2013/06/22

SAN JUANAK



Iritsi da uda, eta uda datorrenean San Juan eguna ere hemen dugu. Euskal egutegiari begira gutxi egongo dira hain zabaldua eta ospakizunez betetako eguna: Arrasate, Tolosa, Hernani ... bezalako herrietan jai nagusiak ospatzen diren bezala, beste hainbatetan, xumeagoak, baina San Juan bezperak badu zeresana, eta zuhaitzak, suak eta dantzak dira protagonista nagusienak. Baita Antzuolan ere, eta ez bakarrik kalean, baita Uzarraga auzoan ere. Izan ere, nahiz eta Uzarragaren egoera gaur onena ez izan, auzotarrak eta ez diren batzuk animatu dira egunari bere alaitasuna eta sinbologia ematen, eta nahiz eta dagoeneko mezarik eman ez zuhaitza jaso eta dantzak egingo dira aurten. Zorionak!

Nola ospatzen ziren garai hartan  San Juan egunak gure herrian? Izan ere gaur badakigu, kalean behintzat, iluntzeko 8:00retan zuhaitza igo eta sua pizten dela, eta aldi berean Udalak ardoa eta gailetak eskaintzen dituela udal arkupean.
 
San Juan bezpera egun polita izaten zen baserrian: loreak batu, sua egiteko prestatu eta sua piztu... Zeinek su handiago egin izaten zen orduan ere borroka. Denean egiten zen sua, eta horretarako sasia, lastoa, larra erabiltzen zen batez ere. 

Istantzian –egun argia gauak irensten duen unean- pizten ziren suak. Sua piztu ondoren, eta zerbait moteltzen zenean, salto egiten zen su gainetik. Hala ere, sua zegoen bitartean, denon artean zera esaten zen:



“San Juan, San Juan berde 
sorginak eta zapoak erre 
artoak eta garixa gorde” 
(Irimoegi auzoa),

“San Juan, San Juan,
arrautzak bi golkoan,
beste bi altzoan,
lapurrak eta sorginak erre, erre,
gariak eta artoak gorde, gorde,
“Viva” San Juan!”.
(Lizarraga auzoa)


Sua antzerakoa izaten zen toki guztietan. Suaren errautsekin ez zen ezer egiten; ez zegoen ohiturarik ezer egiteko. 

Gure antzinakoek, berriz, bazeukaten ohitura bat, San Juan bezperan egiten zutena: 

“- San Juan bezperan mendian zeuden ardiak jaitsi ondoren, marmitan lagatzen zen esnea; esneak ez ziren kalera jaisten baizik eta txabolan bertan lagatzen ziren hurrengo egunean ere esnea jaisteko. Marmitak txabolan lagatzen zirela aprobetxatzen zuten artzain batzuk, aurretik “zotz eginez”, suertatzen zena, txabolaz-txabola joateko eta “aurkitutako” esneak lapurtzeko, ondoren behean, hurrengo egunean, artzainek gatzatua egiteko. Sarritan, hala ere, beste artzain batzuk aurreratzen ziren eta txabolara ailegatzen zirenerako esnea ostuta egoten zen”. 

Uzarraga, 1940

San Juan eguna Usarragan handia izaten zen. Apaiz, udaletxe, txistulari bertara joaten ziren eta bertan bazkaldu. Aurretik, Antzuolako plazan, txistulariek San Juanen zortzikoa joten hasten ziren. Udaletxekoek, berriz, bazkaria eta afaria egiten zuten. Erromeria handia egiten zen. Jende asko etortzen zen Elosutik-eta. Alexandro “Gorriz”ek-eta joten zuten musika. 

Tomas Arbulu, alkatea, 1920-22

Zuhaitza jartzeko zuloa, berriz, Jose Marik eskolan zeuzkan auzoko umeekin egiten zuen, egun batzuk aurretik. 

San Juanak, 1920-1922

Bukaeran, txistulariek, Uzarragatik jaisten, Lapatzako harrobi inguruan biribilketa joz, bukatzen zuten egun horretako euren ekitaldia.

San Juanak, 1920-1922
San Juanak, 1930

Gaur ere dantzariak joaten dira, lehen bezala, dantza egitera Uzarragako San Juan egunean. Baina dagoeneko elizkizunik ez dago, izan ere elizaren egoera tamalgarria dela eta, laga egin zitzaion mezari ematea.





San Juanetan lorak ere bedeinkatzeko ohitura handia dago.Udaberriko solstizioari ongietorri alaia emateko ohitura, baina baita ekaitzen aurkako erremedio ona ere. 2001.urtea?
Dantzariak eta txistulariak (Gerbasio Legorburu eta Jose Luis Lizarralde).
2001 urtea (?) 

Kalean ere arbola jartzen zen; udaletxekoek ekartzen zuten arbola. Orain pinua bada ere, garai hartan makala izaten zen jartzen zen arbola; mehea eta luzea, dotorea izaten zen. Lizarra ere bai... baina normalean makala. Ondoren, Herriko plazan, sua pizten zen. 

San Juan egunean goizean ez zen lorerik batzen; bezperan egiten zen San Juan eguneko lora sorta: 

“- Lilixua, larrosia, Frantzia klabeliña, klabeliña, urre botoia, mendafiña, ezpatia dena lotzeko, eta baita zinta belarra ere. Hobeto apaintzeko arto landara eta galburua ere jartzen zitzaion”. 

Lora sortarekin elizara joaten ziren loreak bedeinkatzeko, eta sorta hori ondoren gorde egiten zen... Ganbaran lotuta egoten zen... hodei edo ekaitz txarrengatik denok babesteko. 



2010-2013ko San Juan bezperako ospakizuna
SAN JUAN SUAK

San Juan arbola igotzen, 2013
San Juan dantzak, 2013

Informazio gehiago (AHOTSAK.COM)


No hay comentarios:

Publicar un comentario