2013/03/03

AINGERU GUARDAKOA (MARTXOAK 2)



 

2013. otsaileko elurtea
Martxoaren bian ospatzen da egutegian Aingeru Guardakua. Antzuolan ere badago egun horretan ospatzeko ohitura bat Antiguako ermitan. Bertan dago, gainera, Aingeru Guardako irudia. Egun horretan herriko hainbat basarritarrek Ermandadeko eguna ospatzen du, nahiz eta garai batetik hona egoera eta ohiturak zeharo aldatu. Garai batean horrela ospatzen zen eguna:

Ganaduen ermandatea elkartzeko beste egun bat izaten zen. Meza hamar eta erdietan, hamaiketan izaten zen, eta Antiguan egiten zen; eta bertan Basalde, Irimoegiko eta Lizarragakoak elkartzen ziren.Ermandatean baserritar batzuk elkartzen ziren, eta auzo bakoitzak zeukan berea. Ermandatearen helburua baserrian zeuden behiak-eta aseguratzea izaten zen. Beraz, seguru bat bezala izaten zen, eta zerbait gertatu ezkero etxeko ganaduari, gaixotasunen bat edo hil, ermandateak tasatu egiten zuen galdutakoa eta denon artean konpentsatu egin behar izaten zitzaion behia-edo galdutako jabeari.



 Aingeru Guardukoa irudia Antiguako ermitan

Irimoegikoak –goikoak eta behekoak- Arlutz-Txikin elkartzen ziren; hau da, auzoaren erdian. Bertara eramaten ziren behiak eta idiak, bertan zenbatzeko eta tasatzeko bere balioa. Lehen, behi eta idi bakoitzak zeukan bere izena, eta izen hau zeukan behi edo idi hark hainbesteko balorea zuela esaten zen. Hau dena komisioak egiten zuen. 

Orden bat egoten zen komisioan parte hartzeko.

Komisioan bik (“komisionauak” ere deitutakoak) hartzen zuten parte urte osoan, eta egun honetan aldatzen zen. Baina tasatzeko “entranteek” eta “salienteek” hartzen zuten parte; eurek bakarrik, beste inork ez. Besteok, berriz, kanpoan egoten ziren, eta ardoa edan eta kaletik ekarritako ogia jaten zen.


Jon apaizak meza ematen

Markatu ere egiten ziren animaliak, eta horretarako zigilu bat jartzen zitzaion bakoitzari adar inguruan. Arlutz-Txikiko sukaldean egiten ziren tasazioak eta arau baten arabera, komisioak jartzen zituen banaketarako kopuruak. Banaketa proportzionala egiten zen; zeukan arabera ordaindu behar izaten zen, eta edozer gauza pasa izan ezkero baita jaso ere. Liburu bat eramaten zen horretarako; azken liburuak Eguzkitza baserrian gelditu ziren.

Zeozer gertatzen bazitzaion ganaduari, eta ezin bazen saldu, hil eta haragia banatu egiten zen ermandateko guztien artean, baina banaketa ere beti jendeak zituen behi eta idi kopuruaren arabera egiten zen.

Urtean zehar, hiru hilabetetik behin, etxez-etxe ibiltzen ziren komisiokoak ganadua-eta kontrolatzen: martxoan hasi, ekaina, iraila eta abendua arte. 1998an bukatu zen Irimoegiko ermandatea, eta gaur egun, nahi duenak, egun honetan, Aingeru Guardako egunean, bazkaria izaten du Lekuberri jatetxean. Baserritar asko elkartzen da bertan.

 

Aingeru Guardako egunean herriko baserritarrak

Basalden, berriz, Aitzagabasalde baserrian egiten zen tasazioa. Lizarragan ere bai, Zumeta baserrian.

Beraz, Aingeru Guarda egunean elkartzen ziren ermandatekoak. Uzarraga eta Txangalakoak, dena dela, Santonabat egunean elkartzen ziren.

Ermandatean baserritar gehiengoak parte hartzen zuen, eta egun horretan bazkaria ere egiten zen: Irimoegikoak Isidoranekuan; Lizarragakoak Pedronean (Arin); Basaldekoak Ondarren eta Txangalakoak eta Uzarragakoak, berriz, Uzarragan bertan.



 Jon apaizak meza ematen

Meza ostean baso-erdi batzuk jo eta bazkaltzera joaten ziren. Jatordua izaten zen: sopa, angulak eta bildotsa. Postrean, berriz, arroz eta esnea, gurina edo flana, kafea, kopa eta jokoa; beste batzuk pilotara. Ez zen erromeriarik egiten.

Antiguan maiordomoa ere egoten zen; eta bi urtetik behin aldatzen zen. Ez zeukan egun finkorik, abadearen aurrean egiten ziren aldaketak, eta horretarako liburu bat eramaten zen, sinatu dokumentuak eta kargua pasatzen zen.

Lizarragakoen inguruan badaude pasarte xelebre batzuk. 

Hauek, egun honetan, Antiguan meza entzun eta Pedronean (Arin) bazkaltzen zuten angulak eta bildotsa. Ermandate honetan ere Iriarteak, Ibarre, Lapatza, Altamira, Matximentanekoak eta Antiguako errotak (lehen ganadua zeukaten) eta, jakina, Lizarragako auzoek ere parte hartzen zuten. Hasiera batean Zumetako baserri aurrean dagoen plazatxoan elkartzen ziren, bertan animaliak tasatzeko. Hiru hilabetera pasatzen ziren komisionauak ganadua tasatzera. Baina zoritxarrez egun batean, eztabaida baten ondorioz, ermandate hau bi zatitan banatu zen: batean, Goenaga, Jauregi, Lamañoak, Goiti, Akiñabei eta Laskurain-handi; eta bestean, besteak. Zatiketa hau errotetara ere ailegatu zen: batzuk elkartzen ziren Akiñabeiko errotan (Goenaga, Jauregi, Lamañoak, Goiti, Akiñabei, Laskurain-handi) eta besteak Larrebarrengo errotan.

 Horrelako fitxa bat egiten zen baserri bakoitzeko ganaduarekin:


CASERÍO SARASKETA. JUAN F. JAUREGI
NOMBRE-VACA
TASACIÓN (PTAS.)
NOTA
1
Makala
12.500

2
Gorria
14.250

3
Mendi
13.000



Aurten ere (2013. urtea) tradizioari jarraitu diote, eta 12:30etan elkartu dira. Egun berezia ere bazen Juan Kruz Agirrezabalek 94 urte betetzen zituelako.

Bide batez Antiguak sitsarekin duen arazoaz ere jardun dute etorritakoek. Dirudienez 1942an korua jausi zenean garai txarrean moztutako (udaberria omen zen) haritzak ekarri omen zituzten, hala Galardiko Tomasek emandakoak Deskarga ingurutik.Hortik ei datorkiko gaitza.

Julian Gezalaga, kanpaia joten
Aldi berean kontatzen digu Ibarreko Eusebiok berak entzunda daukala ermitan lurperatuta dagoela frantsesen kontra aritu zen Pildain borrokalaria. Ermita zaharrean zegoen bataio-pontetik bi edo hiru pausura lurperatuta zegoela entzunda ei dauka.

Denak daude bere antzinako kontuak esateko, baina Jon apaiza etorri da, eta nahiz eta mikrofonoarekin arazoak izan, "a capella" eman du meza.

Barrura sartu aurreko tertulia
Zaharberritu zeneko orogarria


Informazio gehiago: ahotsak.com (Antzuola)



No hay comentarios:

Publicar un comentario