2012/12/02

KALBARIXOKO EDOTA ZUBIKOAKO GURUTZEAK


Euskal Herri osoan bezala Antzuolan ere, ugariak dira gurutze-bideak, hau da, kale edo auzoetan zehar Jesusen Kalbarioko gurutze-bidea adierazten duten gurutzeak.Ohitura hau oso sartua da kristau sinesmenean, eta Erremu igandeko erremuarekin egindako gurutzeak ateondoetan nahiz soroetan jartzeko ohitura dugu ezagunena agian, ustez, urte berri onaren seinale bezala jartzen dena. Beste hainbeste gertatzen da San Juanetan egiten denarekin, adibidez.

"Konjuro gurutzeak" ere oso zabalduak ziren garai batean, soroak-eta izurrietatik babestu nahian-edo jartzen zirenak. Beste batzuetan, bide-gurutzeetan ere jartzen ziren.Horra hor, Galartza auzoan, aitz baten gainean kokatuta, Burdingurutz izenekoa. Edota garai batean, Meaka gainean, orain galduta zegoen gurutzea.


Antiguan daude Zubikoako Gurutzeak

Guztietatik,agian, ezagunena edo ezagunenak, kalean zehar (Buztinzuritik Antiguara) ikus daitezkeenak dira; garai batean hamalau, baina gaur egun hiruzpalau zutik mantentzen direnak, eta Aste Santu garaian egiten zen Kalbarixoko edo Gurutze-bidearekin lotuta izaten zirenak.

KALBARIXOAK EDOTA GURUTZE-BIDEA

Esan bezala, Aste Santuan egiten zen ospakizunarekin lotuak daude gurutze hauek. Hau da, Jaungoikoak gurutzeko bidea hartuta, gurutze bakoitzean Jesusek bizi izandako pasarteak kontatzen ziren, tartean otoitz eginez. Guztira hamabi estazio edo geldiune zituen. Antiguan daude hiru: hamabigarrenaren alboan, hau da, Jaungoikoaren gurutzearekin bukatzen dena, beste bi ere ikus daitezke, "T" itxurarekin, eta hauek Jesusen alboetara jarri ziren lapurrei dagokie. 

Guztietatik, baina, gurutze ederrena, landuena, azken hau da, eta Antigua auzoan ikus daitekeena, aldi berean Zubikoako gurutzeak bezala ere ezagutuak. Garai batean, Antigua ermitako ate aurrean kokatuta bazeuden ere, gaur bidearen beste aldean ikus daitezke. Izan ere, 60. hamarkadan, herriko saihesbidea egin zenean, bide bazterrean egon ziren botata urte asko. Handik, erretiratu eta Bergarako harginola batean egon ziren urte asko, eta 25 bat urte ondoren berreskuratu eta jarri zen ez gaur dagoen tokian, baina bai parean, bideaz beste aldean. Ondoren, parkea egokitu zenean, jarri ziren gurutzeak gaurko tokian.

GURUTZEAK NON KOKATUAK

Plazatik Antiguara hartzen badugu bidea, toki gutxik mantentzen dituzte zutik gurutzeak. Izan ere, gurutze asko etxeetako hormetan barruan zeuden, eta etxeak bota ahala desagertuz joan ziren. Zutik mantentzen dira Ariztitarren etxean, horman sartuta, Antigua auzoko hasieran beste bi, eta azkenak Antigua ermitaren parean,  bideaz beste aldean.



Hementxe dago,baina, gurutze ederrena, landuena: goi aldean, INRI inskripzioa (latinezko IESVS NAZARENVS REX IVDAEORVM esaldiari aipamen egiten diote, hau euskaraz "Nazareteko Jesus, Juduen Errege").Ondoren, koroi arantzaduna, giltza,porrika, mailuka eta eskailara, tunika, lantza, kainabera, esponja eta soka, koloma, latigoa eta oilarra. Ikur guztiak Jesusek jasandako torturaren objektuak.


KALBARIXOKO GURUTZEEN ERAIKUNTZA

XVIII. mendekoak dira gurutze hauek, 1742an hartutako udal erabaki baten ondoren eraiki zirenak. 1742ko otsailaren 13an elkartu ziren udal batzarrean urte hartan herriko alkatea zen Gabriel Iraeta eta Juan Bautista Iñurrigarro, Frantzisko Antonio Zumaeta eta Frantzisko Antonio Azkarate zinegotziak. Hauek erabaki zuten gurutzeen egilea herritarra zen Juan Bautista Arizti izango zela. Baldintza, Ormaiztegin egin berri zituen antzerakoak izan behar zirela.Guztira, hamalu gurutze, 1249 errealen truke.  Urte bereko abuztuaren 24rako, herriko Pietate egunerako,bukatuta egon behar ziren, edo gehien irailaren 28rako. Lehengaia, harria, Arabatik, Agurandik?, ekarri zen. Oñatitik, San Juan de Artiatik garraiatu zen harria. Esandako datarako, irailaren 27rako bukatu zituen gurutzeak Juan Bautistak, eta ondoren zutik jarri zituen Bentura Iturralde errementeriak. Uste baino garestiagotxoak irten ziren, hala ere: 1429 erreal.


GURUTZE HANDIAREN OHITURA


Kalbarixoko gurutze handia, Jesusen heriotz-gurutzea adierazten duena, apaingarriz beteta dagoela adierazi dugu. Apaingarrietako bat oilarra da, oinarrian aurkitzen dena, eta gaur landarez inguraturik ikusten ez dena.Ohiturak dioskunez, oinez motel zebiltzan umeak joaten omen ziren amarekin eta Antiguako ermitako serorarekin gurutze aurrera, eta hiru buelta ematen zioten, buelta bakoitzean amak eta umeak oilarrari mu emanez. Ondoren, ermitan sartuz, kandela bat piztu eta limosnatxo bat ematen zuten. 




Hiru argazki esanguratsuak.Ezker aldean, Aste Santuak zirela eta, Antiguako bidean dagoen gurutze-bidearen aurrean otoitz eginez. Eskuma aldean, egun berekoa dena, garai batean non zeuden kokatuta Kalbarixoko gurutzeak ikus daitezke, ezker aldean. Argazki biak 1925ekoak dira.
Behean, aurrez-aurre, Antiguako ermita, aurrean Kalbarixoko gurutzeak zeuzkala. Argazkia, 1950. ingurukoa.


Iturria: IRINMODO aldizkaria, 1997koa, 9. zenbakia.


1 comentario:

  1. argazki ederrak eta gai interesgarriak. Asko gustatzen zait zure bloga.

    ResponderEliminar