2013/06/01

KORPUS EGUNA


Korpus Egunak (Gorpuzti Egunak)badu bailaran sona berezia, batez ere Oñatin ospatzen den egun honek baduelako berezitasun aparta bat, bertan herri osoak parte-hartzeaz gain, prozesioan mozorrotuta azaltzeko, edo hobeto esanda, San Migel eta apostoluak irudikatzeko ohitura dagoelako.
 
 Oñatiko Korpus Eguna
Antzuolan ere ospatzen da egun hau, eta Ondarre auzoak hartzen du bere gain bere antolaketa. Nola ez, garai batean ere ospatzen zen: 

"Jai handia izaten zen; Ondarreko eguna. Meza nagusiaren ondoren, Gure Jaunarekin prozesioa egiteko eguna. Horretarako prozesioa pasatu behar zen tokitik –Buztinzuritik, Kalegoi hasteraino, eta hemendik behera Ondarreraino- “aizebuztana” edo azeri-buztana eta “iziaz” belarrez estaltzen zen bidea; zenbait tokitan loreak ere jartzen ziren. Etxe bakoitza bere etxe aurrea belarrez edota lorez estaltzen arduratzen zen. Esate baterako,  Tellerianekoak euren etxe parean arrosa hostoak botatzen zituzten. 


KORPUS EGUNA ONDARREN. 1927. URTEA.


KORPUS EGUNA ONDARREN. 1931. URTEA
Eta prozesioa pasatu behar zen etxeetako balkoietan zapi edo izara zuria ere jartzen zen; batzuk bandera nazionaleko kolorekotakoa; beste batzuk, berriz, “Sagrado Corazón”en irudiarekin (kartoizko Jesusen Bihotzaren irudiarekin. Jesusen Bihotza eguna, korpusetik hurrengo asteko egubakoitza izaten da). Baina baita Gure Jauna pasatu behar zen tokietatik, zabaleraz metro bat eta luzeraz hogei bat metro zituen lihozko tela zuri bat ere jartzen zen. Gure Jauna pasatu aurretik zabaltzen zen izara moduko hau, eta bere gainetik apaiza pasatzen zen. Pasatu ondoren batu egiten zen. Egun horretan ere, txistulariok “San Inazio martxa” joten zuten prozesioan. Martxa hau Pazkoa egunean ere joten zen. 

Prozesioa horrela egiten zen: kale ertzean, bi ilera eginez, gizonezkoak joaten ziren; erdian, sei gizon zerua (edo palioa) eramaten, eta zeruaren azpian, hiru abade joaten ziren, erdikoak, parrokoak, Gure Jauna zeraman eskuetan helduta. Atzean, udaletxekoak eta, ondoren, udaletxekoak eta emakumeak zatituz aguazila joaten zen. Aurrean, korua kantuan joaten zen. Aurretik ere umetxoak aingeruz jantzita, zuriz, hego eta guzti, joaten ziren. 

Ondarren aldarea jartzen zen arbola hosto eta abarrekin. Han otoitzaldi bat egiten zen Gure Jauna eskainiz, eta berriro elizara bueltatuz, elizkizuna bukatzen zen. 

Ondarren erromeria ederra egoten zen, gainera taberna bertan, oso ondo pasatzen zen bertako eguna".

Garbi dago garai batetik hona gauzak dezente aldatu direla, baina eratako batzuk mantentzea lortu dira Ondarreko bizilagunei esker.Zapatuan, adibidez, afari ederra egiteko gai izaten dira, egunean zehar herriko umeentzat ere jolasak-eta eskainiz.

Igandean, ostera, prozesioa ospatzen da, eguraldiak laguntzen badu. Eta ondoren, herriko dantzariek dantza desberdinak eskaintzen dituzte. Bukaeran, salda beroak, txorizoak eta ardoak ez du hutsik egiten.

Beraz, xumea bezain herritarra dugu Ondarreko ospakizuna. Ea belaunaldi berriak lekukoa hartzeko gai diren.

Hemen azpian, berriz, prozesioari lotutako argazkiak ikus daitezke.
 
 KORPUS EGUNA
 
 KORPUS EGUNEAN URTE BEREAN JAUNARTZEA EGINDAKO UMEEK PARTE HARTZEN DUTE LOREN HOSTOAK BOTAZ. 2005. URTEAN

  SALDA BEROA, TXORIZOA ETA ARDOA
 
KORPUS EGUNA 80. HAMARKADAN `OLARAN´ LANTOKI AURREAN. ABESBATZA ETA SIMON ARTOLA ZUZENDARI. APAIZA EMETERIO SORAZU.
 KORPUS EGUNA ONDARREKO BIDEAN. ARGAZKI HONETAN DESAGERTUTA DAGOEN `TXORIKUA´ ETXEA ERE IKUS DAITEKE. 1992. URTEA.

Garai batean, baina, Uzarragan ospatzen zena ere jendetsua izaten zen, batez ere bertako auzotarrak joaten zirelako. Elizpean egiten zen prozesioa.Hemen, 1988ko bi argazki hauetan, antzeman daiteke nola prestatzen zuten aldarea eta nola prozesioa.
 
 
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario