2013/02/10

SANTA AGEDA eguna


Santa Ageda bere ermitan,aldarearen azpian,erdian.Goian,Santa Ana irudia. Bertatik lapurtu zuten 1980. hamarkadan. Ondoren berreskuratu eta egun Donostiako Elizbarrutiko Museoan dago.



Antzuolan badugu Galartza auzoan, Santa Agedari eskainitako ermita. Garai batean, dena dela, San Llorenteri –San Lorenzori eskainita. Baina bere eguna abuztuaren 10ean zenez eta baserriko lanak ugariak zirenez, otsailera, baserrian lan gutxiago zegoen garaira, pasatzera pentsatu zen. Gaur egun bertan jaia ospatzen bada ere, jakina, ez da garai batean antolatzen den bezalakoa. Hurbildu  gaitez Santa Ageda ermita horren inguruan garai hartan egiten ziren ohituretara.


Santa Ana irudia gaur egun Elizbarrutiko museoan 
dagoen bezala. XIV. mendekotzat jotzen dena. Antzina batean margotuta zegoen irudia zen.


Ohiturak
 
Antzina San Lorenzo (San Llorente-Sallabente), gero Santa Ageda bihurtu zena.

Garatxoak sendatzeko zaindari aproposa da:“Otoitza egin aurretik, gero limosna bezala botako den txanpon batekin garatxoa igurtzi”.

Meza aldetik, jakineko Santa Ageda egunetik (otsailak 5) aparte, Uzarragako letanietako azken meza bertan ematen zen. Baita ere, zehaztu gabeko egunean konjuru-meza ematen zen, eta ondoren apaiza baserriz-baserri pasatzen zen behar ziren otoitzak eta bedeinkazioak eginez sukaldean, soroetan edota ikuiluan. 

Santa Ana irudia gertutik.


Azaroaren 11an, San Martin egunean, gero pertsonak eta animaliak jaten zituzten aleak edo haziak ere bedeinkatzen ziren. Gero, ale edo hazi hauek ereingo zirenekin nahasten ziren. Otsailaren 17an, San Anton egunean, “Sanantonabat” edo Ermandadeko meza egiten zen, eta bertan abereengatik eskatzen zen:

“Santa Agedako ermitan ez zen bakarrik bere egunean meza ematen. Bertan, urtean zehar, bost meza izaten zirelako: aipatu dugun Santa Ageda egunekoa, bertan opilak eta kandelak bedeinkatuz, udaberrian kofradiak egiten zuena, azaroan, San Martin egunean, haziak bedeinkatuz, eta Sanantonat egunean, urtarrilaren 17an, ganaduen edo ermandatekoa, eta azkena, konjurua egiten zena,  mozorroak eta akabatzeko”.

 Garai bateko jai-erromeria:

Santa Ageda eguna egunean bertan ospatzen zen, hilaren bostean. Aurreko egunean, berriz, Santa Ageda eskea egiten zen eta ondoren afaria. Ez zen edozein jai izaten, aguazila “txefleruekin” eta udaletxea ere etortzen zelako egun horretan. Barkilu saltzailea ere Bergaratik zetorren. Baita danbor joleak ere, Shanti Montxon eta Pedro Igartza. Baina ez bakarrik, soinujoleak ere egoten zirelako erromerian. Gauean, etxean afaldu ondoren, erronda ere (gau pasa-edo) egiten zen, San Blasen egiten zen bezala:“Santa Agedako plazatik jendea goizegi erretiratzen zenez, guk jaia Bereterion jarraitzen genuen, baina orain dela berrogeita hamar bat urte desagertu zen ohitura hori”.

Beste lekuko batek, zera dio jai honen inguruan:
 
Txangalan ospatzen zen jaia zen. Egun horretan txistulariak joten zuten “pasacalle”a, eta, aguazila eta Uzarragako abadearekin, Santa Agedara. Hemen ere, San Blasen bezala, opila bedeinkatzeko ohitura zegoen... eta baita baserriko haziak-edo! Hamarrak edo hamar eta erdietan izaten zen meza, eta arratsaldean –nahiz eta elurra izan- erromeria egiten zen. Musika pieza bakoitzeko 10 zentimo ordaindu behar izaten zen; beno, hau erromeria guztietan. Gero, iluntzeko hainbeste ordaintzeko moda etorri zen. Alexandro “Gorris”, edo besteren batekin txandaka, ibiltzen ziren musika joten 7 eta erdiak inguru arte; aguazilak gelditu arte. Hura bukatzen zenean, musika joleak jartzen ziren zelaian eta bildutako dirua banatzen zuten.Etxe bakoitzetik zerbait ordaintzen  zen jairako. San Blasen, adibidez, egunean bertan ordaintzen zen; ez jairako bakarrik, baita ondoren edozein gastutarako ere.


Baina Santa Ageda bezpera ere oso ospetsua izan da:

Euskal Herri mailan tradizio handiko ohitura da Santa Ageda bezperan kalez-kale koadrila edo kintoak abesten ikustea. Antzuolan ere errotutako ohitura da bai gerra zibila aurretik, eta zer esanik ez ostetik.Gerra Zibila etorri aurretik, koadrilak, hamalau urtetik gorako gazteak, eta ez kintoak, izaten  ziren arratsalde partean gaueko 8ak inguru arte elkartzen zirenak eskean ibiltzeko. Gerra ondoren, berriz, 1943tik aurrera, kintoek osatzen zituzten taldeak; hau da, urte horretan soldaduzkora joateko adinean zeuden gazteak.

“Etxean egingo ez duzuna egiten duzu orduan: edan batez ere!”. Gerra aurretik, hamalau urtetik gorako gizonezkoak irteten ziren Santa Ageda bezperan. Urte batzutan bakoitza bere auzoan ibiltzen zen; herri guztian ez ziren ibiltzen. Edozein ibiltzen zen eta arratsaldean hasten zen gaueko 8ak, edo "queria, jo arte (hau da, bukatzeko ordua errespetatu behar izaten zen). Gero, jasotakoarekin, afaria egiten zen. Kalean ere irteten ziren, baina gauean. Lagun koadrila ibiltzen zen diru eske, baserriko blusa gris tankerakoa, antzerako prakak eta txapelaz jantzita. Gero, hartutako diruarekin, afari-meriendatxoren bat tabernaren baten egiten zen.Gerra ondoren, berriz, soldaduskara joan behar ziren kintoak bakarrik hasi ziren irteten; baina hori gerra ostean izan zen: 1943koak izan ziren ohitura honi hasiera eman ziotenak. Musika joz  (eskuko soinua, dultzainak,...) joaten ziren batetik bestera. Jasotzen zenarekin afaria egiten zen.Bi talde irteten ziren: batzuk beheko auzoak (Galartza edo “Txangala”, Uzarraga eta Lizarraga) egiten zituzten. Hauek Uzarragan bazkaltzen zuten. Besteok Irimoegiak eta Basalde ingurua egiten zuten. Orduan, tunika zuria –blusa koadroduna-, txapela, prakak “mil rayas” eta abarkak erabiltzen ziren. Lepoan zetazko paineluak; batzuk koloretakoak, egun horretarako aproposak. Dena dela, txapela jantzi aurretik, Txangalakoek janzten zituzten lastozko kapelak ospetsuak ziren. Koloretako zintak bueltan, batzuetan luma luzeak ere jartzen zituzten, tirolesen antzera.Beraz, egun osoko jaia izaten zen gerra osteko hau, eta ez garai baten bezala arratsaldez bakarrik. Bazkaldu baserri batean egiten zen, eta baserriz-baserri abestu egiten zen. Sarasketa baserrian urtetan eman izan zaie bazkaria kintoei; gero, Amilletan hasi ziren, eta orain kalean egiten dira...Abestu ondoren, poltsa bat –almoada batekin egindako zaku zuria- ateratzen zen, eta baserrietan batez ere txerrikiak ematen zituzten. San Martin eguna pasatuta, txerria hil berri zegoelako. Beraz, “- Txorizoa... eta dirua gutxi: pezeta bat edo bi”. 

Badago, hala ere, koadrila eta eskaeraren eguneko ohitura honekin lotuta bitxikeri bat, 1905ean arau hau jarri beharrean egon zelako udaletxea:(Iturria: Antzuolako Artxibo Historikoa. Herri ordenantza)

“Se ordena un bando para que en la víspera de Santa Agueda, en la postulación, las cuadrillas se concreten en su barriada, sin salir de la misma, retirándose todos al “punto del oscuro”. Se prohibe la postulación a los forasteros” 
  
Eta eskea kantu bihurtzen zen, eta horren inguruan badago altxorrik, ugariak direlako Santa Ageda bezperako kantu bertsioak. Guk batzuk aipatuko ditugu. Alde batetik, esku artean ditugun zaharrenak, gerra aurrekoak, eta bestetik, 1980. urteko beste bat.


GERRA AURREKO SANTA AGEDA KANTAK


1.-
Joles ta joles etxekotxuak:
Zer moduz bizi zerate?
Zer edo nola bizi zeraten
Neuk ere jakin nai nuke.

2.-
Bihar da Santa (i) Ageda;
Gaur, berriz, aren bespera.
Santa (i) Ageda´k biali gaitu
Bere kanpanak jotzera.

3.-
Ortxe goi-goyan ermita:
Santa (i) Ageda deritza.
Gu arakoxe biatarentzat
Limosna biltzen gabiltza

4.-
Atzo goizian pasiatu det
Alkate jaunaz kalian:
Lizentzi ori berak eman dit
Ibilitzeko pakian.

5.-
Ez bagabiltza pakian
Gere buruen kaltian;
Bestela sartuko gaituela
Kartzela ilun batian.

6.-
Nere lagunak bost dira eta
Asi zaizkit kejatutzen:
Asiko banaiz asi nadila
Famelixia koplatzen.

7.-
Arboletatik onena degu
Etxeburuan gaztaña:
Nagusi Jauna kopla nai nuke
Familiaren estraña.

8.-
Zeru altuan izarra;
Muntei onian lizarra:
Etxe ontako Nagusi Jaunak
Urre gorrizko bizarra.

9.-
Urre gorrizko bizarra
Ziler labratuz espalda:
Erreal bikoz egiña zeukak    
Eleizarako galtzada…
Guri orretxek botako ziguk
Bear deguna poltzara.

10.-
Urre txintxarri-kordena…
Jaunak eman dit ordena
Etxekoandria koplatutzeko
Nagusiaren urrena.

11.-
Saldija dago sillatzen,
Lau oñetatik perratzen:
Etxe ontako etxekoandria
Saldiz da elizaratzen.

12.-
Saldiz da Elizaratzen,
Sillarrez ofrendaratzen;
Andik etxera datorrenian,
Urre-sillan dek paratzen.

13.-
Txokolatia artu artian
Ez dek andixik mogitzen;
Txokolatia artutakuan
Kalera paseatutzen.

14.-
Eder eperra lumatu…
Beti Jainkoa amatu;
Oraindik emendik bear genduke
Nausi gaztea koplatu.

15.-
Etxe ontako nausi gazteak
Ganbaran zeukak ogea;
Ganbaran zeukak ogea
Zilarrez eskillarea.

16.
Eskil-buruan bueltatu eta
Kuarto berri bat berea;
Kuarto berriak lau kantoietan
Ideltzu ordez urrea.

17.-
Erabilliaz gastatzen zaio
Kanpantxillari astia;
Erregiñiaz konparatzen det
Etxekoandra gaztia.

18.-
Etxetxo onek ederrak dizkik
Atiak eta bentanak;
Orain emendik esango ditut
Gazte jendien bentajak.

19.-
Arantza beltzak ostrua txiki;
Puntara zaigu loratu;
Oraindik emendik bear genduke
Maiorazkua koplatu.

20.-
Emen pakea daukagu, baña
Isla-lekuan gerra da;
Etxe ontako maiorazkua
Pakiak eitera juana da.

21.-
Egin ez baitu egingo ditu
Munduan legerik ba-da;
Berai andretzat emango dioe
Erregiñaren alaba.

22.-
Eder usua lumatu
Beti Birjiña amatu;
Orain emendik bear genduke
Dama gaztia koplatu.

23.-
Eder ortuan udari,
Udaberrian janari;
Libertadia eskatzen dizut
Alabagaitik amari.

24.-
Alabagaitik amari,
Dotiagaitik aitari;
Konformatutzen baldin ba-gera,
Neronek artukoet ori

25.-
Nere izena Elormendi da
Apellidua Diago;
Etxe onetan koplatzekorik
Geio eztagola nago.


Interesgarriak dira hemen azaltzen zaizkigun koplak, garai hartako bizitzaren zenbait pasarte ere adierazten dizkigutelako. Kopla baikorren aurrean gaude, Santa Agedako kantariek ongi dakite etxe horretatik ez direla esku hutsik joango. Horregatik hainbat “lora” zenbait koplatan etxekoei.

Lehen bertsoetan adierazten den bezala, bezperan egiten zen diru eskaera eta bertan hartutakoa ermita zaintzen zuen beatarentzat nola izaten zen esaten da (3. Kopla). Hala ere, eskean hasi aurretik baimena eskatu behar izaten zitzaion alkateari (4. Kopla). Berak baiezkoa emanda hasten zen eskaera. Ondorengo bertsoetan (8. Koplatik aurrera) etxe horretako gizon eta emakumearen dohainak aipatzen dira. Bide batez, Kubako gerraren inguruan ere, joan zen mendearen bukaeran gertatutakoa, aipamenen bat egiten da (20. Kopla), gerra horretako partehartzailetzat etxeko maiorazkoa jarriz. Bukatzeko kopla hauen egilea ere aipatzen zaigu (25. Kopla); Diego Elormendi omen da bera.

Beste kopla batzuk, ezezagunak egilez baina gerra aurrekoak ere direnak, hauek dira:

1.-
Lukainkatxuai tiraka zebik
Sillatxuaren gañetik;
Bat dalakuan bi soltatuak
Izan bia´jituk orraitik.

2.-
Mendi altuan, gau illunian,
Pasiatzen du otzuak;
Lepa-zorriak itoko al-ditu
Etxe onetako atzuak.

3.-
Eder kakuan uztarri;
Gure astuak uzkar bi:
Bata etxeko Jaunarentzako,
Bestia Etxeko Andrari;
Ostiantzeko txiki-aundiak
Mun ipurdian alkarri.

(Iturria: Manuel Lekuona. Anuario de Eusko Folklore, 1933).

Berehala antzematen da kopla ezkor hauetan, Santa Agedako kantariek ez zutela sari edo puska onik jaso baserri horretatik.

Eta bukatzeko, 1980ean, hizkuntza, euskara aitzaki hartuta, urte hartako Santa Ageda bezperako bertsoak, Jose Mari Gabilondok idatziak:



AGEDA DEUNEKO BERTSOAK (1980ko Otsaila)
Egilea:  Jose Mari Gabilondo “Beheko-errota”


1) Herri ontako zahar eta gazte
gaur emen gatoz kantura
Santa Agedaren egunetan
aspalditxoko oitura.
Sortu zanetik mundura
errukitsua zan ura
berak eramango gaitu danok
egun batean zerura.

2) Gure euskera maitagarria
ezagutzen den zaharrena
gaixorik dago oraindik baño
pasatua du txarrena.
Ia noiztik datorrena
gure gauzik ederrena
Euzkadi askatzia nahibadu
au da barrezkoena.

3) Ikastolarik gabe euskera
izan leike bastertua
garai onean gaude oraindik
ta egin dezagun botua.
Danok emanaz eskua
jaso izkuntza gaixoa
bestela ez digute barkauko
egindako pekatua.

4) Berrehun aurtxo inguru
gaur ikastolan dabiltza
kulturan bidez ikastearren
ainbat maite degun itza.
Lagunikan ez balitza
erantziko zaio sitsa
Herriak eusten ez badiogu
alper alperrik gabiltza.

5) Santa Agedaren izenean
kantuz artu degu parte
gure eskabidea entzunda
ongi portatu zerate.
Limosna dala bitarte
eginkizun on bat bete
biotzez eskerrik asko eta
berriro ikusi arte.

6) Santa Agedan eguna da atera gera kantura
Euskal Herriko Herri danetan
aspalditxoko oitura.
Guk dadukagun ardura
zerbait egitia gura
Herrian piztu nai genduke gu
lehengo izkunzar ura.

7) Euskal Herria eta euskera
aita semeak dirade
biak jokatu beharra dute
batak bestearen alde.
Kalea eta sukalde
izan denok euskal zale
ez genduke nahi Euskal Herririk
beiñe euskararik gabe.

8)Laño beltz denak bidalieta
guk nahi genduke oskarbi
ezkarmentua badaukaguta
jokatu dezagun argi.
Ikastola da oñarri
erantzun daiogun orri
egunenbaten iritzi dedin
zorioneko Euzkadi.

Beste hainbat argazki:


Galartza-Txangala auzoa. Aurrez aurre, eker aldean 
Urruti baserria (Balentin Berriotxoa zeneko amaren jaiotetxea); eskuman, Bereterio (`Beteixo´) 

 


Irudia lapurtu ondoren Antzuolara ekarri zen 
Santa Ageda egunean.


Ermita 1895ean berreraiki zen

Santa Ageda ermita eta kanpaia





Santa Ageda ermitako barru aldean dagoen aldarea, zerua eta egunean egindako ospakizuna. 


Salda berroa eta hamarretakoa prest! (2013ko ospakizuna)





 
 Goian, Juan Kruz Mendizabalek (`Kakux´) meza alaia eta atsegina ematen. Meza bukatzeko Santa Ageda errelikiari jendeak mu ematen.

 San Blas egunean bezala, Santa Agedan ere opilak 
bedeinkatzen dira



Urteko gastuak ordaintzen joateko zozketa




Meza ondoren, salda beroa eta hamarretakoa denontzat. Kanpoan, berriz, trikitixa alaia.
 


 Umeak kanpaia joten




Informazio gehiago (Ahotsak.com):

http://www.ahotsak.com/antzuola/pasarteak/ant-027-011/

 

Egurrean egindako forma geometrikoak


Ikuspegi polita bezain ikusgarriak erakusten ditu Galartza auzoak. Santa Ageda ermita eta atzean Udalaitz mendia (Arrasate)

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada