2013/06/29

SAN MARTZIAL EGUNA


Aurrekoetan esan dugu udako solstizioarekin loturiko auzo jaiak ugariak direla Antzuolan. Lizarraga auzoa ez da atzean gelditzen. Betidanik izan dira oso ospetsuak bertako San Martzial jaiak.
TXIRRINDULARIAK PREST! 2001. URTEA
Gaur, afariak, mezak, txirrindulari igoera, umeentzako jolasak, meza, auzotarrei omenaldia ... bezalako ekintzak egiten dira. Batzuk bitxiak, besteak beste meza garaian bedeinkatzen diren otorduak eta ondoren kofradiako pitxarra erakutsiz auzoko adintsuenekin egiten den jan edana.

Eta garai batean nola?


"Akiñao"k ere badaki bertsoak elizkizunean botatzen

"Ez zen jai ofiziala izaten; Lizarraga auzoan bakarrik ospatzen zen jaia egun horretan. Txistulariek jotzen zuten kalejira kalean, ermitara joan aurretik, eta gora joaten ziren. Meza 10ak inguruan izaten zen, eta bertara Uzarragako abadea joaten zen, ez kaleko parrokiakoa. Uzarragakoa izaten zen, beraz, auzo honetan elizakoak, konjuruak, bataioak... egiten zituenak.

San Martzial bezperan arbola ere jasotzen zen, baina surik ez zen egiten. Hori San Juan eta San Pedro bezperan bakarrik. 

Meza ondoren ardoa bertan zegoen (eta dagoen) pitxerretik edaten zen; antzinakoa izan behar zuen pitxer hori! 

Arratsaldean erromeria izaten zen. Jende asko etortzen zen eta betiko soinu joleak agertzen ziren bertan. 

Edarien zerbitzua ere egoten zen: Pikunitxako tabernaria egoten zen goizetik. Idi pareari gurdia lotuta, ardo zahagia ekartzen zuen".

"Santio" erromesaren irudia eta azpian jatorrizko pitzarra eta eliz-liburua.

Ez dugu San Martziali buruzko datuak emango, horretarako badagoelako blog honetan aparteko atalak bat herriko ermiten inguruan, baina aipamen berezia bai irudi bati eta ohitura bati; hau da, Santiago-txikiari eta garai Iturbehandi baserrian zegoen Santio ohiturazko gurutzari. Izan ere, usteak uste, badirudi garai batean Santiobide horren bariantea zela Antzuolatik pasatzen zena, eta horren lekukoak dira San Martzialen dauden bi irudi: esandako Santiago erromesa eta Santiago erretaula. Baina ez bakarrak, kontuak kontu Iturbehandiak gordetzen delako garai batean Santiao bidea egiten zutenen gurutze aztarna bat ateburuan.
 
Hauxe gurutzea.

Bitxia, ezta? Guzti honetaz disfrutatu nahi baduzu, badakizu, joan zaitez San Martzial jaietara! 


Azpian bi argazki esanguratsu: Bedeinkatzeko jakiak kofradiako pitzarraz, eta bestean dagoeneko gurekin ez dagoen Iñaki (herriko apaiza zena, G.B.) jakiak bedeinkatzen. Beherago garai batean ere herriko apaiza izandako Iñigo jauna.



  HERRIKO TXISTULARIAK ETA TRIKITILARIAK BETI PREST JAIA ALAITZEKO
 SAN MARTZIAL JAIAK ETA DANTZAK "OINARIN" TALDEDARI ESKER

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada