2013/03/22

ANTZUOLAKO INDEPENDENTZIA 351.563 euro truke



BADAKIZU ANTZUOLAK IDENPENDENTZIA LORTZEARREN GAURKO 351.563 EURO ORDAINDU BEHAR IZAN ZIZKIOLA ESPAINIAKO MONARKIARI?


1629ko abenduaren 12a da herriko data berezia, orduan hartu zuelako, Bergara alde batera lagata Antzuolak, independentzia. Ez zitzaion dohainik atera, izan ere zilarrezko 5.000 dukat ordaindu behar izan zizkion garaiko erregea zen Felipe IV.ari.

 Antzuola, gaur

Hala ere,  ez zen berehalako independentzia izan, aspalditik zetorrelako egitasmo hau. Izan ere, hasteko, alardea Bergaran ez, baizik eta Antzuolan egiteko nahia ere 1536an adierazi zuten herritarrek. Honen kontra Bergara azaldu bazen ere, Valladolideko Epaitegi Nagusiak baimena eman zion Antzuolari herrian egiteko alardeak, 1597ko Errege Zedula baten bidez.
Galartzako auzoa, baina, Bergaratik alde egiteko kontra azaldu zen, horretarako erregeari 500 euroko dohaintza bat ere eskainiz.
Dena dela, hasieran esandakoa, Madrilen egindako Errege Zedula baten bitartez eman zitzaion independentzia Antzuolari 1629ko abenduaren 12an.

Horrela lortu zuen  San Migel egunean (irailak 29) alkatea, tenientea, sindikoa, bi erregidore eta epailea aukeratzeko  gaitasuna. Horrela "que el alcalde fuese un año de los vecinos del cuerpo de la villa y el teniente de una de las casería, y  el otro año al revés; que los regidores fuesen de ambas poblaciones, y que la elección del síndico procurador alternase en ellas".

  
Bergararekin izandako beste iskanbila bat udalerriaren mugarriak jartzeko izan zen. Horretan Atanasio Jimenez epailea izan zen arduraduna, baita bide batez antzuolarren lehendabiziko udal errolda egiten ere. Honetaz gain, zergak ordaintzeko ere akordio batera iritsi ziren Bergara eta Antzuola.

Baina sakondu dezagun nola izan zen independentzia lortzeko garai historiko hura.

Felipe IV.ena

Esan bezala, independentzia lortzeko garaia XVII. mendean iritsi zitzaion Antzuolari. Eta horren “errudunetako” bat garai hartako Felipe IV (1605-1665) izeneko erregea izan zen. Zergatik? Espainiak eta bere monarkiak une hartan bizi zuen gainbeheraren lekukoa izan zen erregetza hau, eta bere erregetzaren hasiera hasieratik Indiatik (Ameriketatik) zetozen metal preziatuen jaitsiera nabarmena jasan behar izan zuen. Honi gehituz, han eta hemen zeuden gerrak ugariak zirela, egoera horrek ekarri zuen hain ezaguna dugun XVII. mendeko krisialdia Espainiara. Ez da, dena den, Espainian bakarrik igarriko den krisialdia, Europa osoan eragile ezberdinengatik beherakada ere nabaritu izan zelako.
Philip IV of Spain.jpg

 Felipe IV.ena, Velazquez-en margotua.

Baina ez zen Felipe IV.aren politika izango krisialdi honen erredun bakarra; izan ere bere aurretik egondako erregeek izandako politikaren ondorioa besterik ez zelako. Itzelezkoa izan zen bai Felipe II.ak eta baita Felipe III.ak jasandako presio fiskala. Baina ezin dena ukatu da Felipe IV.ak aurretik jasandakoak gainditu zituela, eta egoera ekonomikoa benetan katastrofikoa bihurtu zuen. Egoera honi aurre egiteko, hartutako neurriak ugariak izan baziren ere, hartutakoetatik bat zera izan zen:

“No sólo se vendían cargos; se vendían mercedes y gracias de toda suerte; se vendían permisos para que las aldeas se emanciparan de sus villas, y con frecuencia se entablaron pujas desesperadas, en las que se transparentan los rencores locales, y los lugares se endeudaban por años y siglos, unos para escapar a la opresión de la cabeza del término, otros para conservar el dominio sobre los que consideraban sus vasallos”.

Beraz, Espainiako monarkia kanpaina inperialistetan buru-belarri sartua zelarik XVI. mendetik, horrek hurrengo urte eta mendeetan itzelezko diru zorrak sortaraziko zizkion Espainiako Inperioari, hauek gainditzeko makina bat bide, neurri eta trikimailu hartu beharko zituztelarik erregeek zor horiek ordaintzen joateko. Besteak beste independentzia lortu nahi zuten auzoei herri izateko eskubideak salduz diru kopuru baten truke. Eta, halaxe, 1614ean kortetik bidalitako eskutitz batean, erregeak agindu zion korregidoreari azter dezala ze eratako kalteak ekarriko ote zituen herriak zatitzea, horren truke erregeari laguntza bat eskainiz. Gai hau nahiko konplexua izanik, 1615ean Bidanian elkartutako Gipuzkoako batzarrak ere erabaki zuen neutrala mantentzea arazo honen inguruan, eta erabaki hau jakin orduko adibidez, Tolosa, Segura eta Ordiziako herrien etena eta herri berrien sorrera eman ziren, ondoren beste toki batzuetara zabalduz fenomeno hau. Esate baterako, Legazpik 1614ean lortu zuen Segurarengandik independentzia. Beasainek, berriz, 1615. urtean Ordiziarengandik. Urte berean, Ordiziarengandik ere, baita Ataunek ere…

GIPUZKOAKO HAINBAT HERRIREN SORRERA XVII. MENDEAN ZEHAR
Felipe III.a
1614 eta 1615. urteen artean lortu zuten herri izaera: Albatzisketa, Alegia, Altzaga, Amezketa, Andoain, Anoeta, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Berastegi, Elduaien, Ikaztegieta, Legorreta, Mutiloa, Orendian, Ormaiztegi, Urnieta, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil…
Felipe IV.a
1629 eta 1661. urteen artean lortu zuten herri izaera: Aretxabaleta, Eskoriatza, Gabiria, Zumarraga,… Antzuola.

Horrela ere lortu zuen Antzuolak Bergararengandik independentzia 1629ko abenduaren 12an, aurretik ere erregeari diruz donatibo edota zerbitzu bat eskainiz:

“Y  porque para las ocasiones de guerra que de presente sen os ofreçen en Italia y otras partes haveis ofreçido servirme con veinte y çinco ducados en plata doble por cada vezino de los de la dicha universidad y caserias, y demas de esto con quinientos ducados por una vez pagados a çiertos plaços, havemos tenido por bien por la presente de nuestro propio motu çierta çiençia y poderio rreal absoluto de que en esta parte queremos usar y usamos como rey y señor natural no rreconoçiente superior en lo temporal: sacamos, libramos y exsimimos a vos la dicha universidad de Ançuola de la villa y jurisdiçion de Vergara”.

Dena den, ba omen zeuden beste datu objektiboagoak ere Antzuolak independentzia lortzeko, eta horrelaxe adierazten dira Antzuolako herri eskutitzan:

“Nos ha sido hecho rrelaçion que la dicha universidad tiene çiento y setenta vezinos (850 bizilagun bat) poco mas o menos y esta distante de la dicha villa (de Vergara) una legua de mal camino por lo qual y por no poder acudir las justiçias con la presteça que rrequieren los casos sean cometido delitos graves y se pueden temer que se cometeran por la seguridad y confiança que se prometeran los delinquentes de escarparse de las manos de la justiçia estando tan lejos… Demas de que los alcaldes ordinarios de la dicha villa (de Vergara) por emulaçiones e intereses particulares hazen biolençias y oprisiones…”


Historia de los Sistemas Monetarios de España. 100 Ducados 1523. Plata. (Numismática - Medallería - Histórica)`Zilarrezko dukat´ izeneko txanpona, antzuolarrak independentzia lortzeko erabilitako bezalakoa.

Beste arrazoi batzuk, justizia banaketarekin edo funtzio publikoaren erabilera okerrarekin zer ikusi ez dutenak, eta dira Antzuolak komunitate bezala betidanik izan zuen garrantziarengatik:

“Porque antes que se uniese la dicha universidad a la dicha villa de Vergara, y aun antes que ella tubiese privilegios de villa, teniades anteiglesia y hera comunidad de por si y mayor vezindad que agora con distintos terminos”.

Izan ere, Esteban de Garibaik arrasatear eta kronista ospetsuak ere, zera esaten omen zuen Antzuolari buruz XVI. mendean: “Anzuola por sus caserias y gente bien podia ser villa”. Beraz, Garibairi ere, normala irudituko zitzaion Antzuola herri izatea.

Guzti hau aintzat harturik, bada, zera erabaki zuen Felipe IV erregeak:

“Suplicamos que teniendo consideraçion desto fueremos servidor de exsimir, librar y sacar la dicha universidad de Ançuola con sus caserias de la jurisdiçion de la dicha villa de Vergara haçiendo la dicha universidad villa por si y sobre si o como la nuestra merçed fuese”.


Felipe IV (1605-1665) 


Antzuolak, dena den, ez zuen herri eskutitza edo erregearen erabaki eskutitza soilik lortu, baizik aldi berean herri guztiei zegokien arma-ziurtagiria ere. Ziurtagiri honen egilea Miguel Salazar –Felipe IV.aren ohorezko kapeilaua- eta Juan Mendoza –erregearen kronista- izan ziren. Aipatu behar da, baita ere, arma-ziurtagiri hori –eta dokumentuan bertan dagoen armarriaren irudia- erabili izan zela, beranduago,  1745ean, gaur egun Antzuolako udaletxearen fatxadan dagoen armarria egiteko.


Eta, zehatzago esanda, berorri, Antzuolak 1629an lortutako independentziaren testuingurupean sortutakoa dela.




Goian, erregeak sinatutako erabakia. Azpian, independentzia agiria, baina testua euskaratuta, garai hartako hizkuntza errespetatuz.


Azpian Antzuolako bandera, 1997ko abenduaren 12an onartutakoa



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada