2012/09/03

ANTZUOLAN ZEHAR IBILBIDEAK


IBILBIDEA, 3: IRIMO-GOENA AUZOAN ZEHAR



Denbora: Lau ordu.
Kilometroak: 15
Zailtasunak: Goi mailakoa
Interesgunea: Auzo honen paisaia ederra izateaz gain, ibilbide honek Urola aldean (Aizpurutxo) Antzuolak dauzkan baserriak eta inguruneak ikusteko aukera ematen digu.

 
  • Antzuola. Antigua auzotik hasita, eta asfaltatutako kilometro batean...
  • Ibarra baserria. Eraberritutako baserria -egun nekazal turismora zuzendua-, bere lehendabiziko aipamen historikoa 1391ekoa da. Esan dezagun ere XVIII. mendean Mexikon bizi zen Frantzisko Iraeta eta Ibarra merkatal-gizon ospetsuaren oinetxea ere badela.
 
Ibarra baserria, eta gorako Irala-Torre


  • Irala-Torre. Bere lehen aipamena 1391ekoa da. Hala ere, guztiz aldatuta iritsi zaigu baserria. Bere garaian Gipuzkoak zuen Pizkundeko jauregi-baserri ederrenetakoa zen, 1934ean orain ikusten dugun bezala jarri arte. Ikusgarriena ere omen zen bere armarria, gaur Algortan dagoena, Mª de Irala eta Martinez de Villar (Marquesa del Real Socorro) jauregian. Hementxe koka daiteke ere "Rio de la Plata" sortu zuen Martinez de Iralaren giza-semearen jatorria.
 
  • Irala baserria. Goiko Irala ("Suso") 1501eko paperetan azaltzen da. Egun eraberrituta (1960. hamarkadan), hutsik dago. Hemendik gora, porlanezko bidearekin topo egingo dugu, lau kilometrotan Trekutzera garamatzana. Bidean ...
Irala Torre. Pizkunde garaiko eraikuntza zenean.
 

  • Kaxeta eta trenbidea. Bertatik pasatzen zen "Los Vascongados" trenbidea 1974ean itxi zen arte. Trenbidearen kaxeta ere lur jota ikus daiteke. Trenbidea jarraituz gero, Basalde auzora ere joan gaitezke, eta bat egin Irala-Etxeberri baserriarekin. Gora jarraituz, porlanezko bidetik ...
  • Kaxetako iturria. Burdin ura duena.
  • Irala-Etxeberri baserria. Ezkutatuta ia. 1876koa dugu bere lehendabiziko aipamena. Egun erorita dago.
  • Arrelus-Txiki baserria. XVII. mendekoa dugu lehen aipamena. 1994ean zaharberritua, baserri honen berreraiketa nagusia 1855ean gertatu omen zen, baserri aurreko fatxadan dagoen inskripzioak dion bezala. Gaur egun ere, bertako etxekoandreak etxeko labean ogia egiten jarraitzen du.
  • Arrelus Handi eta Etxeberri baserriak. Eskuma aldean geratzen diren baserriak dira, baina historia handikoak. Handia, 1391eko aipamenetan azaltzen da. Etxeberri, berriz, 1767an.
  • Igeribar baserria.Antzuolan beste Igeribar baserria dago (Uzarraga auzoan), beraz ezin esan berau zaharrena denik. Hala ere, Igeribar baserri baten aipamena dagoeneko 1391ekoa da.  Oraigo baserriaren egoera badirudi 1806an egindako obra baten ondorioa dela.
  • Sarasketa baserria. XV. mendekoa da bere lehen aipamena (1499). Baserri honen berezitasuna etxe ostean dagoen arkodun ateondoa da, XV. mendekoa jo daitekeena.
  • Goiko-Etxe baserria. Dagoeneko lur jota, bertan txabola bat ikus daiteke. 1876an dugu baserri honen lehen aipamena.
  • Trekutz (Meaka) atseden lekua. Bertan, Gaztelugain izeneko elkartean, historiaurrera garamatzan tumulua, hilobia, ikus daiteke.
Trekutz atseden lekua
 
Hemendik, beheko pista bat hartuz ...
  • Baztarriñak (Goikoa, Erdikoa eta Azpikoa) baserriak. XVI. mendeko erdi aldean azaltzen da lehen aipamena. Goikoan, itzelezko sutea egon zen 1779ko azaroaren 29an, eta bi hildako. Erdiko baserri lur jota dago, desagertuta. Azpikoa, edo berrenekoa, 1720rako aipatzen da.
  • Ursalto baserria.1876ko da bere aipamen  zaharrena. Dagoeneko Aizpurutxora gehiago begira dagoen baserria da, eta Ondamendi baserriarekin batera herrigunetik urrutien aurkitzen direnak.
  • Ondamendi baserria.Garai batean Urola bezala ere ezagutua, lehen aipamena 1659koa da. Herriko baserria izan zen hasiera batean.Alegia, herriko udalak eraikitakoa.
  • Pikunieta baserria.Zeharo eraberrituta, 1960. hamarkadaren bukaeran erre egin zen. Bertan taberna egon zen eta oso ospetsua zen San Esteban eguneko bertako erromeria. 
Gora bidea jarraituz ...



Pikunieta/Pikunitxa baserria
 
  • Korrostarratzu atseden lekura.Hemendik Gorlara igo eta aukera desberdinak dauzkagu herrira jaisteko. Gorlara doan bidea hartuz, beregala datorren bidegurutzetik Uzarragara joan gaitezke pista jarraituz.Hemendik Antzuolara kilometro bat, Lausagarreta, Iturriotz eta Etxezuri baserriak ikusiz
 



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada