2013/05/26

ERREGE-BIDEAK ANTZUOLAN

Autopistaren obrak hasi direla eta, momentu egokia izan daiteke errege-bideaz, edo nahi bada Antzuolatik pasatzen ziren garai bateko errepideei buruz hitz egiteko.

Bi epealditan banatuko dugu bidegintza hau: XVIII. menderaino eta ondorengoa.

"Leku guztietatik joaten dela Konpostelera" entzun izan dugu sarri. Eta hala da, makina bat bidek zeharkatzen dutelako gure geografia, eta bidegurutze zuzenak hartuz gero, gai izaten gara destinora ailegatzeko.  

Hala ere, guretik ez zen erromatar garaiko galtzadarik pasatzen. Zaharrena dugun errege-bidearen jatorria Arlaban mendatetik zetorren. Bertatik, Leintz bailarako herriak zeharkatuz, Bergaraino iristen zen. Eta hemen, Elgetatik zetorrenarekin bat eginda, Antzuolako bidea hartzen zuen. Eta hemendik, Basaldetik Botonera, Deskarga alde batera lagaz. Botonetik Santa Barbara, eta gero Urretxura. 

Hau zen erdi aroko bide zaharra, eta XI.mendetik aurrera erromesek ere erabiltzen zutena. Honen lekuko izan daiteke San Martzial ermitan dugun Santiago erromesaren irudia eta aldarea.

XVIII. mendea etorri aurreko errege-bidea oso xumea zen, beraz, eta gaurko errepidetik oso goitik zihoan, erreka bazterrak ahalik eta gehien saihestuz.
 
 Errege-bide zaharra Boenbulun.

Une hartan Antzuolako bide honek ez zeukan balio estrategiko handirik Gipuzkoarentzat, izan ere bide hau garai hartan aberatsagoak eta komertzioari begira indartsuagoak ziren hiribilduetatik kanpo zegoen. Adibidez, Gatzagatik Debaraino zihoan errege-bidea oso estrategikoa zen ikusmira ekonomikotik begiratuta.

BOENBULU eta ANTZINAKO ERREGE-BIDEAREN HASIERA

Boenbulun, argazkian ezker aldean ikusten den bidetik hasten zen garai bateko errege-bidea. Hemendik joaten zen Burdingurutze bezala ezagutzen dugun zubira; hau da, Galartza auzotik behera datorren erreka gainetik pasatzen zen bidera, eta hemendik gorantz Bidaurre (bide + aurre) baserriraino igotzen zen


BURDINGURUTZ ETA ANTZINAKO ERREGE-BIDEA

Argazki honetan ikusten da harkaitz baten gainean gurutzea, aldi berean Antzuola eta Bergara udalerrien arteko mugarria ere badena, eta errege bidea bertatik pasatzen. Hemendik Bidaurrera. Eta azpiko argazkian ikus daiteke baserriko txabolaren gainaldean garai hartako trazadura zaharra.
Bidaurre baserria (goian) Benitua (behean)
Goiko baserria da Bidaurre. Bertatik pasatzen zen bidea, eta Benitua ere gertu zuela Iruetxeta baserrira iristen zen bera.

 Iruetxeta baserria bota ondoren, beste bi etxe berri hauek ikus daitezke.
Beraz, Bidaurre baserritik jaisten zen Iruetxeta baserrira, eta hemendik Antzuolan sartzen zen. Goiko argazkian ikus daiteke bidearen trazadura baserrira iristen.

Herrigunetik pasatuta Basalde auzora joaten zen, San Blas (Santa Engratzia garai hartan) ermitaren eta Aitzagabasalde baserriaren aurretik. Hemendik Erautza baserrira. Eta bere baserri ostetik gorantz, Boton izeneko lepora.



Erautza baserria eta baserri aurrean Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako zundaketan atera zen garai hartako errege bidearen trazadura eta harlosak. Gaur egun desagertuta AHT obrak direla eta.

Botonetik ateratako argazki honetan ikus daiteke Santa Barbara ingurua. Bertara zihoan errege bidea.

Botonetik, bada, Santa Barbaraino, eta hemendik beherantz hartzen zen, Urretxura iritsiz.


Urretxura iristen. Hau da Antzuolatik zetorren errege bidea.

XVIII. mendetik aurrera, berriz, egoera aldatzen da, eta Espainiako Gobernuaren berrikuntzen politikekin ere bat egiten du Gipuzkoako Batzar Orokorrak. Halaxe, 1753an aurkeztu zuen Batzarretan Frantzisko Iberok Gipuzkoarako errepide mapa berria, hasi Arlabanetik eta Frantziaraino zihoana.

Hamasei urteko obra bat izan zen proiektu hau. Proiektu honek, baina, bazuen bitxitasun bat, hau da, errege-bide berria Oñati eta Legazpitik zihoala, eta ez Antzuolatik. Baina Bergara eta Soraluzen protestek erabakia aldatzea ekarri zuen, eta Oñatitik psatu beharrean Antzuolatik, Deskargatik, bidea egitea erabaki zen.

1765ean hasi ziren obrak Antzuolan eta 1775ean bukatu.

Trazadura honen nondik norakoa gaur egun agirian dago autopistaren obrako hainbat zatitan. Besteak beste, hasi Lapurzubitik Arizti baserriraino.
 
 LAPURZUBI (Galartza auzorako bidea). XVIII. mendeko zubia da.
IGERIBARAIZPARRUNDI BASERRIA ETA ERREGE-BIDEA (XVIII. MENDEA)

IGERIBAR-ERROTA ETA ERREGE-BIDEA 
(XVIII. MENDEKOA)
IGERIBAR-ERROTA ETA ERREGE-BIDERA 
PASATZEKO ZUBITXOA



ERREGE-BIDEA ETA AZPIAN BURUBIKO ETXEA, 
BERGARARA DOAN BIDE ERTZEAN
ARIZTI BASERRIA ETA ERREGE-BIDEA
Ikusten den bezala, antzinako errege-bidea alde batera lagatzen zen, eta erreka ertza jarraituz ailegatzen zen herrira. Baina aldaketak ez ziren hemen bukatzen, izan ere Basaldeko antzinako bidea ere lagaz, gaur egun ezagutzen dugun Deskargako bideari ekin zitzaion. Gaur Deskargara egiten dugun bidearen trazadura, bada, XVIII. mendearen hirurogeigarren hamarkadan hasitakoa da. Esan beharra ere badago, batez ere urte batzuk dauzkagunontzat, Deskargatik  Zumarragara egiten zen jaitsiera bihurria (oraindik ere horma zaharrak ikus daitezke bertan) garai honetakoak ere direla.

Hemen azpian ikus daitezke Francisco de Iberok Antzuolako errepidearen trazadurako egindako planoak. Interesgarriak bertan herriko baserri, errota, erreka ... berri ematen dizkigutelako.

BOENBULU ETA ILLUNPETIK LAPURZUBIRAINO

LAPURZUBITIK IGERIBAR-ERROTA ETA IGERIBARAZPARRUNDITIK ARIZTIRA
ARIZTIRA AILEGATZEN
HERRIGUNETIK, PLAZATIK, PASATZEN DA 
ERREGE-BIDEA. BERTAN ZEGOEN OSTATUA ERE (Gaur `Martin´ okindegia)
PLAZATIK ANTIGUARA, ETA HEMENDIK BASALDE ALDERA
DESKARGATIK GORA (OLAMENDI BASERRIA ORAINDIK ERAIKITZEKE ZEGOEN)GOIKOLAURA, ETA HEMENDIK, DESKARGARA


Iturriak:
  • Barrena, Elena (1991). Gipuzkoako komunikabideen historia. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa
  • Astiazaran, Isabel (1995). La construcción de los caminos reales de Guipúzcoa en el siglo XVIII. Donostia: Gipuzkoako Diputazioa.



No hay comentarios:

Publicar un comentario