2012/12/04

ZEZENAK eta ZEZEN KORRIDEN ZALETASUNA ANTZUOLAN

Zezen korridak bai, zezen korridak ez, hau da aspalditik Euskal Herrian ere dugun eztabaida gaia. Gauza bitxiak ere ematen ari dira, hala ere, hemendik kanpo.Izan ere, Katalunian debekatzen den bitartean, Frantzian, bertako nazio eta estatuaren kultura ondaretzat izendatua izan da bera. Bitxia, ez?

Gure artean, ostera, Zestoan izan da pil-pilean eztabaida, herri kontsulta bat egin arte. Eta zezen korridak oso errotuak izan bertan, XVII. mendetik ospatu izan direlako, eta badirudi arrazoi pisutsua izan dela berau, herritar gehiengoak aldeko botoa eman duelako. Alegia, beti ospatu izan den bezala, herriko plazan ospa daitezela hemendik aurrera ere zezen korridak izan da emaitza.

Eta Antzuolan? Badugu zezen korriden berririk? Ba, egia esan nahi bada, bai. Azterketa sakona baztertuz, udaletxean dauden bi poster edo laminari erreparatuko diegu galdera honi erantzuteko. Esan, argazkietan ikusten diren poster edo lamina hauek, urte askotan egon zirela Telleria etxean, garai batean egunkariak eta saltzen ziren saltokian ezarrita.

Hala ere,hasteko, esan dezagun, zezenen inguruko berriak badatozkigula XVII.mendeko dokumentuetatik. 1648-9ko udal liburu kontuetan zera dator: "Item, a Pedro ... y otros oficiales carpinteros treinta y dos reales ... en hacer el tablado y barredas (sic), y los toros". 1652an ere ospatzen dira. XVIII. eta XIX. mendeetan ere berriak ugariak dira. Hori bai, gehienak entzierroak eta sokamuturrarekin lotuak, ez zezenak hiltzekoak.

Hala ere, sarreran esan dugun bezala, zezen korridak ere egon dira Antzuolan, eta horren lekuko bi kartelak: Zaharrena Valdejunkerako borrokaren 815. urtemuga ospatzeko egin zena; eta, bigarrena, berriz,1882an egin zena.

TOROS EN ANZUOLA. EN 28 DE AGOSTO: DCCCXV ANIVERSARIO DE LA BATALLA DE VALDE-JUNQUERA.

Hala dio zezenketa hau iragartzeko egindako kartelak.Kartelaren egitura bitxia da, plumillaz eta tinta arruntaz egindakoa, eta marrazkiak nahiko komikoak dituela. Honezaz gain, baina, datari, urteari erreparatu beharko genioke, izan ere, Baldejunkera 920. urtean izanda, eta kartelak ospatu nahi izatea 815 urtemuga, horrek adierazten digu kartela 1735/6. urtekoa dela. Beraz, errelikia bitxia dugu esku artean. Besteak beste, Baldejunkerako borrokaren memoria historikoa  bizirik aurkitzen dugulako antzinatik Antzuolan.


Zer diosku, baina, kartelak? Literalki egingo dugu transkripzioa: 

"En 28 de agosto. Con el permiso de la autoridad competente y con el plausible motivo de celebrar con solemnidad el DCCCXV aniversario de un hecho de armas glorioso alcanzado por los hijos de esta villa al siguiente día de la batalla de Valde-junquera, se correrá dos toros de muerte en la plaza de la misma procedentes de la acreditada ganadería del Excmo. Señor Duque de la Castaña. La cuadrilla de los toreros se compondrá de los diestros:
  • Espada: Per J. JR./Sardina
  • Banderilleros: Tortuga M./Lagarto S.
  • Picadores: Avispa E./Zabano X.

Todos de Sevilla.

Además durante la noche habrá iluminación, y los globos y los tamborileros de la villa tocarán las más escogidas piezas de su largo repertorio".

Hau da, bada, kartelak dioskuna, gero zer gertatu zen misterio bat da, kontutan izanda bi zezen hil behar zirela. Hala ere, Baldejunkerako borroka ospatzeak merezi izan zuen horrelako ekintza bat antolatzea.

Abuztuak 28 lotuta dago antzinean Antzuolan ospatzen ziren "Piedadeak" izeneko herriko jaiekin. Eta Antzuolan, oso berandura arte, XX. mendera arte, herriko alardea egun horretan ospatzen zen, Bergarako musika bandarekin batera.

TOROS EN ANZUOLA, 1882. URTEA.

1882ko abuztuaren 28an, San Agustin eguna, hau da, herriko jaietan alardea ospatzeko egunean, egin zen beste zezen korrida hau. Lehendabizi, alardea egin zen, eta bertako parte-hartzaileak arkupera erretiratzen ziren momentuan, herriko toreroak kaleratu ziren.


Kartela. modernoagoa bera, bi koloretan egindakoa da, eta marrazkiak ere jantziagoak, landuagoak, 1735/6koak baino. Kartel honetan ere zera adierazten zaigu:

"El día 28 de agosto de 1882, por la tarde, con el permiso de la autoridad competente y con el plausible motivo de celebrar con solemnidad el aniversario 961 de un hecho de armas glorioso alcanzado por los hijos de esta villa al siguiente día de la batalla de Valdejunquera, después del alarde se correrán dos toros, uno de muerte. La cuadrilla de toreros se compone de los diestros siguientes (denak antzuolarrak omen zirenak):
  • Espada: José Manuel Landa "Romero"
  • Banderilleros: José Manuel Argarate "Armillo sobresaliente"/ Eugenio Ramirez "Currinche"/ Eusebio Telleria "Lavi"/ Juan Manuel Ibarguren "Cuatro dedos".
  • Picadores: Pablo Azcarate "Colita"/ León Iturbide "Melones".


Además se correrá otro toro para los aficionados, y por la noche habrá iluminación a la veneciana, globos y fuegos artificiales".

Korrida honen informazio dokumentala badugu udal liburuetan, eta zera dio(Egileak euskaratuta):

"Hasiera batean basa behi bat kaleratu zen. Oso bizia zena, Landa toreroari prakak apurtu zizkiolako, eta aldatu beharrean aurkitu zen. Ondoren, Aramaioko mendietako zezen bat atera zen. Pikatzaileek, demasako asto gainetan, ondo pikatu zioten zezenari.Ondoren, kapeatuz eta banderilla pare batzuk jarri ondoren, zezena ederki apainduz, lehen toreroa zen Landa jaunak hirugarren ezpatakadan hil zuen zezena. Oso txalotua izan zen, eta udaletxean zeuden Julian Mendiaraz eta Antonio Arinek propina bat eman zioten. Plaza itxita zegoen eta tendidoak jendez gainezka. Hala eta guztiz ere, sarrera bi errealekoa izan zen, plaza ixtearen gastoak ordaintzeko. Arkupe guztia libre egon zen, hau da, sarrera ordaindu barik, helburua ez baitzen etekinik ateratzea, baizik eta jendearen kokapena.
Eguzkia sartzen ari zen Antzuolan. Hala ere, gauerako dena gertu zegoen. Udaletxeko aretotik elizako arkupetaraino 160 bonbila zeuden dena apaintzen. Gainera, suzko erroberak era jaurti ziren Donostiatik etorritako ofizial bati esker".

Antzeman daiteken bezala, ondo baino hobeto ospatu zuten antzuolarrak alarde egun berezi hura.

Harrez gero, ez dago herrian zezenak hiltzen ziren korriden berririk. Bai, ostera, zezenekin egindako sokamuturrak edo zezenketak herriko jaietan Ondarren edo herriko plazan (ikusi azpiko argazkiak).


Antzuolako jaixetan zezenketak, plazan. 
1952. urtea

 Antzuolako jaixetan zezenketak, plazan. 1952. urtea. Ezker aldetik hasita: Piedad Lete; Piedad Lugarizarizti; Tiburcio Larrañaga (Lapatza), Asuncion Olabarria, Rosario Garitano eta Maritxu Mujika.


 Antzuolako jaixetan zezenketak, plazan. 1952. urtea. Kamioia, Zeferino Larrañagarena (Pollero) zen.

 

  Antzuolako jaixetan zezenketak, plazan. 1952. urtea. Jose Maria Larrea eta Faustino Garitano (pikadore).



 Zezenak Ondarreko plazan, 1967. urtean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario