2013/04/30

ETXEKO URA. EZTALAKO UR BILTEGIA: 1909. urtea.

Antzuolako herriak edateko ura Urkulutik hartzen duenetik, esan dezakegu garai bateko ur-mozketak historiara pasatu direla. Eztala gainean, gaur egungo futbol zelaian, hasiera bateko ur-biltegia ikus daiteke eta, bertan, gure etxeetara Mixo aldetik zetorren ura biltzen zen. 

Garai hartan, ugariak izaten ziren mozketak uda partean, eta gutako asko joanak gara —etxeetako baldeak edota pitxarrak hartuta— Ondarra, Plaza edota Kalebarrengo iturrietara, etxekoetara urik iristen ez zelako. 

Beranduago, Lizarraga auzoko ura jasotzen hasi ginen, eta ur-emaria handiagoa bazen ere, gehiegizko kontsumoak alde batetik eta lehorteak bestetik, ur-arazoak berriz ekarri zituzten herrira. Ondorengoa jakina da, Urkulutik baitatorkigu ura, eta lehorte handi bat izan ezean —1989koa adibidez—, esan daiteke gure etxeetara (eta lantokietara) ura etengabe iristen dela.

 Eztalan zegoen ur deposituaren ateburua kendu eta ipini aurretik, eta ondoren. Bertan irakur daiteke " Año 1909"

Etxeko ur-kontsumoak, beraz, buruhauste bat baino gehiago eman digu herritarroi hainbat garaitan. Eta garaian garaiko erantzuna eman nahi izan zaio arazo honi. Baina, hasierara joaz, noiz hasi zen Antzuolako etxekoandrea errekako edota herriko iturrietako ura erabili beharrean, etxeko ura erabiltzen? Ez dago ukatzerik, urrats hau oso garrantzitsua izan da zibilizazio guztietan eta horren eragina herritarren bizi kalitatean islatu da; are gehiago, “siendo tan indispensable para las necesidades de la vida moderna (…) y el que predice el grado de adelanto y civilización de los pueblos”. 

Hitz hauek, garai hartan ikuspegi aurreratua zuen Wenceslao Aguirrebengoak, Antzuolako etxeetara ura ekartzeko proiektua egin zuen injineruak erabili zituen, bere proiektua justifikatzeko eta defendatzeko. XX. mendearen hasiera zen; 1904a hain zuzen ere.

Urte hartan Antzuolak 1.500 bizilagun zituen eta udan arazoak izaten ziren herriari ura eskaintzeko; eta gure protagonistak esaten duen bezala, ezin da onartu “que en los meses de verano tenga una dotación de 20 litros por minuto”. Ur-kopuru hau, bada, gutxiegi zen jendearen udako beharrak asetzeko eta, gainera, “tampoco alcanza la dotación que la Ley señala”.

Ez dirudi une hartako herritarren kezka bakarra udan urik ez izatea zenik. Alegia, zer
egin herrigunean suteren bat piztuko balitz? Nola itzali? Nongo ura erabili? Bazirudien
une hartan antzuolarrok arduratuta zeudela Ondarren kokatuta zegoen Olarango larru-ontze lantegiarekin; izan ere, herriaren erdi-erdian zegoelako eta bere solairuak eta teilatu inguruak sua erraz hartzeko substantziez beteta zeudelako, eta sua hartuz gero: “había de alcanzar grandes proporciones y de resultados fatales para la Villa, que no cuenta con medio alguno para combatirlo”.

Baina, hori guztia egiteko nahi beste ur al zegoen Antzuolan? Dirudienez, bai, Iturriozpeko ekialdeko hegalean sortzen diren Mixo edo Mendizabal, Loyola eta Arizti izeneko errekatxoak erabiliz gero. Neguko ur-emanari begiratuta, hau da, ur asko zetorren garaietan, lehenak (Mixo) segundoko 8 litro, bigarrenak (Loyola) 30 eta hirugarrenak (Arizti), 22 litro ematen zituzten. Hala ere, udan, asko jaisten zen ur kopuru hori: 1, 4 eta 3 litrora, hurrenez hurren.
Eta nola ekarri ura? Mixo eta Loyola errekak tutuen bidez kanalizatuko ziren Arizti errekaraino, eta hemendik ura erregulatuko zukeen biltegira bideratuko litzateke.

Noiz hasi ziren obrak esleitzen? “El domingo 6 de junio próximo (año 1909), después de la misa mayor, se pondrán en pública subasta, por el sistema de pliegos cerrados, en la Sala Consistorial y con su separación:
1º. La apertura de zanjas para la traida de aguas a esta población de la regata de Arizti.
2º. Las obras del depósito de carga y, 3º. transporte de la tubería desde la estación de Vergara al pié de la obra.
Todo conforme al presupuesto y condiciones que en el interim se hallarán de manifiesto en la secretaría del Ayuntamiento”.

Enkantearen emaitzak hauexek izan ziren:
• Zuloak tutuak sartzeko, Juan Pedro Sarobek eskuratu zuen, 1.883 pezeta eta 90 zentimoko eskaintza eginda (aurrekontua baino % 5,5 gutxiago).
• Ur-biltegirako, Tomas Zabaleta, 2.412 pezeta eta 50 zentimo (-% 18).
• Tutuak Bergarako geltokitik ekarri eta behar diren tokietara eramateko, Guillermo Larreari, 321 pezetan (-% 26,5). 
 
Eztalako ur depositua barrutik.
 
Kanposantu aurrean ur deposituaren ura erregulatzekoa


 

 Eztalako ur deposituaren gaurko egoera

Esleitu bezain pronto hasi ziren obrak eta, 1910eko urtarrilean, obretako arduraduna zen Eusebio Madariagak, obretako likidazioa egin zuen (Ariztiko errekatik Landatxora, eta hemendik Eztalako ur-biltegira joaten zena).

Aipatu behar litzateke, dena dela, Eztalako futbol zelaian gaur ikusten den ur-biltegiaren egitura ez dela garai berekoa, 1910ekoa, baizik eta 1950eko hamarkadakoa. Zehatzagoak izanda, 1957ko otsailaren 23an zera erabaki zuen herriko Udalak: “Adquirir a los Hermanos Maristas 400 metros cuadrados de terreno en el paraje llamado “Eztala” para la construcción de un depósito de aguas al precio de 24 pesetas el metro (cuadrado)”.


Aiztiko errekaren ura hartzeko lekua

UR DEPOSITOTIK ETXEETARA URA

Hurrengo lan garrantzitsua ur-biltegitik kalera ura ekartzea izan zen. Baina, hori, herritarrek egindako eskaera-kopuruaren arabera egingo zen; izan ere, kalera ura ekartzeak soilik ez du ezer konpontzen, ondoren sarera konektatzen ez bazara. Zeintzuk izan ziren bada ura etxeraino ekartzeko beharra adierazi zutenak? Bada ohikoa denez, ez edozein herritarrak, baizik eta zerbitzuetara dedikatzen zirenak edota nolabaiteko errenta maila zutenak. Hori dela eta, lehenbiziko zerrenda honetan izena eman zutenak azaltzen dira: herriko ostalari, industri arduradun eta beste ahaldun batzuk (zibilak eta erlijiosoak).Bertan daude: Eusebio Madariaga, Luis Galfarsoro (apaiza), Santiago Arin, Francisco Irizar, Antonio Madariaga, Esteban Larrañaga, Pablo Azkarate, Francisco Ibarguren,  Vicente San Sebastian, Isidora Arbe, Andres Aguirrezabal, Fernando Olaran, Policarpio Galarza eta Pedro Alberdi. Zerrenda honen nahikotasuna ikusirik, 1909ko azaroaren 28an Udalak zera erabaki zuen: “Se acuerda entradas en las casas con tubería de media pulgada”.



1957ko ur depositua Mixotik zetorren ura hartzen zuena

Baina bigarren pausu bat ere eman behar zen etxera ura ekartzeko, hau da, sukaldean
eta komunean ura izateko etxe barruan obraren bat egitea. Badirudi, herriko apaiz Luis
Galfarsorok berandu samar egin zuela obra hau, nahiz eta lehenengoetakoa izan izena ematen. Hala adierazten digu behintzat, 1914an apaizak egindako “instalar agua corriente en el lavabo de la sacristía y retrete de la misma iglesia” eskaeran. Bertan, alde batetik, laguntza eskatzen du obrarako eta, bestetik, berriz, erabiltzen duen ura ez ordaintzea. Udalak 100 pezeta ematea erabaki zuen obrako gastuak ordaintzeko, eta ura ez ordaintzeko eskaera ere onartu zitzaion. 

 
 Aiztiko errekaren ura kanalizatuta

Eskaerak eskaera, badakigu 1910eko otsailaren 1erako, herriko 23 etxek jarria zutela edateko ura … kontadore eta guzti!!!
Baina, nahiz eta hasiera batean pentsatu ur-hornikuntza hau nahikoa izango zela, berehala antzeman ziren arazoak zerbitzuan, batez ere uda partean. Egoerak okerrera egin
ez zezan, Udalak uraren kontsumoa erregularizatu nahian, 1910eko abuztuaren 21ean arautegi eta kontsumo-salneurri berriak onartu zituen. Horrela, uztailaren 1etik aurrera,Udalak, kuota minimo bezala 1,25 pezeta kobratzea erabaki zuen.
Gaur egun, berriz, Ariztiko errekatik datorren ur hau, Lapatza baserriko negutegiak ureztatzeko Zorrozkon eraiki den ur-biltegia hornitzeko balio du. 

LARREBARREN. 
KALEBARREN ETA ONDARREKO ITURRI BATERA JOATEN DEN URA HARTZEKO UR KANALIZAZIOA
 UZARRAGAKO ANTZINAKO LABADEROA. BERTAN ERE KOKATUTA DAGO URA HARTZEKO BESTE DEPOSITU SAKON BAT
 MIXOKO URA KUDEATZEKO ERREGISTRO ETXOLA

 `MIXO´BASERRIA. BERTATIK HASI ZEN ARIZTIKOAREN ONDOREN HERRIRAKO ANTZUOLA URA HARTZEN


Eztalan dagoen ur depositua
1909. urtean egina. Gaur desagertuta


JOSE MARI ITURBEK EGINDAKO PLANOA

No hay comentarios:

Publicar un comentario