izaten zen mairua margotzea. Aurretik, baina, jantzi egin behar izaten zen, bere txilaba eta guztiz, eta kontuz ibili behar izaten zen arropa zuria ez zikintzen. Alardea bukatzen zenean, udaletxe ostetik gure etxe ostera pasatzen zen mairua, eta bertan geneukan dutxa batean dutxatzen zen. Azken urteren batean, obrak hasi genituenez etxean, frontoiko dutxan dutxatzen zen mairua. Etxean geratzen ziren arropak gu geu arduratzen ginen garbitzen, eta baita kateak eta oinetakoak gordetzen ere. Mairua Xalbador Peña zen mairua, urte askoan (40 urte?). Uste dut urteren batean Jesus Delgadok ere egin zuela mairua. Gustura genuen lana izaten zen, tradizioa jarraituz".  

Mairua gaur egun (Juan Carlos Gomez)

Hitzari bere balioa kendu gabe, badugu, baita ere, 1990ean grabatutako bideo bat, eta bertan aipatu ditugun Gregorio eta Josefina ikusten dira Xalbador Peña margotzen. Bideoa Jesus Etxeberriak egindakoa da: https://youtu.be/x6AVkzRgVcM?t=72

Eskerrik asko Gurutz Madariagari! 

LAPURZUBIKO MUGARRIA (eta iturria) ZUTIK

1872an jarrita Bergara eta Antzuolak partekatzen duten mugarria.

Bat baino gehiago konturatuko zineten, Antzuola eta Bergara udalerriak mugatzeko erabiltzen zen mugarria kenduta zegoela autobiaren obrak zirela eta. Urte dezente "ezkutuan" egon ondoren, argia ikusi du berriro, eta bere jatorrizko tokian ez, ingurua aldatu delako, baina bai tokatzen zaion tokian kokatuta ikusteko aukera dugu dagoeneko. Izan ere, bada urte dezente, orduan ere bide baztarreko obrak tartean, bere jatorrizko tokitik desplazatuta zegoela metro batzuk, Antzuolaren okerrerako.

Une honetan, baina, bere hasiera-hasierako tokian dago; alegia, Miso errekaren ardatzean (edo erdian). Bertan daude, beraz, Bergara eta Antzuola besarkatzen, Miso errekaren urbidearekin bat eginez.

Badira mugarri honen inguruko aipamen historiko batzuk:
  •  (1649. urtea)."Que se quite el mojón que está sobre el camino real que va de Vergara a Anzuola... y sirva de mojón la peña grande que está con su cruz de hierro en el arroyo que baja desde Galarza, junto al puente de Aizparrundi; y desde lo alto del monte de Oasarri se pongan derechos mojones de forma que corran a la dicha puente y peña de Aizparrundi, y de allí abajo sirva de mojón el mismo arroyo hasta salir al río y emparejar con el otro arroyo que baja de entre las casas de Mendizaval, de Vergara, y Gabioza (Miso), de Anzuola"
  •  (1722. urtekoa) Hemendik, eta Mendizabal eta Gabioza aldera doan errekatxoa aprobetxatuz, euren lurtsailen erdi-erditik, Azparrunditik behera datozen urekin bat egin arte, Oruesagastiko gaztanaditik, hemen harlanduzko bi mugarri jarri ziren, iturritxo bateraino.

GARAI BATEAN BIDE ERTZEAN AURKITZEN ZEN (BEHEKO ARGAZKIA)


 KOKAPEN ZORROTZA UNE HONETAN DUENA ANTZUOLARENTZAT 14. MUGARRIAK, EDO LAPURZUBIKOAK








Hementxe dago kokapen berrian Bergara eta Antzuola udalerriak banatzen dituen mugarria. Eta badu mugarri honek bitxitasun bat, izan ere Bergara aldera ematen duenak, 91 zenbakia antzematen da. Antzuola aldera ematen duenak, ostera, 25. Baina arestian ikusi dugun dokumentuan, 14.ena bezala hartzen da Antzuolarentzat.

Esan bezala 1872an eginiko mugarria da, eta harlanduzkoa da.


Gertu, errekan, argazkian ikusten den bezala, ezaguna ez den iturria ere ikus daiteke, guretzat Ilunpeko iturrixa dena.

Iturrira joateko eskailerak eta iturria bera ikus daitezke argazki hauetan, eta, egia esanda, ez dago egoera onean iturria, ura eskax dario eta.

Eskumako argazkian ikus daiteke iturriaren egoera.



Iturria:
  • Mugarrien inguruko dokumentu historikoak. 
  • Informazio berri honengatik, eskerrak eman nahi dizkiot Antzuolako Udalari, batez ere Valen Moñuxi.