2012/08/31

ANTZUOLAN ZEHAR IBILBIDEAK: BASALDE AUZOAN ZEHAR


Denbora:2 ordu.
Kilometroak:7.
Zailtasunak: Erdi mailakoa.
Interesgunea: 
Natura, arkitektura artistikoa eta etnografia gune interesgarria (Aitzaga-Basaldeko hariztia, Amilletako indarretxea, San Blas baseliza ...). Hala ere, Abiadura Handiko Trenak eragindako obrengatik, hondatuta aurkitzen da ingurua gaur egun.
  • Antzuola: Ondarre auzoko iturritik, Manitxa-Mendigorritik, Irimo Goenara garamatzan bidexka hartuko dugu.
  • Aitzaga: Baserri hau eraberrituta badago ere, bere ateburuko  egitura, harlanduzko koloma eta guzti, Iriarte Azpikoaren antzera, XVII. mendean koka daiteke. Hala ere, lehen aipamen historikoa 1391ekoa da.
  • Kaxeta eta trenbidea: Lur jota dagoen Kaxetatik 1971eko otsailean desagertu zen "Los Vascongados" trenbidea hartzen da, Otamendi, Irimo eta Eguzkitza baserriak (hiruren lehen aipamen historikoak 1391ekoak dira) eskuma aldean lagaz.
  • Galardi: 1391eko lehen aipamen historikoarekin, 1851ean berraiki zen, fatxadan dagoen oroigarriak dioskun bezala. Hala ere, gaur egun, guztiz zaharberritu dute.
  • Amilleta: 1391ekoa da lehen aipamena, eta gaur duen egitura XVIII. mendekoa bada ere, etxe barruan XV-XVI. mendeko aztarnak badauzka. Ospetsua da "Amilletako Dotriña", XVII. mendearen erdi aldean Juan Bautista de Amilletak (1637-1700) euskaraz idatzirikoa.
  • Iñurrigarro Garaikoa: Iñurrigarrotarrak dagoeneko 1391ean azaltzen dira dokumentuetan. Garaikoak ematen du zaharrena, gero Iñurrigarro azpikoa egin zelako. Estalitako XVI. mendeko arku zorrotz bat ere ikus daiteke bere horman.
Iñurrigarroak: Garai eta Azpikoa. Behean, Amilletako indarretxea.
  • Amilletako indarretxea: XX: mendearen hasieran (1914-5) egindakoa. Promotoreak Amilleta, Galardi eta Iraustako senideak izan ziren, eta bertatik makina bat baserri nahiz kaleetara bidaltzen zuten argindarra, batik bat Herriko plazatik gorakoei. Gaur egun ez dago batere egoera onean.
  •  Madariaga: Garai bateko baserriaren aztarnak ikus daitezke. Ospetsua baserria, bertako leiho batean hildako baten aurpegia ikusten omen zelako.
Bueltatuz, Iñurrigarro Garaira, hemendik behera, ...
  • Iñurrigarro Azpikoa: XVII. menderako eraikita zegoen baserri hau, badirudi orain dagoen tokian baino beherago eraiki zela.
  • Basalde errota: Kanpoko aldea geratzen da bakarrik. Errotaren aztarna batzuk baldin badaude ere inguruan (batik bat gorako duen urtegia) dagoeneko desagertutzat ematen da 1919. urtean eraiki omen zen errota. Indarretxe bezala ere ezagutua, Basalde inguruko baserriek hemendik hartzen zuten argindarra, nahiz eta baita Ur salto baserrikak ere.
Gaur egun, trenaren obrak direla eta, guztiz desitxuratuta dago ingurua.  
  • San Blas baseliza: Olotz izeneko lur eremuan kokatuta dago eraikita batez ere eztarriko gaitzak sendatzen dituen zaindari honen ermita. Garai bateko zaindaria baina, Santa Engratzia omen zen, dokumentuetan Santa Engratzia de Olotz bezala ezagutzen baita. Otsailaren 3an ospatzen da San Blas eguna, eta egun oso polita izaten da. Izan ere, herriko okindegietan egiten da opil borobil berezia bertan bedeinkatzeko. Aldi berean, "U" tankerako koroa du barru aldean, duela urte batzuk berreskuratuta. XVI. mendekotzat jo daitezkeen leihatilak ere ikus daitezke.
  • Aitzaga-Basalde: 1391eko baserria dena, zutik irauteko orduak mugatuta dauzka, izan ere Abiadura Handiko Trenaren eraginez, bota behar dutelako. Gorago harizti eder bat.
Arreta handiz Zumarragara doan bidea zeharkatu, eta Olamendi baserria lagaz, autobus geltokitik gora hasten den porlanezko bidetik ...


Olamendi baserria eta San Blas. 1950. hamarkadako argazkia. 
  • Zorroztarrieta: Baserri honen aipamena 1876. urtekoa da. Bertako eraluntzak eta hartzen zen eztia estimatua zen.
  • Altzeta: 1876. urtekoa dugu bere lehen aipamena. Atalaia ederra Antzuola eta Basalde ingurua ikusteko.
  • Loieta:  1876. urtekoa da baserri honen lehen aipamena. 1904ean berreraiki zuten. Orain ere zaharberritze prozesuan dago. 
  • Hemendik behera, porlanezko bidea hartuz, Irainera, eta hemendik Antiguara bidean,Iriarte Gainekoa. XVIII. mendeko ateondo ikusgarria duen baserria: arkoduna eta armarriarekin batera erdi puntuko leiho bitxia (XVI. mendea). Ondo berezitzen dira medianila eta antzinako etxearen aztarnak. Bere lehen aipamena baina, 1500 urtekoa da.


  • Iriarte Azpikoa: Araban ikus daitezkeen antzerako baserria: ohol egitura bertikala, tartean adreilua jarrita, eta harlanduzko zutabe batez eutsirik. XVII. mendekoa da.
  • Kalbarixoko gurutzeak: Antigua ermitaren aurrean, XVIII. mendekoak dira.Erdiko gurutzea da interesgarriena. Ohiturak dioskunez, Antigua baselizako serora, beata edo zaindariarekin batera joaten omen ziren herriko etxekoandre asko euren umeei oinez ahalik eta azkarren ikas dezaten eskatzera, gurutzeari hiru buelta emanez eta, buelta bakoitzean, oilarrari pa emanez.
  • Antiguako baseliza: Errukizko Amaren parrokia egin aurretik parrokiatzat ere hartua. Bertan Andra Mari gotiko (XV. mendea) paregabea ikus daiteke. Erromesen edo bidaiarien zaindaria ere bada. Oraingo ermita 1940. hamarkadan berriztu zen.

Antiguako Andra Maria eta ermita 
  • Antiguako errota: Eraberrituta eta martxan dagoena, eta ikusgai Florentino Lamarianori esker.
Antiguatik Kalegoira, eta hemendik herriko plazara iritsiko gara.



No hay comentarios:

Publicar un comentario