2012/08/26


ERRUKIZKOA AMAREN PARROKIA 

500 URTEKO HERRI-ONDAREA

2007an ekin genion Antzuolako Errukizko Amaren parrokiaren zaharberritzeari. Ordutik hona lau urte pasatu dira, eta makina bat zeregin egon da prozesua iraun duen bitartean. Lehendabizi elizaren egiturazko zaharberritzeari hasiera eman zitzaion, eta teilatuko egitura konpontzeaz gain, kanpandorrea bera ere berriztu zen, erlojua eta tximistorratza ere jarriz. Bigarrenean, ostera, barruko lanak izan ziren garrantzitsuenak, eta argindarra, berogailua, aroztegia, korua, pintaketa, eta abar lanei aurre egin zitzaien.
Ordua da bada esateko obrak bukatu direla, nahiz eta hirugarren fasea, hornikuntza artistikoarekin bat datorrena, hurrengo baterako laga behar izan, izan ere guregan ere eragina izan du jasatzen ari garen krisialdi ekonomikoak. Obra mardul honek jende askoren konpromisoa eskatu du. Denak aipatzea ezinezkoa da. Baina badakigu hiru urte hauetan buruhauste dezente egon. direla. Dirua ailegatu ezinda, etxez etxeko eskaera egin beharra, obretako gremioak gestionatzea,… Makina bat zeregin lau urteetako martitzenetan konpontzen saiatu garenak. Aitortu beharra dugu teknologia berriak ere lagungarriak izan ditugula, eta obretan parte hartu izan dugun guztion korreo sareak ere astindu onak hartu izan dituela.
Obretako inaugurazioaren aitzakiarekin ere gure parrokiaren zaharberritzearekin loturiko informazioa eskaintzeaz gain, parrokia honen balio historiko eta artistikoa azalduz orri hau idaztea ere pentsatu dugu, eliztar eta herritar guztien gozamenerako.

Kupula gaineko floroia, 
XVIII. mendekoa

KALAGORRIKO ETA LA GALTZADAKO ELIZBARRUTIA

Kalagorriko eta La Galtzadako Elizbarrutiari zegokiola garai batean Erruzkizko Amaren parrokia esanez gero, agian bat baino gehiago harritu ere egin daiteke. Eta hala da, izan ere Gipuzkoako lurralde historikoari begiratuz gero, bertan dauden herriek elizbarruti ezberdinetan hartu zuten parte historian zehar. Hala, Erdi Aroaz geroztik eta Aro Modernoan zehar, hiru gotzain-barruti ezberdinetan multzokatuta zeuden: Baiona, Kalagorri eta Iruñea. XIX. mendeko bigarren erdialdean, berriz, gotzain-barruti berera bildu ziren eta, mende bat geroago, orain ezagutzen dugun Donostiako Elizbarruti bilakatu zen. 1862an, Gipuzkoako herri eta parrokia guztiak, Araba  eta Bizkaikoekin batera, Gasteizko Elizbarrutia izan zena osatzera pasatu ziren. 

Orduan sortu zen  Gasteizko Elizbarrutia, Pio IX.ak emandako In Celsissima buldaren bitartez (1861/IX/8). Hala, Gipuzkoa barneko parrokiak lau artziprestazgo talde ezberdinetan banaturik geratu ziren: Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa. Pio XII.ak emandako Quo Commodius buldak (1949/XI/2), Nuntzio Apostolikoak 1950eko uztailaren 1ean gauzatu zuen. Bulda hau bitarteko, banandu ziren nola Bizkaiko hala Gipuzkoako parrokiak Gasteizko Elizbarrutitik, eta hala sortu, alde batetik Bilboko Elizbarrutia eta, bestetik, Donostiakoa. Horrelaxe sortua da gure Elizbarrutia, bere baitan Gipuzkoa lurraldeko herri nahiz eskualde guztiak hartu zituela. Beraz, Errukizko Amaren parrokiaren jatorria Kalagorri eta Galtzadako Elizbarrutiarekin lotuta dago, eta bere egoitza Kalagorrin (Logroñon) zegoen.

PARROKIA BERRIA ERAIKITZEN

Aita Santua zen Clemente VIII. ak, Karlos V.aren enperadoreari 1523ko otsailaren 18an bidalitako bulda baten bitartez eman omen zuen Olalde inguruan, orain herriko plaza dagoen tokian, parrokia berri bat eraikitzeko baimena. Bulda horretan argi eta garbi adierazten da zergatik eraikitzen zen eliza eta parrokia berria; izan ere urte hartarako ugari ziren Olalden bizi zirenak (150 bizilagun), eta zaila nahiz neketsua, batez ere neguan, egiten zitzaien zahar, gaixo, ume eta haurdun zeuden emakumei (“a dos millas”) zegoen Uzarragara joatea elizkizunetara.
Beste parrokia berri bat eraikitzea ez zen gustukoa izan Uzarragako auzotarrentzat, horrekin pentsatzen zutelako eurena baztertuta geratuko zela, eta protesta ere egin zuten Kalagorri eta Galtzadako Elizbarrutian. Protesta honek fruitua eman zuen, eta elizbarrutiko tribunalaren onespenarekin, Antzuolak bi parrokia izango zituela erabaki zuen. Tribunalak ere, elizen gobernu onerako kapitulu edo betebehar batzuk eman zituen. Adibidez, parrokoa non biziko ote zen: “que more y resida por su avitación de dos años: el uno de continuo arriba, en la casa suia, pegante a San Juan, y el otro año en la población de Olalde”.
Ez zen arestian aipatutako kapitulua bakarra izango. Izan ere, herritarren egonezina-edo luza zitekeela ikusita, Kalagorriko Elizbarrutiak parte hartzea erabaki zuen, eta horri esker adostasuneko erabaki edota hitzarmen batera iristeko gai izan ziren Uzarraga eta Olaldeko gizasemeak. Adostutako hitzarmenak 20 kapitulu zeuzkan.
Beraz, Bergarako herriaren baimenarekin (ez dugu ahaztu behar Antzuolak ez zuela 1629ra arte bere herri izera lortuko), hitzarmen publikoa egin zen 1527ko azaroaren 29an Antzuolako herritarren artean. Eta zertarako guzti hau? “Porque no sean desmembrados… e por conservación e hermandad e paz perpetua”.

OÑATIKO KONTEAREN PATRONATUA

Beltran Ibañez de Guevara (1294-1333) izan zen 1305eko ekainaren 22an gure Uzarragako parrokiaren lehendabiziko patronoa. Esan, urtebete lehenago konfirmatzen dela historikoki jauntxo honen presentzia Gipuzkoan, Arrasaten hain zuzen ere. Urte hartan (1304) Arrasateko hiribilduaren aurka borrokan ikus daiteke, bertan zeuzkan bere lursailak defendatu nahian, Leniz aldeko basailuen laguntzarekin.
Jatorriz Arabakoa den leinu honek, nahiz eta Oñatin eta Lenizko hainbat jabegoretan ere bere domeinua ezaguna izan, Gipuzkoan zehar ere zabalduko zituen bere atzamarrak. Baina lehendabiziko urratsa 1305eko ekainaren 22an eman zuen, urte hartako erregea zen Fernando IV.arekin permuta bat eginez; alegia, Araban zeuzkan morroi batzuen ordez, Oxirondo (Bergara), Usarraga (Antzuola), Arriaran, Soreasu eta Zarauz patronatoak eskuratu zituen.
Oñatiko Konteak XIX. mendean ere bere “eskubide historikoak” defendatu zituen . Hala, 1869an ere, garai hartan Oñatikoa zen Carlos Luis de Guzman y la Cerdak, Montealegreko Markesak, zera esaten zuen: “como poseedor del Condado de Oñate y Patrón como tal se dice ser de las iglesias parroquiales… de San Juan Bautista de Uzarraga”. Gebaratarrek Uzarragako eta Errukizko Amaren hamarrenak, lehenak, fruituak eta beste errenta batzuekin batera, lurrak ere kudeatzen zituen, eta normalean errentan jartzen zituenak. Bertatik jasotako diru edota jakiak deskontatu behar izaten ziren, eta hauek, besteak beste, eliz patronatuetan zegoen apaizgoa mantentzeko erabiltzen zen.
1834an aldaketa nabarmena gertatu zen, izan ere, urte horretatik aurrera patroiak ez zituen hamarrenak jasoko.Hamarrena desagertuta, bada, herritarrak ere elizetako gastuak ordaintzeko zerga edo kontribuzio berezia sortu zen. Kontribuzio hau gauzatzeko komisioak antolatu ziren.

PARROKIA ERAIKITZEN: FASEAK

Eliza baten eraikuntza, dena den, ez da egun batetik bestera egiten denetakoa, obra mardula, erraldoia izanik, urte asko pasatu behar izaten dira bukatuta ikusteko. Beraz, harrituta ikusten ditugu eraikuntza eder bezain erraldoi hauek, eta irudimena lanean jarriz, aldamioetan zintzilikaturik garai bateko gremioetako harginak, arotzak,… lanean ikusten irudikatzen saiatzen gara. Eta obra luzeak izanik, nola ez, testuinguru soziohistoriko eta ekonomiko ezberdinak pasatu behar izaten zituzten herritarrek obrak guztiz bukatuta ikusi arte.
  • XVI. MENDEA.-
Ez dugu, baina, eliza konsagratu zenetik (1528) 1601era arte parrokiaren libururik, eta horrek, jakina, elizaren jatorria eta eraikuntzaren hasierako bilakaeraren diskurtsoa asko mugatzen du. Elizaren lehendabiziko egoitza, parrokia egiten zen bitartean edo, Olalden zegoen Madalena ospitala izan zen (gaur udaletxea dagoen tokian egon zena); izan ere 1528ko dokumentu batean aipamen batek zera diosku: “que la Madalena sea resumida en iglesia de la Piedad, según fue decretado del Obispo y proveido antes”.
Lehendabiziko zeregina, bada, eliza eraikiko zen lurra erostea izan zen. 1535ko urtarrilaren 20n idatzi eta onartu omen zen lurra erosteko hitzarmen eskutitza. Datuen arabera esan daiteke, gainera, 1540rako Antzuolako garai bateko eliza eta parrokia eraikita zegoela. Ondorengo dokumentuetan ”eliza zaharra” bezala azalduko da.

Parrokia eraiktzeko Clemente VIIa zen Aita Santuak emandako bulda (1523. urtea)

Martitzena zen 1558ko martxoaren 8a. Ez zen gainera nola nahiko eguna, herritarrek jai zutelako. Zergatik eta, “por la abocacion y memoria del dia de la fundacio della”. Egun hartan gainera, meza nagusiaren ostean, eliztarrak elkartuta ziren, zertarako eta: “pusimos en almoneda publica a candela encendida… del remate la obra y edificio de canteria que esta trazado e determinado hazer…”.
Beraz, abiatzeko datu interesgarri bat: 1558rako erabakita zegoen eliza berria egitea, eta horretan hasteko hargin lanak esleitzeko lehiaketa bat jarri zen martxan. Lehendabizi kruzeroa bukatu nahi zen, eta azken epea
1561eko irailaren 29rako, San Migel egunerako jarri zen. Ez dugu datu gehiagorik. 
  • XVII. MENDEA.-
XVII. mendearen hasieran esan Antzuolako eliza horren egora físikoa tamalgarria zela . Alegia, parrokia kontsakratu zenetik 100 urtera-edo jakinarazten zaigu eliza konponketa baten beharrean zegoela. Gotzaindegiak ere eman zuen lehen urratsa, eta 1635-36. urtean 200 erreal eman zizkion Juan de Laverderi, gotzaindegiko hargintzaren begiratzaileari hain zuzen: “ (para) ver y tantear la obra que se pretende hazer en la dicha iglesia y su planta... que le remitio desde Logroño”. Oniritziak jasota, eta Gotzaindegitik behatzailea aukeratuta, urte berean hargin maisua zen Juan Martinez de Aguirre hiru bat egunetan ibili zen lanean Antzuolan, alde batetik, eliza berria eraikiko zen orubea eta kokatuko zen ingurua neurtzen eta seinalatzen (“en medir la dicha iglesia... y el termino y sitio que es necesario para hazerla de nuevo”), horretarako hiru mugarri erabiliz; eta, bestetik, bere oinplanoa markatzen.
Parrokia zaharraren orubea, batez ere, berria egiteko aprobetxatuko zen ; beraz, ez zen toki berririk bilatu behar. Baina, eraiki nahi zena handiagoa zenez, inguruko lurra erostea pentsatu zen. Lurra, Galardi dorreko (oraingo Olaran jauregian kokatuta zegoena) Juan Beltran de Ozaeta jaunarena zen, eta bere semeen tutorea
zen Lorenza de Lizarriturrik ez zuen oztoporik jarri, lurra ordainduz gero, elizak behar zuen lurra saltzeko. Zilarrezko 64  erreal eta kobrezko 65 erreal ordaindu omen zituen elizak lur hauek erostearren.
XVII. mendearen erdi inguruan (1651) zera esaten zaigu dokumentuetan: “Y se entiende lo que al presente esta comenzado a obrar que es la cabecera, crucero y sacristía hasta igualar juntamente con las cornisas hasta donde se han de elegir los tejados”. 

XVII. mendearen bukaerarako, berriz, 1696rako zehazkiago, elizaren eraikitze batean hain garrantzitsua eta
ezinbestekoa den kruzeroa bukatutzat eman zen, “Jaungoikoari esker”. Horrela egoera, Gotzaindegiko bisitariak ere, eliza zaharretik eliza berrira Errukizko Amaren irudia (erretaula?), Santisimoa eta bataio pontea pasatzeko baimena eman zuen urte bereko (1696) abuztuaren 25erako (herriko jaiak). Herritarrei ere ezin aproposagoa iruditu zitzaien kruzeroaren bukaera ospatzeko zerbait antolatu behar zela. Eta hala egin zen, zezenketa bat antolatu zen. 
  • XVIII. MENDEA.-
Kruzeroa bukatuta (1696), eliza berriaren barrua ere janzten  hasi ziren: “Estos dos años (1703-1705) se han trabajado y obrado el cuerpo y nave y la basa del campanario hasta igualar con el tejado… pero falta dinero para cubrir la nave con tres bóvedas que faltan, las vidirieras de cuatro ventanas, el púlpito y escalera, mudándose el coro y las sepulturas… y hacer un campanario con armazón de madera para mudar las campanas que hoy se hallan en el corredor de las casas del hospital frente de dicha iglesia en el interior que duraban dichas obras…”.
Lanak lan, 1722rako bukatuta eman daitezke egiteko falta ziren gangak edo bobedak..
  • XIX. MENDEA.-
1866ko apirilaren 15eko udal erabaki batek zera diosku: Carlos Uriarte izendatzen dutela kanpandorrearen obra zuzendaria, eta aldi berean planoak, aurrekontuak eta baldintza berriak egin zitzala eskatuz. Honekin batera ere aditzen eman zitzaion, Lakiriolako harrobitik ekarri behar zuela harlandua.

KANPANDORREAREN DATARIK GARRANTZITSUENAK
DATAK
EZAUGARRIAK
1858
Mariano Jose Laskurain izan zen kanpandorre berriaren plano, baldintza eta
gastuen lehen egilea. Baina, obrak ez hartzearen ondoren...
1858-1866
Bergarako arkitektoa zen Carlos Uriartek hartzen du bere gain obra hau.
1866
Kanpandorrearen eraikuntza.
1952-01-18
Oinaztarriak jota, kanpandorrearen azken zatia erre zen.
1952-53
Oraingo kanpandorre berriaren (kanpai handietatik gorako) eraikuntza.

KORUKO AULKITERIA

Koruaren oinarria eginda, orain ikus daiteken aulkiteria egitea agindu zen ondoren. Horretarako, 1866ko urrian Elorrion bizi ziren “Esteban de Capelastegui” eta “Juan Domingo de Fuldain” gizasemeekin hitzartu zen obra hau: “bajo plano y presupuestos de Don Mariano José de Lascurain y Don Carlos de Uriarte, vecinos de la villa de Vergara, a 31-12-1864”. Obra guztia ordaintzeko 10.950 erreal aurreikusi zen, eta baldintza hauek izango zituen, besteak beste: “con tarima de roble o castaño… moldura o cornisa de nogal… 11 columnas de entre asientos de nogal… zócalos de castaño… puertas de guarnición de castaño… pilastras de nogal…”. Dena dela, aurreikusita baino merkeagoa irten zitzaien obra, izan ere azken eskaintza “7.000 reales de vellón” izan zelako. Obra egiteko epea 5 hilabete eta erdikoa izan zen .

PARROKIAKO ERRETAULA ZAHARRA

Orain arte Elizbarrutiko museoan egon den Errukizko Amaren erretaula XVI. mendekoa (1585-6) omen dugu. Dirudienez, Ermuako semea zen Martin Etxebarria eskulturgileak zera hitzartu zuen elizako maiordomoarekin, 1585eko apirilaren 28an: “Hacer un retablo y relicario de buen nogal, seco y limpio, dentro de dos años y medio; es a saber: el relicario y sotabanco del retablo con los cuatro evangelistas, con su arquitectura, para el día de Ntra. Sra. de la Piedad primero venidero de 1586, y los evangelistas sean de buen relieve de madera gruesa de nogal” .

Erretaula Donostiako Elizbarrutiko Museoan egon zen. Gaur egun, ostera, parrokian dago.


Azpimarratu behar da, erretaula nagusiaz hitz egiterakoan, ebanjelistei buruz ere hitz egiten zaigula (“con los quatro evangelistas”). Badirudi, erretaula osoa inguratuz, erretaula nagusitik kanpo kokatu zirela ebanjelistak (“sotobanco”). Gaur egun, lau ebanjelisten irudiak pulpituaren egituran ikus daitezke txertatuta, parrokian bertan.

ERRETAULA BERRIA

Baina nor zen Iraeta eta Ibarrako Frantzisko Inazio jauna? Garai hartan eta ondoren, beste herritar askori gertatu zitzaien bezala, Antzuolan tokirik edo bizibiderik ez-eta herritik kanpo lanera, bizitzera joan behar izan zuen “segundoi” -edo oinordekotzatik begiratuta bigarren mailako semea- izan zen Frantzisko Inazio.

 Iraeta-Ibarra Frantzisko Inazioren irudia, Mexikon.

Ibarra baserrian jaio zen 1732an. Bere gurasoak Gabriel Iraeta-Ibarra eta Maria Ana Azkarate izan ziren. Berandu jaio zen baina, maiorazko izateko, hori bere anaia nagusiari, Kristobali, zegokiolako. Beraz, etxean etorkizun kaxkarra zuelakoan, oso gazte, 12 urterekin, joan zen Mexikora. Hala ere, nahiz eta Mexikon lau urte egin, Filipinasera pasatuz, bertan, hamar bat urtetan ibiliz, dirua egin zuen. Ondoren, Mexikora itzuli eta bertako merkatal-gizon aberatsa zen Pedro de Ganuzaren alaba batekin (Maria Josefa de Ganuzarekin) ezkondu zen. Ezkontza horri esker merkatal gizon ospetsu bat izatera iritsi zen, inguruko merkatal gune bideak bereganatuz. Mexikoko udaletxean ere kargu oso garrantzitsuak izan zituen. Hala ere, ez zen herriarekin ahaztu.

Irabaziak partekatu nahi izan zituen herrian lagatako senideekin. Antzuolan bizi ziren senideak ere Mexikora joatera animatu zituen, eta joandakoei baita lagundu ere. Adibidez, Azkaraten jaio zen Gabrieli. Merkatal gizon trebea berau ere, La Habanan (Kuban) egon zen eta bere eskutan mundu guztiko azukrearen komertzioa izan zuen, eta horrezaz gain Kubako independentziaren alde ere borrokatu zuen.
  • Erretaula egiteko klausulak

Diseinuarekin hainbeste gorabehera izan ondoren, San Fernando Akademiak onartu zuen azken diseinua 1792ko maiatzaren 26an, “habiendose dispuesto el plano citado por un individuo de la Real Academia, muy acreditado”. Beraz, behin onartuta, obran arduratuko zirenekin hitzarmena egin beharra zegoen, eta berori (“escritura de asiento”) 1793ko maiatzaren 21ean egin zen. Obra egilea, Juan Agustin de Echevarria bazen ere, fiadore lanak Migel Jose de Oruesagasti eta Pedro de Lasa izan ziren. Obraren kostua 94.000 erreal izango zen, eta 1796ko maiatzarako bukatuta egon behar zen; hiru urtetan, beraz.

Eta zenbat kostatu zen erretaula egitea?  “Se halla ajustada la obra en cantidad de 94.000 reales de vellon,  los quales se les pagaran en los plazos siguientes: 25.000, a tiempo de otorgar la escritura de la obra; 25.000 por el mes de diciembre de este presente año de 1793; 25.000, al tiempo de principiar el cornisamiento; 10.000, al tiempo que se ha de trabajar las estatuas y escultura; 9.000, a la entrega de toda la obra”.




Erretaula berria, Iraeta eta Ibarrako Frantziskok eskainitakoa Antzuolako herriari


BESTE ERRETAULAK



San Bartolome Amaren aldarea                         Jesusen bihotzaren aldarea


      Errosario Amaren aldarea                         Andra Maria Bihotzaren Aldarea


BESTE ONDAREA: ZILARREZKO HORNIKUNTZAK / ETA IRUDIAK


Esaten da artearen historiaren jarduera deigarrienetakoa zilargintza dela. Eta Euskal Herrian nahiz eta gertaera hau aztertzeko dokumentu gutxi izan, baditugu eredu batzuk aipatu gabe ezin direnak geratu, besteak beste Antzuolako ereduak. Izan ere, Antzuolako parrokiak baditu hainbeste ezagutzen ez diren aberastasun batzuk, eta hauek eliz hornikuntzak izan daitezke. Hornikuntzen artean, hala ere, kopoiak dira nabarmenenak. Antzuolak badauzka bi kopoi ezin direnak aipatu gabe laga, une honetan Donostiako Elizbarrutiko museoan daudenak, eta biak XV. mendearen bukaerakoak, gotikoak beraz, jotzen direnak. Adituek ere goraipatzen dituzte Antzuolako zilarrezko bi kopoi hauek. Rosa Martin Vaqueroren iritziz, “las piezas de plata de este periodo, realizadas por nuestros plateros vitorianos son de extraordinaria calidad, comparables con las burgalesas… entre ellas tenemos la píxidecopón de Anzuola” .Arestian esan dugun bezala, bi kopoi dauzkagu. Bata, hankaduna, eta bestea gabekoa, eta hauek dira ezaugarriak, neurriak eta pisua (ezker aldean): 1. Hankadunak. Urrekoloreko zilarra eta berezkoa den zilarrezko kolorea ere duena. Esmalte argiak ere baditu. XV. Mendearen bukaerakoa jotzen da, eta Gasteizko zilargileak eginikoa omen da. 48 zentimetroko garaiaera du, azpiko oinarriaren zabalera 18,5 zentimetrokoa, eta pisua bi kilokoa, gutxi gorabehera. 2. Hanka gabekoa. Hau ere urre-koloreko zilarra eta berezkoa den zilarrezko kolorea. XV. Mendearen bukaerakoa, eta Gasteizko zilargileak ere eginikoa. 16 zentimetroko garaiera, 10 zentimetro bere oinarrian zabalera, eta 300 gramoko pisua, gutxi gorabehera.

Antzuolako Errukizko Amaren parrokian zeuden kopoiak, XVIII. gizaldikoak.












 
Donostiako Elizbarrutiko Museoan ere dago zilarrezko kopoi gotikoa, XV. mendekoa.














 LABURTUZ ...


PARROKIAREN HISTORIA LABURRA
DATA
LANAK
1523
Aita Santua zen Clemente VII.ak, Karlos V.aren enperadoreari 1523ko otsailaren 18an bidalitako bulda baten bitartez eman omen zuen Olalde inguruan, orain herriko plaza dagoen tokian, parrokia berri bat eraikitzeko baimena. Eliza egin aurretik, Magdalena ospitala izan zen parrokia.
1535
1535ko urtarrilaren 20n idatzi eta onartu omen zen lurra erosteko hitzarmen eskutitza, bertan lehen parrokia eraikitzeko.
1540
Antzuolako lehen eliza eta parrokia eraikita
1558
Eliza sendotu nahian: “Pusimos en almoneda publica a candela encendida… del remate la obra y edificio de canteria que esta trazado e determinado hazer…”
1635-6
Eliza berria eraikitzeko, lehendabiziko urratsak: “… medir la iglesia… y el termino y sitio que es necesa-rio para hazerlo de nuevo”.
1651
“Comenzado a obrar… la cabecera, cruzero y sacristia”.
1686
Elizaren hargintza-lanaren bukaera.
1696
Gurutzadura edo kruzeroa bukatuta.
1700-1705
Gangak edo bobedak eraikitzen.
1703-1705
“Trabajado y obrado el cuerpo y nave, y la basa del campanario hasta igualar con el tejado”.
1722
Gangak bukatuta
1728-29
“Suelo de la iglesia de ladrillo”.
1890-91
Egurrezko erlaitza (kornisa) eta burdinazko baranda.
1850
Gaurko korua berreraikitzen.
1854
Gaurko korua berreraikitzen.
1866
Koruko aulkiteria (silleria).  Kanpandorre berria eraikitzen.
1952-3
Oneztarriak jota, kanpandorre berria eraikitzen
2007-2011
Parrokiaren zaharberritze integrala.



No hay comentarios:

Publicar un comentario