2012/08/12

ANTZUOLAKO ERMITAK



1. San Blas ermita (Basalde auzoan, otsailaren 3an)

Basalden kokatuta dago. Santa Engratzia de Olotz bezala ezagutzen zena hasieratik, San Blasera pasatu zen denboraren poderioz. Ermita honen lehen datua 1501ekoa da. Eztarriko gaitzak sendatzen omen ditu zaindari honek, eta urtero, otsailaren 3an, etortzen omen dira antzuolarrak –zahar, gazte eta ume- opil, kandela, gozoki… bedeinkatzera. XVI. mendeko leiho txiki batzuk ditu bere hormetan. Bitxia da bere iparraldeko horman baserritarrek abarkak usteko duen zuloa. “U” tankerako korua, duela gutxi berrituzta, Santa Engratzia eta San Blasen irudiak ditu aldarean.


San Blas ermita eta zaindaria


Zaindaria:

Antzina Santa Engratzia, gero San Blas

Eguna:

Otsailak 3 (Basalde auzoan)

Kultua:  

Aspaldian hiru meza ospatzen ziren ermita honetan: Santa Engratzia egunean (apirilak 16); San Antolin egunean (irailak 2), eta jakina, gaur egun bakarrik ospatzen dena, San Blas egunekoa (otsailak 3). Esan beharra dago ermita honen zaindariaren antzinako izena “Santa Engratzia Olotz”ekoa omen zela. San Blas egunean, bada, eztarriko gaitz eta katarroen aurka babesa eskatu nahian, otoitz bat eginez, kandela bat eskaintzen zaio gaur egun zaindari honi. Nahiz eta orain jaiaren inguruko gertuko larunbatean ospatu jaia, oraindik “San Blas opila”, baba beltza, edo beste haziren bat bedeinkatzen da egun horretan. Opila, behin bedeinkatuta, pertsona eta animalientzat ona omen da gaitzik ez izateko.

Antzina, esan bezala, ermita hau Santa Engratziari eskainita zegoen. Berreskuratutako irudi zaharrak bertan ikus daitezke. Santa Engratzia egunean, apirilak 16, haziak (artoa, baba..) bedeinkatzeko meza egoten zen, eta Igokunde bezperan, erregutzeko “errogatibak” prozesioa. Gainera, ez berandu arte, Aritzagabasaldekoek “Animakua” kanpaia jotzen zuten, ilun “instantzian”, baita hil kanpaia ere, auzotarren bat hiltzen zenean.

 

San Blas

Jai-erromeria:

Meza orain egiten denaren antzekoa izaten zen, baina meza ordua zertxobait aurretik, goizeko 10:00etan. Opilak bedeinkatzen ziren eta tartean kandelak piztuta lagatzen ziren ermita barruan.

 

San Blas eguna

Txistulariak txistua eta danborra jotzen, eta aguazila “txefleroak” botatzen alaitzen zen, nolabait, bertako jaia. Txistulariak, gainera, bazkalostean, Basaldeko baserrietatik ibiltzen ziren musika joz eta, tartean, kafea eta patzarra edanez. Bukaerarako, oso alaituta egoten ziren. Aguazilaren lana, berriz, jendearen ohitura onak zaintzea izaten zen, sarritan jai hauetan borrokak egoten zirelako, herriko auzotarren artean-eta. Dena dela, bitxia delako esan behar da, borroka hauek gerra aurretik normalak izaten baldin baziren ere, gerra ondoren zeharo desagertu zirela. Agian gerraren ondorioetako bat hori izan zen, jendea borrokan ibiltzen aseta zela. Bergaratik, ostera, barkilleroren bat ere etortzen zen.

“Gonbidantzia” egiteko eguna izaten zenez, etxeetan gonbite handiak egoten ziren; bertakoetatik aparte kanpotik jende asko etortzen zen. Jatordua zera izaten zen: garbantzua eta oiloa; postrerako, arroz eta esnea eta flana; edateko ardoa (nahi beste) eta, ondoren, kafea, kopa (nahi beste) eta purua.

Maiordomoak herriko apaiza gonbidatzen zuen. Arratsaldean, erromeria egoten zen, eta soinu jotzera Alejandro “Gorriz”, Angiozargo “itsua” edo Osintxuko batzuk etortzen ziren. Erromeria hau auzotarrek ordaintzen zuten, eta kaletarrak ere etortzen ziren. Bederatziak inguruan bukatzen zen dantza, eta bukaera ordua ongi zaintzen zuen aguazilak. Gazteok, berriz, jaiari jarraipena ematen genion kalean, eta Ondarreko tabernan gauerdi arte egoten ginen.

San Blas baselizan maiordomoak zeukan kargua, bi urtetik behin pasatzen zen. Eta diru aldetik, San Blas eguneko “ofrenda” garaian hartzen zenarekin konpontzen zen, ez zen ematen aparteko dirurik: “- Hala ere, “ofrenda”ko diru hau apaizak berak hartzen zuenez, ez zen auzorako ezer gelditzen, eta egun batean erabaki zen hartzen zen dirua parrokia eta ermitaren artean banatzea beharren arabera”.

San Blas egunean aldatzen zen maiordomoa, eta jakineko txanda bati jarraituz egiten zen. Adibidez, Ertzillan hasita, Egurribai, Olazabal, Aritzagabasalde,  Galardi, Amilleta, Iñurrigarrogarai, Iñurrigarro, Madariaga, Erautza, Olamendi, Zorroztarrieta, Altzeta eta berriro Ertzillara bueltatzen zen. Desagertu aurretik, Juanjosenekua eta Mutillagoen baserrietatik ere pasatzen zen txanda.

2. Antiguako ermita (Antigua auzoan, abuztuaren 15ean).


  Bere izenak adierazten duen bezala gure herriak duen ermita zaharrena izan liteke, herriko parrokia egin aurretik zutik zegoena.Lehen aipamen dokumentala 1503koa da.Andramari ederra du barnean, XIV. Mendekoa jotzen dena. Bukatzeko, errepidearen alboan, herriko umeak oinez ikasteko joaten omen ziren “Zubikoa” gurutzeak ikus daitezke. Bueltak emanez, eta azpian dagoen oilarrari pa emanez, ermitan sartzen ziren ama, ume eta beata, eta eskaintza bat egin ondoren… zain gelditzen ziren umeak oinez noiz ikasiko ote zuen.





Zaindaria:

Andra Mari

Eguna:

Abuztuak 15

Kultua:

Garai batean Asentzio egunean eta Pizkunde garaian egiten ziren mezak. Prozesioak egiteko lekua ere bazen Aste Santuetako ostegun eta ostiralean.
Herritarrek oso berea zuten, eta dute, Ama Birjina hau, eta lehorte edo ezbeharren bat izan ezkero, berarengana jo izan dute konponbidea aurkitu nahian, otoitza eginez, dirua emanez edo kandela bat piztuz.

 
  
Antiguako elizkizuna

Berrogeita hamarreko hamarkadan arrosario santua izaten zen domeka arratsaldeetan.

Erramu egunean erramu sortak bedeinkatzen ziren eta prozesioan joaten zen parrokiara, meza entzutera.
Baserritarrek, berriz, Aingeru “Guardakoa” (martxoak 1) dute zaindari, eta bertan ospatzen dute ermandadeko meza. Abere bat gaixotu ezkero, bera dute tarteko.
Gaur egun, maiatzean bi egunetan ospatzen dira bertan mezak, asteartean eta ostegunean.

Hil kanpaiak ere jotzen ziren: Alde batetik, gauez auzotarren bat hiltzen bazen, auzotarrei aditzen emateko hurrengo egunean hiletak egongo zirela; bestetik, hileta egunean ere, gorputzak elizako bidea hartzen zuenean.
Kanpoan dagoen kalbarioko gurutze nagusira etortzen omen ziren etxekoandreak oinez ikastea asko kostatzen zitzaien umeekin, eta etxekoandreak umearekin, baina sarritan ermitako “bietia”ren laguntzaz, hiru buelta ematen zizkion gurutzeari. Buelta bakoitzean umeak musu bat ematen zion gurutze azpian dagoen oilar irudiari. Ondoren, elizan sartuz, kandela bat piztuz edota limosnatxo bat botaz, otoitz aldi bat egiten zen.

Ermita hau zaintzeko “bietia” zegoen, eta batzuk urtero zerbait ematen zioten  gero “Antiguako Ama Birjinak laguntzeko”. Eta horrela, oilandaren bat edo zerbait jasotzen zuen.

Bitxia izan zen 1955eko errogatiba. Itzelezko lehortea eta ustez inoiz historian errogatiban atera gabe zegoen Antiguako Ama Birjina ere atera beharra izan zuten prozesioan.

1942ko abuztuaren 15ean, herritarrak Andre Mari eguna bertan ospatzen ari zirela, egoera txarrean zegoen korua jausi egin zen. Ez zen inongo zauriturik izan, baina zaharberritze sakon bat eman zitzaion ermitari, eta 1943ko Arrosario egunean berrinauguratu zuen Gasteizko gotzaina omen zen Lauzurika jaunak.

Jai-erromeria:

Zuhaitza jartzeko ohitura ere egon zen, baina ez beti. Berau makala izaten zen eta aurreko egunean, 14an, jartzen zen. Arbola hau ez zen ordaintzen, eta surik ez zen egiten San Joanetan bezala. Goizean txistulariek (Santi Montxon, Pedro “danbor”  eta Eloi) diana jotzen zuten, eta bazkal ostean, Kalegoitik hasita, etxez etxe ibiltzen ziren “alkate-soinua” jotzen eta dirua batzen.

Elizkizuna ermitan 10ak, 10 eta erdietan izaten zen, nahiz eta ordua aldatu aurretik goizeko 8etan izan. 1943an aldatu zuten ordua. Jende pila joaten zen; herritarren %80a han egoten zen.

Jolasak ere antolatzen ziren, besteak beste “itsulapiko jokoa”: begiak itxita zeinek jo itsulapikoa. Urteren batean bizikleta lasterketa ere bai: Olamenditik Ariztiraino eta hemendik Antiguara. Matias Agirrek irabazi zuen orduan, eta bigarren Gregorio Agirre “Uxarra”.

Eguerdirako Ondarreko tabernakoek (Bernardo Olabarriak) taberna jartzen zuten Kalbarioko gurutze inguruan, bertan ardoa, “seltza”, limonada eta patzarra salduz. Urteren batean taberna Txarronak zeukan furgoneta gainean ere jarri zen. Jatekorik ez zuten ematen. Umeentzat “Harindondin”, bere barkillo bote eta karrotxoarekin, etortzen zen. Gerran errekisatu egin zioten “Peugeot” markako furgoneta dotorea eta ordutik oinez etortzen zen bere barkillo bote eta karrotxoarekin. Berarekin batera, “Prim-tortas” (tortak saltzen zituenak) ere etortzen zen Bergaratik.

Aguazila ere han egoten zen: "txefleroak" botaz, umeak zainduz eta borrokak ez egoteko neurriak jarriz; orduan ere borrokak egoten zirelako.

Gonbidantzia ere handia izaten zen auzoan. Adibidez, Ibarre baserrian, zera egoten zen egun horretan: tomate tortilla, papardoa edo palometa arraina, eta postrean arroz eta esnea.
Arratsaldean, hasi 6ak inguruan eta gaueko 9ak edo 10ak arte (kalean baino beranduago) izaten zen erromeria, Zumarragako Jose Oria edo Jose Migel Ormazabal etortzen ziren soinua jotzera.

1945etik aurrera erromeria jaisten hasi zen. Inguruan ere jai asko egoten zen, eta herriko jendeak nahiz eta Antiguan parte hartu, banatu egiten zen inguruan.
A
ntiguan gero “Bar Caserio” izeneko taberna bat zabaldu zuen Migel Lopezek, “Madriles” goitizena zuenak. Berak ere antolatzen zituen ekintza batzuk jai inguruan, eta baita taberna txukundu ere egun horretarako. Estalpe antzerako bat jartzen zuen. “Bailarinak” ere ekarrita zituen, eta tartean bertsolariak eta Angiozarko itsua ere bai.

Gerra ostean, berriz, Pazko egunean ere erromeria egiten hasi zen Antiguan.


Antigua zaharberritu aurretik


3. Santa Ageda ermita (Otsailaren 5ean, Galartza auzoan). 


Galartza auzoan kokatuta dago.  Lehen datua 1500 urtekoa.   Antzinean San Lorenteri –San Lorenzori- eskainita bazegoen ere, eta bere jaia abuztuaren 10ean ospatu, baserriko lanak zirela eta Santa Ageda egunera pasatu zen. Jaia otsailaren 5ean ospatzen da, bertan ogia, kandelak, baserriko produktuak, besteak beste, bedeinkatzen direlarik.  Garai batean beste elizkizun batzuk ere egiten ziren: Udaberrian kofradiakoa; San Martin egunean haziak bedeinkatzen ziren; San Anton, urtarrilak 17, ermandadearen meza; eta konjuruaren meza mozorruak akabatzeko.  Aldare gainean zegoen Santa Ana irudia lapurtu egin zuten 1984an. Oso irudi ederra, XIII. Mendekoa joten zena. Gaur egun, baina, Bartzelonan errekuperatuta, Donostiako Gotzaitegiko Museoan gordetzen da.

 


Santa Ageda

Zaindaria:

Antzina San Lorenzo, gero Santa Ageda

Eguna:

Otsailak 5.

Kultua:

Garatxoak sendatzeko zaindari aproposa da:



“- Otoitza egin aurretik, gero limosna bezala botako den txanpon batekin garatxoa igurtzi”.

Santa Ageda egunekoaz (otsailak 5) aparte, Uzarragako letanietako azken meza bertan ematen zen. Zehaztu gabeko egun batean konjuru meza ere ematen zen, eta ondoren apaiza baserriz baserri pasatzen zen behar ziren otoitzak eta bedeinkazioak eginez sukaldean, soroetan edota ikuiluan. Azaroaren 11n, San Martin egunean, gero pertsonek eta animaliek jaten zituzten aleak edo haziak ere bedeinkatzen ziren. Gero, ale edo hazi hauek ereingo zirenekin nahasten ziren. Otsailaren 17an, San Anton egunean, “Sanantonabat” edo Ermandadeko meza egiten zen, eta bertan abereengatik eskatzen zen:

“- Santa Agedako ermitan ez zen bakarrik bere egunean meza ematen, bertan, urtean zehar, bost meza izaten zirelako: aipatu dugun Santa Ageda egunekoa, opilak eta kandelak bedeinkatzeko izaten zena; udaberrian kofradiak egiten zuena; azaroan, San Martin egunean, haziak bedeinkatzeko egiten zena; Sanantonat egunekoa, urtarrilaren 17an, ganaduena edo ermandadekoa izaten zena; eta azkena, konjurua egiten zena, mozorroak eta akabatzeko”.

 

Aldareak

Jai-erromeria:

Santa Ageda eguna egunean bertan ospatzen zen, hilaren bostean. Aurreko egunean, berriz, Santa Ageda eskea egiten zen eta ondoren afaria. Ez zen edozein jai izaten, aguazila “txefleruekin” eta udaletxea ere etortzen zelako egun horretan. Barkilu saltzailea ere etortzen zen Bergaratik, baita danbor joleak ere, Santi Montxon eta Pedro Igartza. Gainera, gauean, etxean afaldu ondoren, erronda ere (gaupasa-edo) egiten zen, San Blasen egiten zen bezala: “- Santa Agedako plazatik jendea goizegi erretiratzen zenez, guk jaia Bereterion jarraitzen genuen, baina orain dela berrogeita hamar bat urte desagertu zen ohitura hori”.



 4. San Martzial ermita.(Lizarraga auzoan, ekainaren 30ean).


Ermita honen lehen berri historikoak 1503koak dira. Antzina Santa Katalinari baina gaur egun San Martziali dago eskainita ermita hau. San Martzial bezperan lizartxo bat jasotzen da bertako plaza erdian, eta ermitan meza ospatzen da. San Martzial egunean ere ermita barruko santuak lizar hostoez eta abarrez apaintzen dira.


San Martzial

Non:

Antzuolan (Gipuzkoa) kokatuta dago, Lizarraga auzoan. Herriko gunetik, 2,7 kilometrotara.

Zaindaria:

Antzina Santa Katalina zen, gero San Martzial izatera pasatu zen.

Jai eguna:

Ekainak 30

Kultua:

Ermita honen lehen berri historikoak 1503koak dira. Antzina Santa Katalinari baina gaur egun San Martziali dago eskainita ermita hau. San Martzial bezperan lizartxo bat jasotzen da bertako plaza erdian, eta ermitan meza ospatzen da. San Martzial egunean ere ermita barruko santuak lizar hostoez eta abarrez apaintzen dira.

Garai batean, auzokoren bat hiltzen zenean hil kanpaia ere jotzen zen, hogeita hamahiru danbada joz. Etxetik gorputza ateratzen zenean ere, eta bistatik galdu arte, hil kanpaiak jotzen ziren. Instantzian ere “aramaitzakua” edota gaueko “Angelus”a jotzen zen. San Martzial egunean, berriz, hiruko kanpaiak (tan-tan-tan) jotzen dira.
U
daberrian, konjuru meza ere egiten zen, eta meza ondoren baserriz baserri (Zumaeta ingururaino bakarrik) ibiltzen ziren abadea eta sakristaua baserrietako soroak bedeinkatzen, horretarako erramu bat ur bedeinkatuaz bustita erabiliz. Lan honen ordez, oiloren bat, arrautzak, gazta, ogia... ematen zion baserritarrak abadeari. Orduan, sakristauak eskuan zeraman otarrera sartzen zuen emandakoa. Beraz, bapo beteta joaten ziren etxera.

Bitxia da, baita ere, ahozko tradizioarekin bat eginez gero, erromesen kontua. Zenbaitentzat, Santiago bidea omen zen bertatik pasatzen zena, eta dirudienez ostaturen bat egon zen bertan erromesak hartzeko. Eta Iturbe baserrian ba omen dago erromesek lagatako gurutze bat (lehen hiru ziren). Ohitura honek badauka bere oinarria, kontuan hartuta San Martzial baselizan badaudela Santiagorekin lotutako bi irudi: bat, Santiago “matamoros”en erretaula bat, eta bestea, Santiago erromesaren iruditxoa. Azken honi bertakoek “Pikunittako eskolaua” deitzen diote. Oinarri hau sendoagoa izan daiteke baldin badakigu San Martzialen kultua erromesek Frantziatik ekarritakoa dela.



        San Martzial aldarea

 Jai-erromeria:

Horrela deskribatu daiteke, lekukoen arabera, 1936ko gerra aurretik batez ere San Martzial egunean egiten zen jaia:

Antzina bitxia zen San Martzial egunean meza aurreko kanpai jotzea. Uzarragatik apaiza joaten zen, berari zegokiolako bertako kultua. Bera Goitia baserri inguruan bistan jartzen zenean, San Martzialen kanpaia jotzen hasten zen; lehenengo batekoa (tan...tan... tan). Horrek adierazi nahi zuen apaiza urruti zegoela oraindik. Akiñabeira ailegatzen zenean, bikoa (tan-tan... tan-tan...); eta ailegatzen zenean, berriz, hirukoa (tan-tan-tan... tan-tan-tan...).San Martzial eguna oso egun handia izaten zen, eta jai izaten zen. Kaletik jende asko etortzen zen bere bazkari eta meriendarekin eguna pasatzera, garaia hartan Aranguren inguruan zegoen hariztipera. Jaia bukatzen zenean, inguru hori paperez josita egoten zen.Orduan “gonbidantzia” egiten zelako eta kanpotik jende asko etortzen zelako, prestakuntzak bezperatik egiten ziren baserrietan: oilaskoak, bildotsak hil eta prestatu, frikatzia ere egin.... Egun handia izaten zen auzorako. Prestakuntza honetan, auzoko mutilek errekondotik ekarritako makala, gero baita lizarra ere, sartzen zuten ermita aurrean. Makala lapurtutakoa izan behar izaten zen. Ondoren, “San Pedro sua” egiten zen. San Joan bezperako suaren antzerakoa izaten zen, eta baserrietan egiten zen. Jai egunean meza ematen zen 10ak 11k inguruan, Uzarragako apaizak emanda eta Jose Mari Agirre sakristauak lagunduta. Egun horretan kaleko kantariak ere etortzen ziren. Meza ostean, gazta, ogia eta ardoa eskaintzen ziren. Ardoa ermitan dagoen pitxerretik eskaintzen zen. Bitxia da baina, pitxer hau urtetan egon zen ganbara batean haziak eta gordetzeko, eta gerra ondoan-edo hasi zen orain bezala erabiltzen.Jolasak eta jokoak ere egoten ziren: zaku karrerak, karga jasotzeak, aizkolariak, kaskara jokoak...Goiz eta arratsaldean musika egoten zen iluntze arte: soinujoleak, txistulariak. Soinujoleetan, Alejandro “Gorriz” zen ospetsuena. Egun horretan herriko txistulariak (“ttanbolintteruak”), Santi Montxon eta Pedro Igarza, etortzen ziren, eta baserriz baserri ere ibiltzen ziren “arboladia joz”. Horren ordez, baserritarrek zerbait ematen zieten; normalean zerbait jateko eta edateko. Beraz, eguna bukatu orduko, ongi egoten ziren.Aguazilak “txefleroak” botatzen zituen. Tabernatxo bat ere jartzen zen, eta Pikunittako tabernaria etortzen zen gurdiarekin zahagi ardoa eskaintzera. Beste batzuetan,berriz, alondigara joan eta zahagiren bat ere ekartzen zen.Antzerkiak ere egiten ziren, eta kaleko jendea ibiltzen zen horretan; oso jende ona zegoen antzerkirako, parrandarako. Normalean ezkontzekin lotutakoak izaten ziren. Bat zera zen: alde batetik Mañisi andrea, bestetik Jose Antonio Velasco gizona, eta hirugarren abadea. Ezkontzako pasadizo batean zera esaten zion abadeak gizonari:“- Jose Antonio Velasco hik ez daukak nire moduan okela asko!”.Boletan ere egiten zen, baina erromeria guztia hondatzen zuen. Hala ere esan beharra dago jai giro hau asko hondatu zela gerra ostean, baina orain esan beharra dago jendeak gogoz hartu duela berriro egun hau, eta prest egoten dela jaia antolatzeko. Eta gutxi balitz, ermitarekin lotutako obrak egiteko eta ordaintzeko prest ere egon dira (Une honetan eraberrituta dago ermita hau)... Garai batean ermitaren ardura Iturbekoak zeukan, eta Aingeru Guardakoaren egunean zerbait ordaintzen zitzaion gastuetarako. Orain, berriz,  maiordomoak, urte bukaeran aldatzen dira. Auzo guztiak hartzen du gaur egun parte lan honetan, nahiz eta garai batean  hau horrela ez izan. Beraz, Udala, Txanbolin (Ugarte-errota), Ugartetorre, Aranburu, Bizkalatza, Laskurainaundia, Zumaetak, Jauregi, Goitia, Goenaga,  Lizarriturri, Lamarianoak, Aranguren, Iturbeak, Akiñao, Akiñabei, Akiñabeiko errota, Laskuraintxikiak dihardute lan horretan. Gaur egun, berriz, ospakizunak asteburuan egiten dira, eta auzotarrek egiten duten afari batekin hasten dira. Ondoren, ekintza desberdinak egoten badira ere, igandea izaten da egun seinalatuena, herrikoiena. Meza nagusia ermitan bertan ospatuz, auzotarrei hamarretakoa eskaintzen zaie mahainguru batean. Mahai horren gainean San Martziali eskainitako pitzarra jartzen da.Gaur egun, hala ere, antzinako pitzarra egurrezko kutxa batean babesten da, eta ospakizunetarako egindako kopia bat erabiltzen da.

San Martzialgo pitzarra:

Pitzar hau Euskal Herriko beste hainbat tokitako baselizetako kofradeek erabiltzen zuten tankerakoa da. Une honetan ez dakigu ze kofradiari dagokion pitzar hau, izan ere ez zaigu inongo informaziorik ailegatu, eta inguruko baserritarrek ere ez dakite.

Zuriz esmaltatutako pitzarrean urdinez egindako apaingarriak ikus daitezke. Eta apaingarrien artean, testu hau: “Sirve para San Marcial”.

Datazioari dagokionez, atera daitekeen ondorioetako bat da XIX. mendearen bukaerakoa edo XX. mendearen hasierakoa izatea pitzarra. Izan ere, San Martzial izan baino lehen Santa Katalinari eskainitako ermita bat zen oraingoa, eta bertako diru kontuak Santa Katalinaren izenpean egiten ziren ia-ia XIX. mendearen bukaera arte. 1889tik aurrera hasi zen idazten San Martzial ermitaren lehen kontu liburua.


San Martzialgo pitzarra: "Sirve para San Marcial"


Ogia, ardoa eta gaztaia bedeinkatzen dira


San Martzial eguneko dantzak


Dagoeneko desagertutako ermitak, bi dira:

5. SANTA CRUZ “SANTIKUTZ” (Uzarragan kokatuta)

Uzarraga gainean kokatuta zegoena,  XVIII. Mendearen bukaeran lur jota zegoen eta desagertu zen.Lehen datuak 1537koak. Ohiturak esaten duenez bertara ekartzen omen zituzten bailarako gizon ospetsuak lurperatzera, Uzarragan Tenplarioak (monje-gerreroak) omen zeudelako.


6SAN BARTOLOME (Kalebarren). 

Kalean kokatuta zegoena, Kalebarrenen, gaur egun desagertuta dago. XIV. mendean aipatua, bertan zegoen Andramaria, XIV. Mendekoa ere, herriko parrokian dago.Herriko ermita zaharrenetakoa genuen garai batean Kalebarrenen kokatuta zegoen San Bartolome eta San Pedro ermita. Herritarren, baina batez ere auzotarren sentimenduetan, ermitatxo honek asko adierazi izan du. Gaurko herriko kanposantua egin aurretik, bertan zegoen kanposantua, eta herritarrak sarritan joaten omen ziren bertara kandela bat piztera, hildako arimei eskaintzeko. Bere horman, dirua botatzeko pare bat kutxatxo ere omen zeuden, inskripzio honekin: “Por las ánimas del purgatorio”. Honekin batera bazegoen beste ohitura bat Antiguako gurutzeekin egiten zenaren antzekoa. Hau da, oinez ikastea kostatzen zitzaien umeak etortzen omen ziren bertara hiru eguakitzetan jarraian. Ermitari hiru buelta ematen zizkioten, eta buelta bukatzerakoan ermitan sartu eta diru pixka bat emanez, bertan zegoen San Bartolome irudiaren eskumako hankari musu bat ematen zioten. San Bartolome egunean (abuztuak 24) meza ospatzen zen ermitan. Gaur egun, baseliza desagertuta dago, eta bere oroimenez kanpandorrea dago zutik; eta bertan San Bartolomeko kanpaia inskripzio honekin (“Me fecit Estevan de Echebaster. Jesus. Año 1859”). Gaur egun, kanpai hau San Bartolome egunean jotzen da, birritan jo ere: goiz aldean eta iluntze aldean.


Iturriak:

·        Murugarren, Luis (1970): Anzuola y Uzarraga. CAM
·        Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo (2003): Antzuolako Ohitura Zaharrak. Antzuolako Udala



No hay comentarios:

Publicar un comentario