2013/06/23

SAN PEDRO JAIAK

San Pedro jaiak aipatzen direnean Kalebarren datorkigu burura. Eta hala da. Garai batetik hona mantentzen dira bertako jaiak auzotarren ekimenari esker. Eta egia esan nahi bada, antzuolarrek ondo eskertzen dituzte bertako ospakizunak. Beraz, urte askotarako!

Auzo honetan ere zuhaitza igo eta sua pizteko ohitura dago, baina horrekin batera beste hiru bat usadio aipatu behar: Lehenik, sagar-dantza, herritarrek gehien maitatzen dutenetakoa, zahar eta gazteek parte-hartuz. Bigarrenik, asto karrera. Nahiz eta urtero ospatu ez, zeresan handia ematen zuena eta duena. Eta hirugarren, auzoko etxeetako balkoietatik lora aldaketa. Gauaz egiten dena eta ustekabeko tokietan agertzen direnak.

Beraz, asteburu on bat pasatzeko jai alaitsuak izaten dira Kalebarrengoak.

Atzera joz, nola ospatzen zen jai hau?

"San Pedro eguna jai izaten zen; jai ofiziala eta Kalebarrengo jaia ere izaten zen. San Pedro bezperan, orain galduta dago baina lehen, baserri guztietan ere sua pizten zen, San Juan bezperan bezala. Arbola ere sartzen zen Kalebarrenen; lapurtutako arbola, makala normalean, izaten zen auzoko gazteek sartzen zutena. Ondoren sua egiten zen. 

San Pedro egunean, elizkizuna normala egiten zen, eta iluntzean erromeria ederra egiten zen; eurian lokaztuta eta sikuan haustuta egoten zen plaza txikian dantza egiten zen; eta erreka aldeko petrilean, berriz, Alexandro “Gorriz”ek, Iraustakoak... musika jotzen zuten. 

Behin, San Pedro egun batean, aguazilak ez zuen laga soinuaz erromeria joten. Nonbait “ordena” zeukan ez lagatzeko, eta txistulariek bakarrik jo zuten. 

Zuhaitzari jarritako bandera kontuak ere garai batzuetan ere istilutsuak izan ziren. Hau da, San Pedro eguneko arbolan errepublikako bandera jarri ordez ikurrina jarri zela eta, errepublikanoak haserre bizian jarri ziren. Besteak ikurrina ez zela kenduko. Hurrengo urtean biak jarri ziren, baina orduan ere gustura ez: bandera bat goian eta bestea behean, ezkerrago edota eskumago jarri zela... Inoiz ez gustura! 

Itzulapikoa nork lehen hartuko da gaztetxoen lehia.

Edo beste bat Zorrozkotik ekarritako arbola eta txorimaloaz gertatu zena. Goizeko 2:00etan jarri ziren arbola eta txorimalo hori puntan. Alkatea enteratu zenean, “hori herriari burla egitea zela-eta”, txorimalo hori kendu behar zela agindua eman zuen. Horrela arbola bota zen, baina jausi zenean punta apurtu zitzaion. Orduan beste arbola txiki baten bila joan ziren, eta lehen apurtuta zegoenari lotu eta berriro jaso zen arbola. 

Letxugak harrapatzea ere normala izaten zen egun horretan. Baita goizeko 2:00etan lastasauekin futbola egindakoak ere badira. Baina hainbesteko zaratarekin jendeak ezin zuela lorik egin-eta,  serenoa, orduan Antzuolan serenoa egoten zelako, etorri zen esanez handik joateko. 

Garai hartan asto karrerarik-eta antzerakorik ez zen ospatzen".

Hona hemen azpian zuhaitza igotzeko egindako  hainbat argazki:




 (Juanjose Aranburuk lagatako argazkiak dira hauek, 1995ean ateratakoak)
  Lorak balkoi batetik bestera pasatzea ere ohitura izaten da.

 Eta asto karrera ere ospetsua da Kalebarrenen.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada