2013/04/06

KUKUA ANTZUOLARA AILEGATU DA!




Kukuak ez du lumetan aparteko ikusgarritasunik

Garai batean oso esanguratsua izaten zen kukuaren kantua entzutea, horrek adierazten zuelako udaberria bertan zegoela. Kukuarekin batera, beste bi gertakari izaten ziren aipagarriak esateko negua bukatu zela. Alde batetik enarak hemen ikustea, eta martxoaren erdi-bukaerarako hori hala izaten da, eta bestea itsas-antzarrak zeruan iparraldera joaten ikustea, orain gertatzen ari den bezala.

Arrautza bakarra beste txori habietan lagatzen du kukuak.
Esanak diosku Ama Birjina Martxokoan (martxoak 25) kukuak Erromako zubia pasatzen duela. Baina egia da hegazti migraria dela kukua, eta Afrikan ematen duela negua, Sahara azpiko Afrikan. Gure artean, berriz, denbora gutxi egiten du, martxotik ekainera bitartean. Eta bere kantua entzutetik ez entzutera berehala pasatzen da; izan ere, esaera zaharrak dioskun bezala: "San Pedro egunean ku-ku (ekainak 29), San Martzialetan mutu (ekainak 30)".
Kukuak batzuentzat zoriona dakarren bezala, beste batzuentzat zori txarra dakarrela dioskute. Gure artean, zori ona aipatzen da poltsikoan dirua izanez gero, orduan zure urtea oparoa izan daitekeelako. Beraz, ohitura izaten da kukuaren kantua entzuterakoan poltsikora begiratzea. Dirurik izanez gero, urte oparoa izango duzu. Dirurik ez badaukazu, orduan ez da zuretzat urte ona izango.
Kuku txorikumea arrautza jarritako habiaren txoriak elikatzen du berea izango balitz bezala.
 
Kontua da Antzuolan dagoeneko entzun dela aurtengo kukuaren kantua, martxoaren 31n izan da, Basalde auzoan, `Kateaga´ erreka inguruan

 Kukua `Kateaga´ inguruan


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada