2012/10/27

BIDAURRE BASERRIA

Interes kultural mota: Inbentariatua
Ebazpena: 2008-10-02
BOPV (31-10-2008).

Interes kultural mota: Ustezko Interes Arkeologikoa
Ebazpena: 1997-10-14
Tipo A.

Azalpena:

Lau isuriko teilatua, oinplano ia karratua, familia bakarrekoa. Deskarga errekaren arroaren gaineko muino batean. Beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupea du. Oinplanoak 22,00 x 21,00 metro ditu. Erantsitako bi gorputz dauzka. Baserriaren itxitura-horma guztiak harlangaitz agerikoz eginak dira. Izkinetan, aldiz, hareharrizko harlandu kateak ditu. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, harlanduz inguratutako hiru bao daude. Oinetxeko ezkutua jarriz, aipatu baoetan erdikoa estali egin zen. Aipatu fatxadan, teilatupean, aireztatzeko hiru leiho-zulo daude. Leiho-zulook harlanduzko markoak dituzte, eta lehenengo solairuko hutsarteek osatutako ardatz bertikaletan daude. Beheko solairuan, fatxadaren eskuinaldean, lehenengo solairuko hutsarteek zedarriztatutako ardatzen gainean, jatorrizko bi zulo daude, egun itsuturik. Hego-mendebaldeko fatxadaren lehenengo solairuan, jatorrizko hiru leiho-zulo daude. Teilatupean, beheko solairuaren jatorrizko hiru zuloek zehaztutako ardatzen gainean, mintzagai dugun fatxadak harlanduz inguratutako beste hiru zulo ditu. Aipatu zuloen egitekoa teilatupea aireztatzea da. Beheko solairuan, arestian aipatutako ardatzen gainean, ate nagusia dago. Ateak harlanduzko markoa du eta harrizko sarbide goratua dauka. Bertara igotzeko, halaber, sei koskadun harrizko eskailera dago. Ateaz gain, solairu horretan leiho bat ere badago. Biak ala biak eraikina egin zirenekoak dira. Aurrerago, leihoentzako bi bao egin ziren mintzagai dugun fatxadaren bi ertzetan. Hego-mendebaldeko fatxadan, ikus daitekeen moduan, berriki eraikitako bolumena dago luzetara. Aipatu bolumen berria bolumen nagusiari atxiki dago. Beheko solairuan, lehenengo solairuan eta teilatupeko horma pikoan leiho bana du. Hego-ekialdeko fatxadan baserrirako sarbide nagusia dago. fatxada osoa luzetarako eranskina da, berriki eraiki izan dena. Txertatutako bolumen horrek eraikinaren jatorrizko beste bloke baten lekua hartu du. Bertan dago, hain zuzen, baserriaren egungo etxebizitza. Gorputz horren beheko solairuan, bost bao daude simetrikoki jarrita. Bao horietako bi etxean sartzeko ate handiak dira; gainontzekoak, aldiz, modu erregularrean sakabanatutako leihoak. Eraikin atxikiak leihoetarako bost bao ditu lehenengo solairuan. Horma, aldiz, zarpiatuta eta margotuta dago. Baoak tarte erregularretan jarrita daude eta harrizko plakez estalitako markoak dituzte. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren atzeko aldean, harlanduzko markoa duten bi leiho-bao daude. Solairu horretara sartzeko, halaber, ate handia dago. Atera heltzeko, zubi bat dago lurretik fatxadara. Teilatupean, azkenik, aireztatzeko hiru bao daude tarte erregularretan sakabanaturik. Bao horiek lehenengo solairuko baoek osatutako ardatzen gainean daude. Beheko solairuan, aireztatzeko kuku-leihoren bat du fatxadak. Horiez gain, badira hiru bao irregular eta burudun ere, beheko solairurako sarbidea artean. Eraikiaren barruko egiturari dagokionean, zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste hiru daude. Zutabeak pieza bakarrekoak dira, 55x50 zentimetroko sekziotakoak. Aipatu habeak harrizko plintoen gainean bermaturik daude, eta 30x30 zentimetrora arteko sekzioko nahiz 13 metro luzeko habeei loturik daude. Aipatu elementuak lotzeko, aho-zirikako eta miru-buztana mihiztadurak baliatu dira, baita beso indargarria ere. Egitura horren gainean, lau isurkiko teilatua datza.
Estalkia interesgarria dauka

Estalkian, halaber, ondoko elementuak aurki ditzakegu: petralak, nabak, korbak, gapirioak, taulak eta, azken horien gainean, teila arabiarrezko estaldura. Kanpo-perimetroko hormez gain, karga-horma bat du barruko aldean, mendebaldean, hain zuzen. Azken horrek estalkira arteko harlangaitzezko horma-atalak ditu. Eraikiaren goihabea puntzoi bikoitzeko zertxan amaitzen da. Zertxa, batetik, barneko karga-horman
bermatzen da eta, bestetik, alderik aldeko beso bikoitza duen uztatutako zurezko bi haberen gainean.

 Harmarria

Hego-ekialdeko fatxadaren kontra eraikitako eraikin atxikiari dagokionean, hasiera batean eraikin nagusiari atxiki zitzaion ataripe-eranskinaren lekua hartu du. Eraikin horretan, baserriaren egungo bizilekua dago. Bertara sartzeko, bidenabar, ataripe txikia duen atea dago. Bidaurre XVI. mendeko eraikin ederra da. Baserria, nolanahi ere, XIV. mendeko oinetxe zaharrago baten gainean dago eraikita. Bolumen nagusia egin ondoren, ataripe bat duen eraikin atxikia gehitu zitzaion. Gaur egun, nolanahi ere, aipatu eraikina ordezkatua izan da. Hala eta guztiz ere, bolumen nagusiak zurezko egitura aparta du oraindik orain. Aipatu egitura balio handikoa da, izan ere, sekzio bikainak baititu eta kalitate handiz eraiki baitzen.


Iturriak:

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada