2012/08/29

 


ANTZUOLAN ZEHAR IBILBIDEAK


IBILBIDEA, 1:UZARRAGA ETA GALARTZA AUZOETAN ZEHAR


Denbora: Hiru ordu
Kilometroak: 9
Zailtasuna: Erdi mailakoa.
Interesgunea: Uzarraga eta Galartza ezagutzeko bidea ematen digu ibilbide honek, bertan, besteak beste, Bergara aldean, baina Antzuolako udalerrian kokatuta dauden baserriak ikusteko aukera izango dugu. Esan, Galartza aldeko inguru hau "Txangala" bezala ere ezagutua dela.




















Ibilbidearen profila eta 
interesguneak



  • Antzuola. Beheko auzotik -Etxezuritik- hasten den Uzarragako bidea hartuko dugu (2 kilometro), Iruetxeta, Arizmendi eta Iturriotz baserriak pasatuz, Lausagarreta baserrira iritsi arte.

Lausagarreta baserria. Gainean Elutsa baserria egon zen ingurua.
  • Lausagarreta eta Elutsako karobiak. Lausagarreta baserriko etxe azpian aurkitzen da lehendabiziko karobia, hau da, karea egiteko labea.Elutsan dagoenarekin bat egiteko, Lausagarretatik Uzarragara zihoan bide zaharra jarraitu beharra dago zelaitik gora, izan ere gaur egoera tamalgarrian dago bidea.Biak egoera fisiko txarrean badaude ere, ondo ikus daitezke karobiaren zati desberdinak (ataka, gangak).
  • Uzarraga. Antzuolako lehen parrokia izandakoa, gaur egun egoera tamalgarrian dago, izan ere azpiko lur mugimenduen erruz jausteko zorian aurkitzen da.Une honetan Errukizko Amaren parrokian daude bertako erretaula eta gainontzeko elementu artistikoak, besteak beste Jeronimo de Larreak XVII. mendean egindako erretaula eta Urrutiko marfilezko gurutzea, berau ere XVII. mendekoa, Filipinetan egindakoa, eta Mexikotik Urrutiko seme batek bidalitakoa.
Uzarragatik Urruti aldera hartuko dugu bidea, eta gaina hartu orduko, ezkerraldean hasten den pista batetik iritsiko gara ia-ia desagertuta dagoen Santikutzera.
  • Santikutz (Santa Cruz ermita). Uzarraga gainean kokatu eta XVIII. mendean desagertu zena. Gaur egun bere ormak ikusteko aukera dago. Ohiturak diosku bertan lurparatzen omen zituztela Leintz bailarako gizaseme ospetsuak, Uzarragak ustez bere jatorri tenplarioaren babesean.
  • Sarralde. 1391ekoa da baserri honen lehen aipamena. Aspalditik hutsik dagoen baserria dugu. Barruan gordetzen du igeltsuz egindako armarria. Sabaian, berriz, garai bateko dolare habe ederra ikus daiteke, garai batean sagardoa egiten zenaren lekukoa. Oso ospetsua zen baserri hau zeuzkan sagastiengatik eta bertatik jasotzen zen sagarrarengatik.
    Sarralde baserria. 
    Fondoan, berriz, Amezti baserria
Sarraldetik, sutearen ondorioz eraldaketak izan dituen 
  • Bereterio baserria. 1391. urtekoa da baserri honen lehen aipamen historikoa. Suteak izan ditu baserri honek, aipagarriena 1941eko otsailaren 1ekoa, baserri erdia erre zen.Hortik dator oraingo egitura berezia.

  • Urruti. 1391ekoa da baserri honen lehen aipamena. Bizkaiko Zaindaria den Berriotxoako Balentinen amaren -Maria Monika de Ariztiren- jaiotetxea dugu berau (1797ko maiatzaren 4an jaioa, eta gazte Elorriora joan omen zen bizitzera). Baserriko oroigarriak azpimarratzen digu, baita ere: " ... madre del Beato Fr. Valentín de Berrio-Ochoa, Obispo de Tonkin, martirizado el 1º de noviembre de 1861".
Urruti baserria.

Hemendik,Bergarako udalerriaren mugarri diren baserrietara joateko, porlanezko bidea jarraitu besterik ez dugu Gorriz-Handi baserriraino.
  • Gorriz-Handi.  Ate-ondo edo ezkaratza polita dauka, zutabe eder eta guzti. Baserri gain aldean, Gorlara doan bidea jarraituz, Gorriz-Txiki, Elorriaga  eta Amezti baserriak ere ikus daitezke. Behe aldean, ostera, Galartza errekan, 1920an eraikita  baina orain jaustear dagoen Galartza errota.
  • Ugarriaga (Gainekoa eta Azpikoa)baserriak. Lehena XVI. mendean aipatua, eta bigarrena, berriz, XVII. mendean. Bergarako mugarriekin bat egindako baserriak dira (inguruan ikus daitezke mugarriak). Gainean, Antzuolakoa ere den Portu etxea. Baserrien inguruan abelazkuntza-kooperatiba dago.Ugarriaga Gaineko baserrian baita zurezko ate ederra ere.Azpian, berriz:
  • Eguzkitza baserria.1391ean ere aipatua. Bertan zegoen (dagoeneko desagertuta dagoelako)oso onak omen ziren urak: "aguas vitrioladas como las de Sara".Alegia, sulfatoz betetako urak.
  • Etxeberri-Soro baserria. 1652koa da bere lehen aipamena. Hutsik dago. Ugarriaga baserriaren azpian kokatzen da.
Baserri honetatik Galartza errekarantz jotzen dugu, bertan dagoen zubitxo bat zeharkatuz. Behera doan bidea hartzen dugu 1971ean desagertu zen "Los Vascongados" trenbideraino edo Galartza baserriraino. Hemendik hasten da gorantz Besagastira daraman antzinako bidea.


  • Besagasti baserria. 1391ean lehendabizi aipatua. Hutsik. Ez du zer ikusirik garai bateko baserriarekin (XVI. mendekoarekin). Gaur egun zaharberrituta dago, eta bere zurezko egitura ederra du ikusgai, bere garai bateko xarma adierazi nahian. Hemendik hasten den beste bidexka bat hartuz, gorantz ...
  • Mendiola baserria. 1629ko aipamena da lehena. Hutsik. Arbelez eginiko aurrealde arkoduna, antzinako egurrezko leihoak ere ikus daitezke bertan.
Santa ANA(XIII-XIV. mendekoa). Azpian, berriz, Santa Ageda ermita


  • Santa Ageda baseliza. Antzina batean San Lorenzori eskainita (Sallabente izena ere bertatik dator), herri arkitektura mailan interesgarria, batik bat bertan gordetzen zelako Santa Ana irudia, XIII-XIV. mendekoa jotzen zena. Otsailaren 5ean ospatzen da bere jaia, nahiz eta ospakizuna domekara pasatu. Bertan ogia eta haziak bedeinkatzen dira batez ere. Erretaulan ez dago bere Andramaria, egun Donostiako Elizbarrutiko Museoan dagoelako. Izan ere, 1984ean lapurtu eta berreskuratu ondoren, bertan gordetzen da. 
  • Untzarri baserria. 1391ean ere aipatutakoa. Hutsik. Baserriaren aurreko ohol-egitura interesgarria du.Hala ere sarri eroritako baserria. Erreta ere bai, 1955eko abenduaren 23an azkena.
Eta bertatik aurrera hasten den porlanezko bidea jarraituz (1968an egin zena), Uzarragako bidearekin topo egingo du. Hemendik Antzuolara kilometro bat pasatxo dugu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario