2012/08/12

ANTZUOLAKO ERROTAK


Erreketako uren erabilerak eraginda, ekosistema natural ugari aldatuta iritsi zaizkigu. Mendez mende, gizakiok funtzioa anitza eman diogu urari, eta ondorioz jarduera asko dira ur bazterretan sortu eta ikus daitezkeenak gaur egun ere.

Antzuolaren kasuan, errotak izan ziren, lehendabizi, urak erabili nahian, hasierako ekosistemak eraldatzen hasi zirenak; izan ere, errotek, azpiegitura bat behar dute martxan jartzeko: ur-saltoak, kanalizazioak, ur-biltegiak… Aldi berean, komunikabideak errazteko eta, jakina, errekak zeharkatzeko, zubiak eraikitzen hasi ziren, lehendabizi egurrezkoak eta ondoren harrizkoak. Industrializazio garaian, berriz, eta Antzuolan sortzen hasi zen larru-ontze industria jarduerari aurre egiteko, uraren erabilera industrialari hasiera eman zitzaion.  Gainera, erabilera industrial horrek, lehendabiziko haserreak ere eragin zituen herritarrengan: “errekan zetorren ura, arropak garbitzeko-eta erabiltzen zena, gero eta zikinagoa zetorrelako ”. Egoera istilutsu hau konpontzeko, gainera, garbitegiak eraiki zituen Udalak. Eta uraren erabilera honekin bukatzeko, kaleko argiteria nahiz ondoren etxeetakoa ere lortzeko, indarretxeak eraikiz, ura hartzeko ur salto eta kanalak ere egiten hasi ziren.

Eta industria erabileratik, etxeko erabilera etorri zen. Kaleko edota auzoetako iturriak iturri, iturburu eta erreketatik jasotako urak kanalizatuz, Antzuolako herritarrek etxean iturria zabalduz ura ekartzea lortu zuten, horretarako ur biltegiak ere eginez.
 
Erroten erabilera ere ez da atzo goizekoa, bai erromatarrek eta baita arabiarrek ere erabiltzen zutela jakin badakigulako, nahiz eta Euskal Herrira beranduago etorri, IX. mendetik aurrera, hain zuzen ere. Gipuzkoan ere arrakasta handia izan zuen asmakizun honek: 700 bat errota aritu izan direlako funtzionamenduan.

Erreka sokoetan kokatu dira errotak, eta kokapen honek nolabaiteko ukitu misteriotsua ere eman dio eraikuntza mota honi, sarritan toponimian ere jaso izan ditugunak. Badugu Antzuolan Sorgin-zulo deitzen den ingurua; hau da, Laskurain errota dagoen ingurua. Baina kokapen honek, hondamendia ere ekarri dio sarri, batez ere eurite handien ondorioz jasandako uren erruz. Hondamendiren bat aipatzerakoan, hori 1834ko ekainaren 6koa izan daiteke, orduan: “LLevo tambien los molinos e inutilizo las presas de Errotaberri, propia de dicha Berroeta, y Bidaurre, propia del marques de Rocaverde. Trastorno las presas de los molinos de la Antigua e Ygueribar-Azparrundi”.


 
 Antiguako Errota

Errotak bada, ura behar du bere makinaria osoa mugitzeko. Beraz, errotariaren lehendabiziko lana urak etxeratzea edota “errotaratzea” izaten omen zen. Nola? Lehenik eta behin, urak biltzeko ur saltoa eginez, batzuetan lurraren desnibel naturala bera ere horretarako aprobetxatuz. Ur saltoa eginda, errekako ura kanalizatzen zen, errotaren ur biltegira (antepara) ura bideratuz. Bildutako ur horrek eragindako indarrari esker, errotapean zeuden turtukiak mugitzen ziren, eurek zuten ardatzari esker errota-gainean zegoen goiko harria mugituz. Harri honek eragindako mugimenduari esker, tolbatik artoa, oloa edota garia jausten zen harrira, hemen, goiko eta azpiko harriei esker alea irin bihurtuz.

Gerra ostean hasi ziren errota mota hauek galtzen, orduan hasi zirelako han eta hemen irin lantegi industrialak zabaltzen. Eta gaur, makina bat errota galdu bada ere, hainbat herritako herritar kementsuei esker, mantendu izan dira, nahiz eta gehienen helburua turistikoa besterik ez izan.

Antzuolako errotak ere antzerako bilakaera izan dute, eta gaur egun Antiguako errota dugu martxan (erakustoki gisa) dagoen errota bakarra, eta Florentino Lamariano zain egoten da nor etorriko errotaren funtzionamendu osoa azaltzeko.

Hauek dira Antzuolan izandako errotak, auzoka:
 
ERROTAK  ANTZUOLAN
ERROTA
AUZOA
LEHEN DATA (*)
AZKEN
 DATA (*)
GOENAGA/GALARTZA
GALARTZA
1920
1980. hamarkada
IRIBAR/IGERIBAR
UZARRAGA
1736
1955
BIDAURRE
UZARRAGA
XVIII
1834
LAPATZA (ETXEZURI)
UZARRAGA
1573
1587?
ALTZARTE/ERROTABERRI
KALEBARREN
1587
1988 (1)
UGARTE/TXANBOLIN
LIZARRAGA
1528
1950. hamarkada
LAREBARREN
LIZARRAGA
1904
1958
BIZKALATZA/LASKURAIN
LIZARRAGA
1586
1936
AKIÑABAI/ABARO
LIZARRAGA
1927
1963 (2)
GALARDI/ANTIGUA
ANTIGUA
1592
2007 (3)
BASALDE
BASALDE
1919
1957
(*) Datak hurbilpenak dira
(1) 1988ko uholdeen ondoren konpondu bazen ere, gaur egun deseginda dago.
(2) Une honetan errota eraberrituta, Jose Mari Iturbek du jabetzan.
(3) Florentino Lamarianok berriztuta du errota, baita ikusgai ere.


Errotak eta argindarra

Goiz datorkigu herrira argindarra, 1893an hain zuzen, kontutan badugu 1878an sortutako asmakizuna dela. Are gehiago, jakin ondoren lehendabiziko argiztapen sistema publikoa Gipuzkoa mailan, Bergaran, 1891ean jarri zela, eta ondoren Tolosan 1892an. Urte hartatik aurrera (1893), bada, herriko kaleetako farolak ez ziren gehiago ez olioz ezta gasez ere piztuko, baizik lanparen bitartez egindako argia erabiliko zen, besteak beste herritarrak etxeko bidean ez galtzeko.
Antiguako Errota eta argindarra lortzeko polea-sistema

Baina ze teknika erabiliz sortzen zen garai hartan argia? Zein zen mekanismoa argia lortzeko? Errotak izan ziren lehendabiziko hornitzaileak, esekitako turbina eta sorgailuari (generador) esker. Horrela, 1951 eta 1962ko errolda industrialei esker, jakin badakigu, indarretxe eta errotak erabiliz, zeintzuk ziren argindarraren hornitzaileak:

1951
1962
HORNITZAILEA
KOKAPENA
HORNITZAILEA
KOKAPENA
Agirre eta Cia.
Basalde
Cruz Azkarate
Abajo
Isabel Arrasate
Ugarte-molino?
Balbino Bareño
Lizarraga
J.P. Azkarate
Abajo
J.M. Etxeberria
Lizarraga
Balbino Bareño
Lizarraga
J.F. Igarza
Ugarte-molino
Etxeberria eta Cia.
Larrebarren
Gregoria Jauregi
Abajo
Tomas Agirre
Antigua
Alejo Laskurain
Lizarraga
Laskurain eta Cia.
Lizarraga
Isidro Legorburu
Antigua
Gregoria Jauregi
Abajo
Luziano Lete
Abajo

Iturria: Errolda industriala, 1951-1962. Antzuolako Artxibo Historikoa

Zerrenda honetan ez da azaltzen Galartza auzorako argia ematen zuen Goenaga y Cia. Badakigu, dena den, 1928tik aurrera, eta 50.hamarkadaraino, auzoko baserriak (Galartza, Eguzkitza, Gorriz, Urruti, Ugarriagak,...) bertatik hartzen zutela argindarra. Ezta ere Burubikon egon zena (1912-15 bitartean sortua), eta inguruko baserriek aprobetxatu zutena.

Hornitzaileak ugariak zirenez, bezeroak ere desberdinak izan zitezkeen:

Larrebarren y Cia.koak, argindarra ematen zuen Bizkalatza, Akiñao, Aranguren, Iturbe, Zumaetagoiko... Sarasketa, Aitzaga,... baserrietara, edota baita Telleriaren lantokiko bonboak mugiarazteko ere.

Akiñibia/Abaro/Laskuraingo errotak, berriz, Azkarate, Elutze, Jauregi, Goenaga, Goitia, Laskurainandi, Lizarrituri eta Lamarianoak baserrietara eskaintzen zuen zerbitzua.

Antiguako errotak erel leku eta etxe ugarietara banatzen zuen bertan egindako argindarra. Adibidez, 1960an, egun bertako errotari den Florentibo Lamarianoren oroitzapenak jarraituz, Ertzila, Egurribai, Iriartegaiñekoa, Zupide, Altamira, Otamendi, Arreluzetxebarri, Iirmo, Eguzkitza... baserrietara, edota Antiguako tabernara ere saltzen zuten argindarra, nahiz eta sarritan arazoak izan horniketan; izan ere, lehenengo etxean zuten okindegirako hirina lortzea baitzen.

Basalde errotak, lehenik, Amilleta, Galardi eta Irastorza baserrietara eskaintzen bazuen ere argindarra, 1914-15 bitartean goiko indarretxea (“Electra-Basalde”) egin zenean, plazatik gorako etxeei eta Basalde auzoko baserriei, baina baita Pikunieta, Ursalto, Arrandari... edota Miso baserriei ere argindarra bidaltzeko gai zen, nahiz eta sarritan indar handirik gabe.
 Antiguako Errota eta argindarra lortzeko sistema. 
Florentino Lamariano

Esan gabe doa, baina kaleko argiteri publikorako, Udalak ateratzen zuen lehiaketara baldintza desberdinekin, eta esan beharra dago Etxeandi izeneko baserrian kokatuta zegoen “La Electrica Anzuolana. Viuda de Lete y Cia.” izaten zela hornitzaile handiena, nahiz eta urte batzuetan lehiaketa ez irabazi eta beste hornitzaile batzuk eskaini argi zerbitzua. Beheko auzoan kokatuta zegoen, eta errota ez izanik, propietatez zentral hidroelektriko bat bezala funtzionatzen zuen, eta horretarako argindarra sortzeko beharrezko azpiegitura zuen: ura desbideratzeko presa, kanal bat ura bideratzeko, makinak eta haien turbina, sorgailu eta kontrol mahaiak jartzeko lekua; eta, azkenik, energia elektrikoaz hornitzeko linea bat.

Honatx, gerra aurretik kaleko argiteriaz arduratu ziren hornitzaileak:

HORNIDURA-URTEA
HORNITZAILEA
1893-1916
Gregoria Jauregi (Leteren alarguna) (Etxeandi)
1916-1920
Agirre y Cia. (Antigua errota)
1920-1922
Gregoria Jauregi, Isidora Arbe eta Jose Galfarsoro
1930-1935
Florencio Lete eta Jauregi (Etxeandi)

Benetako arrakasta, dena den, industrializazioarekin, industriekin batera etorri zen. Eta egun desagertuta badago ere, orain Kalbarioko gurutzeak dauden inguru horretan kokatu zuen Olaran lantokiak indarretxe bat 1910eko hamarkadan, Mendibil ur biltegitik zetorren urari esker (eta turbinari eta sorgailuari ere bai) argindarra lortzen zuena.

Bigarren industrializazioarekin batera (1960), eta beste energien konpetentzia (petrolioa, zentral nuklear edo termikoak) eta hornitzaile boteretsuen erruz, mota honetako zentralak krisian sartu eta desagertzen hasi ziren.


Iturria: 

Moñux, Valen eta Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo (2007). Ura Antzuolan. Antzuola: Udala.




Errotapea

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada