2013/04/07

ASTE SANTU OSPAKIZUNA, LEHEN





Nahiz eta Aita Santu berria aukeratu, ez da erraza izango eliza katolikoak duen krisiari buelta ematea. Gure artean behinik behin argi dago elizak ez duela bere garairik onenak bizi, eta ikusi besterik ez dago elizkizunetara joaten den jendea urria izateaz gain adinez ere altua dela. Krisi hori ere hautematen da gero eta nabarmenagoa hainbat elizkizunetan, Aste Santuan esate baterako. Garai batean urteko ospakizun handiena izatetik txikienetakora pasatu da. Gaur Aste Santuaz hitz egitea oporrak eta turismoa aipatzea da.

Ez guztietan, jakina. Andaluziara joan besterik ez dago ikusteko egun hauek ospatzeko sentsibilitate berezi bat ere badutela.  Sinesmena  edo beste zerbait ote den gaian ez gara sartuko.
 
Beraz, esan dezagun Antzuolan garai bateko ospakizunik ez dela egiten, ez Seguran egiten diren bezala,  prozesioak direla eta, baina esan dezagun garai batean Antzuolan ospatzen zirela Aste Santutako prozesioak ere.  


Beraz, hemen irakurriko duguna da garai batean nola ospatzen ziren Aste Santu hauek

Kronikatxo hau hasten da ...

”Misiñuak” egiteko Aste santu aurretik etortzen ziren kanpoko fraideak, frantziskanoak batez ere, baina baita agustinoak edo pasionistak-eta, jendea konfesatzera eta sermoiak botatzera. Jende askok aprobetxatzen zuen konfesatzeko, eta normala izaten zen elizan kanpoko fraideak jende pila bat izan eta bertako abadeak hiru-lau bat bakarrik. Badakizu, kanpokoari hobeto esaten zitzaizkion bekatuak!  
Astebetekoak izaten ziren “misiñuak” eta elizkizunak, eta prozesioa ere egiten zen: parrokiatik Antiguara, eta handik, Ondarretik, elizara. Sermoiak ere beldurgarriak izaten ziren: infernua gora eta behera. Parrokian eta Uzarragan egiten ziren, eta Uzarragan ere kanpotik prozesioa egiten zen. 

 Antzuolarrak `misiñuak´bukatuta. 1940. urtean

Aste Santu aurretik hasi eta Bergarako Pazkoa egun arte, “Pazkuakua” egiteko garaia ere izaten zen; hau da, urtean behin aitortzeko eta Jaunartzeko garaia. Horrela, Garizumako bigarren astean, hamar urtetik gora zuten herritarrei –hau da, “komunixo handia” eginda zutenei- txartel bat banatzen zitzaien; familiako hainbeste txartel. Baina txartela jasotzeko doktrina jakin behar izaten zen, eta hori ziurtatzeko “- halako egunean halako auzorako eta kalerako” abadeak egoten ziren elizan prest doktrina galdetzeko: sakristian maisua edo parrokoa, garai hartan Luis Galfarsoro; “kanpaitxo sokian” –kanpai txikiari tira egiteko eta jotzeko soka zegoen tokian- edo San Jose aldarean, berriz, orain “Sagrado Corazon” aldarea dagoen tokian, don Eusebio zegoen eta, “obra berrixan”, hau da, Aste Santuko irudiak eta korura joateko dagoen tokian, don Anastasio Eguren egoten zen. Eta horrela, jendea ilaran, txanda noiz etorriko, apaizak doktrina galdetzen, mutilak ezker aldetik eta neskak eskuma aldetik. Hori gutxi izango balitz, lehen ere pikareskatxo bat bazegoen, abade batzuk beste batzuk baino bigunagoak izaten zirelako doktrinarekin; eta orduan abade batzuk ikusten ziren sekulako ilararekin eta beste batzuk, berriz, txikiagoarekin. Hori bai, ez jakinez gero buelta etxera, eta ondo jakin arte ez zen txartelik jasotzen “Pazkuakoa” egiteko. Hau pasa eta gero, konfesatzera joan behar izaten zen, eta konfesatzeko fraideren bat etortzen zen kanpotik. Bekatuak aitortu ondoren, Jaunartzera joaten zen. Eta horretarako, eskuan, txartela eramaten zen, eta, Jauna hartu eta gero, abadeek zeukaten hiru/lau puntako kapelan laga behar izaten zen txartela. Txartel horretan urtea idatzita azaltzen zen. Lagatzen zen txartela zuria zen, “senefa” beltz batekin, bat hiltzen zenean egiten zen txartelen bezala, eta barruan zein urtetakoa zen.Txartela laga eta gero, akolitoak beste txartel bat ematen zuen, beste erabatekoa, eta horren arabera edozein unetan eskatuz gero jakin bazekiten zeinek zeukan eginda eta zeinek ez “Pazkuakua”.Baina doktrina ez zitzaien denei galdetzen. Aberatsak lehen ere aberats-eta: 

“- Gogoratzen naiz nola nire ama zenak esanda behin, bere aurre aldean herriko aberats bat joan zela elizara doktrina pasatzera eta abadeak nola doktrina ez zion galdetu.Ondoren, bada, nire ama. Eta orduan berari apaizak galdetu ei zion zer ote den “Gracia”, eta nire amak zera erantzun: “Orain ikusi duguna, jauna!”. 
Garai batean, eguaztenean hasten ziren elizkizunak; “tinieblak”-edo ospatzen ziren orduan. Horretarako elizako kanpaiak jo eta abestiak kantatzen ziren. Oso kanpai eta abesti tristeak izaten ziren. Elizako koruan egoten ziren herriko kantoreak, tartean baita herrian zeuden maristak ere. Elizan ez zen elizkizun formalik egiten egun horretan; ez zen publikorik egoten. Elizako aldarean hamabi kandela hori eta bat zuri pizten ziren. Hamabiak Jaungoikoaren apostoluak ziren, eta zuria Jaungoikoa bera. Hau kandelen erdian jartzen zen. Salmoak bezala abestuz, kantu bakoitzaren bukaeran koruan zeudenek hankekin joten zuten koruko lurra adierazi nahian sakristauari, kantu hura bukatu zela eta kandela bat emendatzeko. Eta orduan sakristauak kaputxatxo bat zeukan burdinazko kirtendun batekin, kandelak emendatzen joaten zen. Beraz, kantu bakoitzean kandela bat emendatzen zen. 
Eguenean, 9retan izaten zen meza nagusia eta orain San Jose dagoen aldarean, Jauna “preso” sartzen zen, eta ez zen Jaunik hartzen Pazkoa eguna arte; “aleluia” zapatuan abestu arte. Hala ere, gaixo edo hil zorian baldin bazegoen norbait, bada, orduan bai.  Ez zen ur bedeinkatua ere egoten elizako pontean; hutsik egoten zen. Jauna “preso” zegoen bitartean guardiak egoten ziren: bi gizon eta bi emakume, gau eta egun, ostiral arratsalde arte. Kanpaiak ere ez ziren joten. Elizkizun orduetan kalez-kale joaten ziren akolitoak ”matraka” joten.

Prozesioa Buztinzurin, 1925. urtean

Adoraziorako ere, beste talde bat ere bazegoen, “Adoración Nocturna”koak, eta hauek iluntzerako almoada eta manta eramaten zuten. Ez ziren emakumeak joaten, eta guztira 18 urtetik gorako 30-35 lagun. Zazpi baino gutxiago elkartu ezkero, ezinezkoa zen adorazioa egitea. Elkartutakoekin, adorazio orduetarako zerrendak egiten ziren. Aldiko lau. Mutilzaharrei ordu txarrenak egiten zituzten. Otoitzaldiak ere egiten zituzten: lehena 10 eta erdiak inguruan eta bestea goizeko 4ak. Lauretan meza santua ere bai, eta beti norbaiti eskainita izaten zenez, ordurako etortzen ziren hildako horren senideak. Denbora eginez, jendeak paseatu ere egiten zuen. Baina baita “Acción Católica”n lo ere, bertan lotarako somier batzuk ere zeudelako. Elkarte honetakoak (“Adoración Nocturna”) hilean behin elkartzen ziren, arratsaldeko 4retan egiten zen meza batean. Hala ere, funtzioa zapatutik domekara izaten zen. Eta gauez, 10etan, estandartearekin prozesioa egiten zen sakristiatik aldare nagusira, “Cantemos al amor de los amores” abestuz.
 
 Herriko plazan Aste Santuko prozesioa. 
1925. urtea

Eguen Santuan jarraituz, arratsaldean, prozesioa egiten zen. Jende asko biltzen zen, eta orain Seguran egiten diren bezalakoak ziren garai hartan Antzuolan egiten ziren prozesioak.Prozesioa kaletik Antigua aldera egiten zen, orden honetan:

1. Estandartea eta bandera

2. Izara Santua

3. Ortu Santua

4. Jesus Nazarenoa (Antiguan dagoena)

5. San Juan

6. Madalena

7. Ama Doloretakoa (Antiguan dagoena)

8. Abeslariak edo korua

9. Apaizak

10. Udaletxeko ordezkariak

11. Emakumeak, arrosarioa errezatzen

12. Kalearen alde batean eta bestean gizonezkoak, umeak tartean, joaten ziren. Erdian joaten ziren santuak.  

Ostiraletan, berriz, Madalena eta Ama Doloretakoaren erdian, Jaungoikoa kristalezko kutxa batean hilda –eta parrokian koruko bidean bitrina batean gordeta dagoena-, ateratzen zen.Banderak ere eramaten ziren.

Prozesioa ondo zuzentzeko gidariak joaten ziren: beltzez jantzita, eskuan egurrezko makila bat, eta bere gainean gurutze bat zegoela. Santuak-eta eramaten andazainak joaten ziren, tunika beltzez jantzita; eskuan, berriz, urkilak bertan atseden garaitan santuak-eta jartzeko. Aurre aldean, santuen alde batean eta bestean, kandela handi batzuekin, edo “atxiarekin”, gizon batzuk joaten ziren. Lazarenoaren atzean lazareno txikiz jantzita umeak joaten ziren: egurrezko gurutze batekin, oinutsik, eta buruan larrez egindako koroi batekin. Geldiune bakoitzean kantoreek edota koruak abesten zuten. Gizakume eta emakumeak zatituz, erdian, aguazila joaten zen. Emakumeak tropelean joaten ziren beltzez jantzita, buruan mantila batekin. Emakume askok aprobetxatzen zuen egun hori egindako traje berriak estreinatzeko. 

Emakumeak beltzez jantzita. Eta ahal zuenak traje berria eginda estreinatuz. 1925. urtea.

Orduantxe erakusten zituzten traje berriak... baina baita “Kontzesio” egunean ere! Gure bizitzan trajea oso inportantea izaten zen: “- Sarritan egiten zen traje berarekin lurperatzen gintuzten”. Ez trajeak bakarrik, baizik-eta buruko mantilak estreinatzeko eguna ere izaten zen. “Kontxanenian” saltzen ziren mantilak; han eskaparatean egoten ziren, eta gu, umeak, inbidiaz eskaparate aurrean. Ez mantilak bakarrik, Jaunartzeko liburuak eta arrosarioak ere bertan saltzen ziren. Prozesioan, jakineko jendeak eramaten zituen santu batzuk: Uzarragakoak San Juan zeramaten eta, Lizarragoak, berriz, Madalena. Eta hau hala zen, azkenean euren poltsikotik ordaindutako santuen irudiak zirelako. Gainontzekoak eramateko ez zegoen ohiturarik.Antiguara iristen zenean, lehen baselizaren aurrean zeuden Kalbarioko gurutzeen parean, santuak ermitara begira jartzen ziren, eta otoitzaldia egin ondoren, berriro parrokiara joaten zen prozesioan. Han beste otoitzaldi bat egin eta kalera meriendatxo bat egitera; “- baina gizonezkoak, andrakumeak ez!”.

 
 Aste Santuko prozesioa. Goian, Kalegoin. 
Behean, Antiguan. 1925. urtea

Prozesioa burutzen zenean gurutzea adoratzeko ohitura ere egoten zen. Parrokian, Uzarragan, Maristetan, Antiguako ermitan gurutzeak lurrean edo aldare aurreko eskaileran egoten ziren jarrita. Horrela norbera joan, belauniko jarri eta musu bat emanez gurutzeari, diru pixka bat lagatzen zen bandeja batean.
Santuak norberaren poltsikotik ordaintzeaz aipatu da, eta hona hemen etxe baten aurkitutako dokumentu batek zer dioen horretaz:“ Antzuolan, inguruko hainbat herritan egiten zen bezala, Aste Santuko ostiralean prozesioa egin eta prozesioa egiteko behar ziren “paso”ak edo irudiak egiteko komisioa bat antolatu zen, eta irudiak egiteko erabakia hartu ziren. Bertan ere, ideia honen promotoreak zeintzuk ziren, gastuak eta auzotar nahiz herritar bakoitzak emandako diru laguntzen berri ere ematen da. Mila zortziehun eta laurogei eta hemeretziko urtea zen ideia hau gauzatu zen data. Orduan, ostegun santuan egiten ziren prozesioak bakarrik, eta ostiralekoak ez ziren egiten egun horretarako irudirik ez zegoelako”. Beraz,... “Aspalditik zegoen asmoa herri honetan, beste herri batzuetan egiten zen bezala, Ostiral Santuan prozesioa egiteko... Horrela 1899ko urtarrilaren 1ean Parrokiako sakristian, berrogei pertsona elkartu ziren orduko parrokoa zen Juan Jose Kortabarriarekin...  Han elkartu zirenen artean Antzuolan inoiz ospatu ez zen Ostiral Santua ospatzeko “bulto” batzuk egitea zenez, horretarako komisio bat egitea erabaki zen: Parrokoa (Juan Jose Kortabarria), Koadjutoreak (Manuel Laskurain eta Tomas Olaran –Uzarragakoa-), alkatea (Nicolas Azkarate), udaletxeko diruzaina (Jose Maria Telleria), Jose Maria Antia (lehengo alkatea), Eusebio Madariaga (udaletxeko idazkaria) eta Ignacio Laskurain (medikua). Baita ere, dirua biltzeko, auzoetako arduradunak aukeratu ziren:

  • Barrenkale: Pedro Jose Lete
  • Bustinzuri: Roke Irizar eta Ignazio Laskurain 
  • Kalegoen: Nicolas Azkarate 
  • Ondarre: Frantzisko Alberdi 
  • Goi Irimoegi: Jose Maria Antia, Jose Orueta eta Jose Ibarguren 
  • Lizarraga: Pedro Kortabarria eta Juan Kruz Agirrezabal 
  • Behe Irimoegi; Jose Castor Azkarate eta Pedro Legorburu
  • Basalde: Jose Maria Agirre eta Nicolas Azkarate 
  • Galarza: Emeterio Goenaga eta Ignazio Laskurain

Jendearen erantzuna berehala etorri zen: herriko lau pertsonek “Jesus bere kaxan hilobiratua” egiteko eta ordaintzeko dirua eskaini zuten; auzo batek, San Juan euren deboziozkoa zenez, bere irudia ordaintzeko erabakia hartu zuten. Arrakasta hau ikusirik, komisioa berriro elkartu zen eta bertan erabaki hauek hartu ziren:
1.     Kristo hilobiratuaren irudia, San Juanena eta Otoitzaldia Ortu Santuan egin daitezela.
2.     Kristo hilobiratuaren kutxa eta anda desberdinak –euren akzesorio guztiekin- herrian egin daitezela.
3.     Bartzelona, Valentzia eta Madrileko zenbait etxetara idaztea aurrekontuak eta argazkiak bidaltzen eskatuz aukera egiteko.
4.     Kristo hilobiratua eramateko eskubidea ordaindutakoek izatea, eta egubakoitza santuan ateratzea. San Juan irudia, berriz, auzotarrak ateratzeko eskubidea izatea eta ostegun eta stiral santuan ateratzea.

  • Kristoren kutxa Eusebio Madariagak egin zuen, eta margolaria Eustakio Agirrolea izan zen. Kristoa, berriz, Bartzelonako Campos Alargunaren tailerretan egin zen. Gastoak guztira, 1191,45 pzta. izan ziren, jende honek ordainduta kopuru berdinetan: Juan Jose Kortabarria, parrokoak; Nikolas Azkarate, alkateak; Eusebio Madariaga, udaletxeko idazkaria; Emeterio Goenaga, Urruti baserrikoa eta alkatea izandakoa.
  • San Juan apostolua, Valentziako Romero Tena etxeak egin zuen, anda-egilea Eusebio Madariaga izan zen eta, margolaria, Agirrolea jauna. Guztira, 883,2 pezeta izan zen, eta Uzarragako auzotarrek ordaindu zuten. 
  • Ortuko Otoitzaldia, berriz, Bartzelonako Campos Alargunaren tailerretan ere egin zen; anda-egilea Eusebio Madariaga izan zen eta, guztira, 1251,40 pezeta izan zen. Hau hainbat herritarrek ordaindu zuten, eta parrokoaren eskuetan laga zen zeinek aterako zukeen ostegun eta ostiral santuan prozesioan. Zumarragatik Kristoa eta Ortuko Otoitzaldia ekartzeko, Arrandaiko Jose Castor Azkaratek aurkeztu zuen bere burua.
(...) Bide batez pentsatu zen ere ostiral santuko ospakizunari indar gehiago emateko-edo,  interesgarria izango litzatekeela nazarenoz jantzitako umeak ere, hamahiru guztira, ateratzea. Beraz, familia batek bere kasa ordainduko balu nazarenoak eraman beharreko egurrezko gurutzea eta abitua, eskubide osoa zukeen prozesioan irteteko (Dena dela, esan beharra dago, pertsona batzuk jantzi batzuk erregalatu zituztela, euren poltsikotik ordaindu zituztela, herriko umeak erabiltzeko).

Beraz, hau izan zen jasotako diruaren laburpena:

·        Lizarraga auzoa:162,25
·        Goi Irimoegi:150,00
·        Behe Irimoegi: 99,25
·        Basalde: 130,50
·        Galartza:76,00
·        Barrenkale: 189,50
·        Bustinzuri: 235,15
·        Goenkale: 107,50
·        Ondarre: 25
·        Kanpotik: 59,50

GUZTIRA:  1.634,65 pezeta
(Uzarragan, San Juan irudiarentzat, 883,92 pezeta)”. 
 
Prozesioa Antiguan. 1925. urtea

Egubakoitzean baserrian ez zen soroko lanik egiten: bijilia edota barau eguna izaten zen. ”Kanpai baraua” egiten zen: egun horretan kanpaia jotzen zen unetik, larunbat arte baraua egiten zen. Ezin zen haragirik, hegaztirik, txerrikirik... jan; arrautzak bakarrik. Edo patatekin egindako tortilla ere jaten zen. Baina baita bakailaoa ere. Urtean behin aitortza eta Jauna hartzeko erabiltzen zuten askok egun hau. Urtean behin aitortza edo Jaun hartzea egiten zutenei “urte moxalak” esaten zitzaien: “- Urte moxal asko daude aurten ere!” edo “- Ile luzea konfesiño luzea” ere esaten zen.
Denok dakigun bezala,  urtean zehar mendian egondako moxalak ile luzea izaten dute; bada gizonok ere berdin: “- Urte guztian elizarik zapaldu gabe, edo aitortza eta Jaun hartzerik egin gabe asko ziren lehen ere!”. Lehen, dena kontrolatzen zen, zein joaten zen elizara eta zein ez.
Aitortza eta Jaunartzea urtean zehar desberdina izaten zen: “Apostolado de la Oración”ekoek edo Jesus Bihotzenekoek, hiruhilabete behin izaten zuten. Luistarrak, berriz, hileko laugarren domekan eta, Mariaren Alabak, hileko bigarrenean.
Aste Santuetan ere, fraidea ekartzea jendea konfesatzeko eta sermoiak botatzeko ohitura izaten zen. Egubakoitza “Idulentzia” eguna ere izaten zen. Mezarik ez zen egoten, baina arratsaldean, eguenean bezala, prozesioa egiten zen. Goizean lehendabizi “idulentzia” egiten zen; hau da, Jesus “preso” askatu egiten zen eta arratsaldean “Hilda Jesus” abesten zen. Gero, arratsaldean, “Gurutzea adoratzea” egiten zen, eliztarrak aldare ingurura joan eta gurutze santuari musu emanez, erreberentzia bat egiten zen. Ondoren, Kristoren entierroa edo hileta egiten zen prozesioan Antiguara, eta horretarako kristalezko kutxan hildako Jesus ateratzen zen; eta Madalenaren atzean eta Ama Doloretako aurrean jartzen zuten.
Egubakoitzean ere, beltzez forratutako danborrarekin, danborrero bat joaten zen pausoa markatzen (“tan-tan-tan-tarrapatan –hiru aldiz-; eta berriro hasi). Garai hartan, Pedro “Xakuerre” ibiltzen zen danborra joten. Antiguatik buelta egin ondoren, eta santuak euren tokietan laga eta otoitz txiki baten ondoren, kalera. Gero, meriendatxo bat egin eta etxera.
 
Nazarenu jantzita. 1947. urtean

Elizkizunak bukatuta, nazarenoz jantzita irtendako umeak eta kantoreak udaletxera, bertako areto nagusira, joaten ziren lunch bat hartzera. Umeei eta abesbatzako umeei piku, mahats pasa,... poltsa bat ematen zitzaien. Nagusiei, berriz, ardoa eta ogia, pikuak,... 

Zapatuan, goizeko 9retan “Aleluia” elizkizuna izaten zen. Baina aurretik, goizeko 7retan, ura eta sua bedeinkatzen ziren.Egun horretan bedeinkatutako suarekin, mutilek ardaiak pizten zituzten, gero baserriz-baserri eta etxez-etxe ibiltzeko. Neskek, berriz, bedeinkatutako ura ere hartzen zuten, jendeari etxeetan ur bedeinkatua eskaintzeko. Eskaintza hau eguerdi arte izaten zen:
“- Mutilak burruntzian esekita zeramaten piztutako ardaia. Poltsikoan, berriz, ardaia zati txikiak, etxean aurretik mailukarekin ongi zapalduta, gero hobeto pizteko. Etxe aurrera ailegatzen zenean, poltsikotik ateratzen zen urdaia zati txikia, eta burruntzian zeramanarekin elkartuta, putz eginez, txikiak sua hartzen zuen. Ondoren, etxekoandreak hartzen zuen eta sutara edo labera botatzen zuen, eta horrela bedeinkatuta gelditzen zen. Etxekoandreak horren ordez limosnatxo bat ematen zuen: “-Bost –edo hamar- zentimo!”). Honen inguruan, ezbehar bat ere egon zela Lizarraga auzoan, Bizkalatza azpian dagoen errotaren ur-deposituaren inguruan, esaten da. Dirudienez ume bat erreta hil ei zen, poltsikoan zeraman urdaiak erropetan suak hartuta”.

Prozesioa Antiguan. 1925. urtea

“- Urarekin antzerakoa: ura hartu eta etxeetan eskaintzen zen. Bedeinkatua ura etxe guztietan egoten zen garai batean. Ekaitza zetorrela-edo, ur bedeinkatua hartu eta erramu zati batekin bustiz, bota egiten zen etxera edo sorora. Erramua sutako hautsetan ere jartzen zen. Dena ekaitzaren beldurrarengatik. Animaliekin ere gauza bera egiten zen: kanpora eraman beharra zegoela-edo... bedeinkatu egiten zen ur bedeinkatuarekin. Eta norbait hiltzen zenean ere, han egoten zen ur bedeinkatua! Etxeetan, bada, ur bedeinkatua egoten zen... Hasiera batean Mendekostetik  Pazkoetaraino, baina ondoren urte guztian ez zen faltan izaten ur hori”.

Domekan, Pazkoa eguna izaten zen. Gazteentzat egun handia: bi hilabete lehorrean pasa eta gero, erromeriak hasteko garaia berriz ere. Entzunda ere bagaude Alexandro “Gorriz” soinu-jolea, bere aitak laga ez-eta, Garizuma garaian ezkutuan ibiltzen zela musika entsaiatzen. Dena dela, berez, musika, zenbait tokitan zapatuan hasten zen, “Aleluia” kantatu ondoren. Baina hemen domekan hasten zen.Antiguan meza nagusia izaten zen goizean, bederatziak inguruan. Jendea prozesioan joaten zen Antiguara “Haurtxo Jesus” eta “Arrosario Ama” eramanez. Gero, bueltan, “Haurtxo Jesus” laga Antiguan, bertan egoten zelako, eta Arrosario Amarekin behera parrokiara berriro.


Gehiago ahotsak.com:







No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada