2012/08/28

ANTZUOLAKO BASERRIKO EGUTEGIA HILABETEKA



Urtea zatitzeko orduan, jarduera desberdinen arabera zatitzen dugu bera. Horrela, urte eskolarraz hitz egiten dugunean, irailean hasi eta ekaina arte doan egutegia dela badakigu. Are gehiago, urte naturalaz dihardugunean, urtarriletik abendura doana dela jakin badakigu. Bi egutegi-adibide hauek dira, agian, gehienontzat, gertukoenak eta ezagunenak.

Hala ere, arestian aipatutako egutegiek, antzerako ezaugarriren bat baldin badute, hori da gizakiok “antolatutako” egutegiak direla; egutegi artifizialak direla, alegia. Eta hau horrela bada, zeintzuk dira naturalak? Naturak berak markatzen ditu ekosistema desberdinen arabera, egutegi propioak, eta horren arabera mugitzen dira gizakiok. Baserrira hurbildu besterik ez dago konturatzeko bertako lanak ez duela arestian esandako urte naturalarekin zer ikusirik, baizik eta inguruenak berak jarritako zikloen arabera egindako egutegi bat (urtaroetan banatuta) jarraitu behar izaten duela baserritarrak.

Kristautasunak ziklo natural hauek bere gain hartzen hasi zenean, zaindari baten izena jartzen hasi zen bakoitzari. Beraz, normala da, bada, garai zehatz eta sinbolikoetan ez dakigu zein zaindariri gauzak eskaintzea eta eskatzea, gure antzinako arbasoek, kristautasuna etorri aurretik, beste norbaiti egiten zioten bezala.


Antzuola, 1915. urtean.Gari zailak ikus daitezke

Hala ere, denbora oso azkar doan garai honetan, gero eta baserritar gutxiago bizi da baserritik, eta egutegi berezi hau desagertzear dago.

Baina noiz hasten zen, bada, nekazal-egutegi hori? Denboraz aspalditik, garia bera etxeratzen hasi zen unetik. Garai hartan, eta duela gutxi arte, nahi eta nahiezeko jatordua lortzeko izango zen hazia ereiteko unearekin, hasten zen egutegi hori.

Sinbolikoki, kristautasunari begira, Santa Katalina eguna (azaroak 25) jo izan da gari-hazia ereiteko eguna. Beraz, bertatik hasten da baserriko egutegi hau, eta, gu ere, hutsetik hastera goaz, garai bakoitzeko ezaugarririk nagusienak aipatzen joango gara.

  • AZAROAK (Azaroak 25. Santa Katalina)

Gure esanetan azaroari *“zemendixa” esaten zitzaion.
Esan bezala baserrian urtea Santa Katalina egunean edo garaian hasten zen, garia ereiteko unean, eta horrekin lotuta badago esaera bat zera esaten zuena Antzuolan:

“Santa Katalina astia
garia ereitteko astia”.

Aldez aurretik, nola ez, garia ereiteko lurra prestatu beharra egoten zen:

“Garia, artoa aurretik izandako tokian sartzen zenez, prestatu beharra egoten zen. Lehenik eta behin, artarra erabiltzen zen belarrak kentzeko. Lehen lana, beraz, lurra garbitzea izaten zen. Ondoren, lurra landu beharra egoten zen, eta horretarako garai batean laia erabiltzen bazen ere, goldamuturraz eta goldenabarraz egiten zen lan berori. Beraz, *“sotaskia” alde batean gelditzen zen golda pasatzerakoan. Hau egin eta gero, eta lurra berdintzeko, larra eta trailua pasatzen zen.Belarra moztu beharrik ere ez zegoen, goldeak berak *“sopizarra” izaten zuelako; hau da, goldatzen zihoanean belarra mozteko aparailua.Behin lurra prestatuta, garia ongi ereiteko, *“asatsa” erabiltzen zen; hau da, gida bat garia non sartzeko eta baba hazia non sartzeko ere. Orduan gariarekin batera, baina denboraz beranduago, baba ereiten zelako. Andre gizonak *“hazikotzaria” hartuta, bada, garia ereitera joaten ziren, zabal-zabal soroan sakabanatuta.Garia ereindakoan jaitxo bat ere egiten zen: *“galapari” izenekoa; hau da, familiakoek eta laguntzaileek egiten zuten afariari esaten zitzaiona”.

Garotara joateko, mozteko, batzeko eta etxeratzeko ere garaia izaten zen. Artoa kenduta, batu eta zuritzeko garaia ere izaten zen.

Berakatza atalak ere sartzen ziren, punta gora begira. San Pedro egunean –garia biltzen hasi aurretik- jasotzen zen berakatza.

  • ABENDUA

Ardiak menditik jaisten zirenez, aurretik heziak edo *histurak errepasatu eta itxi egiten ziren.

“Egurretia” egiteko garai ere izaten zen, menditik ekarri, moztu eta kalean saltzeko.

Satsa eragin, besteak beste San Jose egunean gariari botatzeko ere egiten zen. Hau oso lan nekagarria izaten zen.

  • URTARRILA

Lan urriena, arinena hilabete honetan izaten zen baserrian.

Hesiak itxi, konpondu ere egiten zen.

Ardiak etxean egoten zirenez zaindu egin behar izaten ziren.

Etxe inguruko, zelai eta mendietako zikinak kenduz, garbiketak egiten ziren.

Su egurra ere ekarri behar izaten zen menditik: moztuz, batuz eta etxean lakatzak moztuz, ondoren kalera eramateko: 

“Plazako baskulan pisatu ondoren saldu egiten zen. Garai batean, kaleko etxe guztiek beheko sua zeukatenez, egurra beharrezkoa izaten zen; ez zegoen ikatza erabiltzeko ekonomikarik. Bazterretxe izan ei zen Antzuolan –1930. inguruan- lehen sukalde ekonomika jarri zuena, eta horrela ikatza erabiltzen hasi ziren kaleko etxeetan”.

  • OTSAILA

Garia ordurako ernalduta, berdetuta, egoten zenez, area hartu eta idiarekin “aretu” edo jiratu, lurra biguntzeko, egiten zen.

Baita gariari botatzeko sahatsa zehetu ere. Hau hil beheran egin beharra egoten zen, bestela sahatsa hondatu egiten zen.

San Blas (otsailak 3) inguruan ere bildotsak etortzen hasten zirenez, erne ibili beharra egoten zen.

 

Elutsa baserria, gaur desagertuta, Uzarragan

  • MARTXOA

San Jose inguruan (martxoak 19) sahatsa botatzen zitzaion gariari.

Menditik otarra ekartzen zen artoari, ongarri bezala, sahatsarekin nahasturik, botatzeko. Menditik moztuta, *leran eta gurdian ekartzen zen.

Patataren lurra prestatu, eta patata soroan edo ortuan sartzen zen:

Antzina ez zen jango, baina guk bai. Derrigorrak ekarri du patata jatea. Lehen baserritarren janaria gaztaina eta erremolatxa zela esaten zuten; gero derrigorrak artoa eta patata jatera eraman gintuen. Animaliek aurretik jaten zituztenak (txerriak, behiak eta jaten zituztenak), gero pertsonak jaten hasi gara.. Dena dela, garia eta artoa ere izan dira guretzat janari oso inportanteak”.

Egurretan ere egin behar izaten zen.

Etxeko animaliak zaindu ere: oraindik barruan zeuden behiak eta kanpoan, baserri inguruan, menditik jaitsita, zeuden ardiak.

  • APIRILA

Lurra ez galtzeko, zaindu behar izaten zen:

“Arbia kentzen zenean eta bera landatutako lurra behera jaitsita egoten zenez, lurra jaso beharra egoten zen. Horretarako auzokoei deitu, eta auzo lagunean, denok ilaran jarri eta zakuetan lurra sartuta bata besteari emanez, lurra jaso egiten zen soro gainera. Langintza hori egiteko, lurra sikua egon behar zen”.

Ondoren, prestatu lurra artoa sartzeko. San Prudentzio egunetik (apirilak 28) sartzen zen artoa. Langintza honekin ere badago esaera bat, zera esaten duena:


       “San Jurgi (apirilak 23) artoa ereitteko goizegi”.
       “San Markos (apirilak 25) artoa ereindda baleoz”.

 

Aste Santuak, 1915. urte inguruan

  • MAIATZA

Maiatza izaten zen, hala ere, artoa sartu edo ereiteko garaia; baina baita:

1.     baba sartzeko –aldiko hiru ale zulo bakoitzean-,
2.     eta erremolatxa,
3.     eta “alpajia” edo “forrajia” ere.

Garia ahalik eta gehien jorratzeko unea ere izaten zen.

Letxuga eta tomatea ere sartzen zen:

“Letxuga jaten zen gero, udan, baina gatz barik, azukrearekin jaten zen, eta oso ona egoten zen, nahiz eta inguruan euli pila bat egon azukrearen inguruan.  Ozpina eta olioa ere egiten zitzaion. Tomatea ez zen orain bezala entsaladan jaten, baizik eta zartagin gainean pure bezala egin eta jaten zen!”.

Ardiak mendira jasotzeko garaia ere izaten zen, baina eguraldiaren arabera izaten zen.

Neguan barruan egonda, etxeko animaliak kanpora ateratzeko garaia hasten zen; sartu irtena egiten zen: “- Konturatu behar gara lehen orain baino zelai gutxiago zeudela; denak soroak zirela, hau da, landutako lurrak; beraz, behiek-eta ez zeukaten sail handirik ibiltzeko, orain bezala”.

Orduan hasten zen, baita ere, belar-ontza.

Konjuruak egiteko garaia ere bazen:

Udaberrian abadeak ibiltzen ziren auzoz-auzo, baserriz-baserri, etxeko lurrak eta animaliak bedeinkatzen. Akolitoak edo sakristauak etortzen ziren abadeekin baserrietara eskuan otar bat zeukatela. Sotanaren gainean abadeak tunika zuri bat zuela, otoitz liburua ateratzen zuen eta soroei begira otoitzaldia egiten zuen, latinez. Guk entzun. Aldi berean, etxean Pazkotatik gordeta geneukan ur bedeinkatua baso baten ekarri, sartu bertan Erramu egunean ere bedeinkatutako erramu lakatz bat, eta laboreak gure Jaungoikoak gordetzeko esanez gaitz, haize, hodei eta besteengatik, abadeak bazter guztiak bedeinkatzen zituen. Langintza honen ordez, baserritarrak dozena bat arrautza-edo ematen zion apaizari, akolitoak edo sakristauak hartu eta otarrean sartzen zituenak.  Kargatuta joaten ziren, beraz, kalera! Honekin lotuta badago esaera zahar bat esaten zuena: - Badator belia arrautzetara!”.

  • EKAINA

Artoa eta garia jorratu beharra ere egoten zen.

San Juan eta San Pedro egunean belarra moztu, sikatu,  eta barrura erretiratzen zen; beste batzuk, berriz, kanpoan lagatzen zituzten *belar-metak edo *belar-suhatzak eginez. Gariarekin ere antzerako gauza egiten zen.

Ardiei ilea mozteko garaia ere izaten zen. Artilea herrira etortzen ziren traperoei saltzen zitzaien.
  
San Martzialak, 1960. inguruan
  • UZTAILA

San Fermin eguna garia biltzeko garaia (ebaki, batu, jo...) iritsi zela adierazten zuen.

Belarra mozteko unea ere bai.

Beste hainbeste artoa jorratu eta *“miazteko” edo entresakatzeko ere, bestela elkar jaten zirelako.

Kipulak jasotzeko eguna ere izaten zen.

 

Lausagarreta baserria. Atzean Uzarraga

  • ABUZTUA

Sarritan abuztua garia jotzeko eta batzeko garaia ere izaten zen. Garia mozten zenetik jaso arte hamabosten bat egun metatuta egoten zen soroan.

Garia kendu ondoren, bera egondako soroa arbia sartzeko prestatzen zen, eta komeni izaten zen abuztuaren erdirako (12-13-14 egunerako), San Lorentzo edo Andre Mari egunerako, ereinda egotea. Honekin lotuta badago esaera zahar bat esaten zuena:

“San Lorenzo esku baten sua eta bestean ura”.

Arbia sartzeko eguna, gainera, zaindu behar izaten zen:
“- Arbia oso delikatua da, eta bere unean sartu behar izaten da. Berandu bazen gari jotzeari laga, lurra berriro goldatu, area pasatu, satsa bota eta arbia sartzen hasten ginen”.

Herriko jaiak ere izaten ziren, baina ordurako baserri lanak bukatuta egoten ziren: garia jasota eta arbia ereinda. “- Herriko jaiak abuztuan egitearen arrazoi nagusia hauxe zen: ordurako baserriko lan inportanteenak bukatuta egoten zirela. Esaten zutenez, antzina, maiatzean jartzea ere pentsatu ziren herriko jaiak, baina oraindik baserritarrak lan asko egiteko garaia izaten zenez, abuztura pasatzera erabaki ziren”.

Mendiko belarra jasotzeko egunak ere izaten ziren.

San Bartolome egunerako ere aharia etxeratu egiten zen, ordurako *“arkera” hasita zegoelako. Komeni zen etxera ekartzea bestela aharia edozein artaldetan sartzen zelako.

Ikazkinak ikatza egiten ere hasten ziren, eta horretarako neguan moztutako egurrak erabiltzen zituzten:
  
"Herrian ugari egiten zen ikatza. Askok Bergarako Altos Hornosen saltzeko, baina baita errementerietarako eta etxeetarako ere. Etxean plantxetarako eta hornilloetarako erabiltzen zen ikatza; kerik ateratzen ez zuen ikatza zelako. Pagoa, haritza eta gaztaina izaten zen egurrik erabiliena ikatza egiteko: gaztainaz egindako ikatza errementarikoak-eta zeramaten; oso preziatuta izaten zen; motela izaten zen eta egur-ikatza ez zen alferrik galtzen; berehala emendatzen zen, ez pagoa eta haritzaren bezala, betirako sua izaten zutena!”.

 
Lana eta aisialdia. Herriko antzerkilariak
  • IRAILA
Arbi jorra izaten zen; oso luzea eta neketsua; “- *“bakandu” ere egin behar izaten zen-eta!”.

Babagorria eta artoa irailaren erditik jaso egiten zen. Ondoren artazuriketa etortzen zen, baba kendu edo aletu... eta arto-ganbaran jartzen ziren artaburuak, babarekin batera ongi sikatzeko.

Artoa oso janari garrantzitsua izan da baserrian:

“Artoa jatordu ederra izaten zen denontzat: behiak, oiloak... ere jaten zutena. Etxekoentzat ongi eralgitako arto-irinarekin, labean sartuta, arto ogi ederra egiten zen; besteak beste, goizean esnearekin hartzeko edota baita *taloak egiteko ere”.

Abuztuan ez bakarrik, irailean ere ikatza egiteko garaia izaten zen.

  • URRIA
Udazkenera begira, baserriko lanak gogortu egiten ziren:

 “Baserrirako hilerik gogorrenetakoa. Garia biltzeko unea gogorra izaten bazen ere, baina orduan eguna luzea izaten zen, orain, udazkena izanda, eta eguna moztuta, lan asko egiten zen baserrian: garoa moztu, bildu, jaso eta ekarri behar izaten zen, eta horretarako hiruzpalau pertsona behar izaten ziren mendira joateko. Andreek, berriz, bazkaria eraman behar izaten zuten. Etxean ere ez zen lan faltarik izaten, animaliak zaindu behar...”.

Gaztainak batzeko garaia ere izaten zena, baina baita artoa eta babarena ere.

Arrosario Santua errezatuz, arto zuriketa ere egiten zen: “- Artaburua otarrera eta lastoa ganadura”, esanez.

Aharia etxetik mendira eramaten zen ardiak-eta ernaltzeko, eta ondoren etxera ekartzen zen, bestela edozein artaldera joaten zelako.

Etxe zuriketa ere egiten zen: sukaldea, gelak, zalditegia... zuritzen ziren, baina horretarako ez zegoen egun berezirik:

“Eguraldi onak aprobetxatzen ziren. Zuriketa kare biziarekin egiten zen, arropak garbitzeko añil pixka bat botaz, honek zuritasun gehiago ematen ziolako. Bi emanaldi ematen ziren. Zalditegian egiten zenean, animaliak kanpora ateratzen ziren. Dena zuritzen zenean hura izaten zen aldaketa!”.



Informazio gehiago:  

http://www.ahotsak.com/antzuola/pasarteak/ant-045-003/ 
Iturriak: 

Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo (2003). Antzuolako ohitura zaharrak. Antzuolako Udala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario