2013/07/14

GARIA ANTZUOLAN


 Antzuola, 1915. urtean. Gari soro ederrak ikus daitezke Irimoegi aldean

Baina ikus dezagun zein izan zen nekazarien bizitza Antzuolan, gertuko historiari kasu eginez. Hasteko, interesgarria izan daiteke XIX. mendeko nekazaritzak XX. mende berriari laga zion egoera aztertzea, eta horrela bi mendeetako datuak alderatzeko aukera izango dugu.


Lehenik eta behin, 1892ko urtean azaltzen den estatistika dokumentu batera joango gara, eta bertan antzuolarrok bizitzeko geneuzkan baliabideak zeintzuk ziren antzemango dugu. Hemen dira bertatik jasotako datuak eta iritziak:


“Garia ereiteko 10.275 area erabili dira, 2.200 hektolitro jasoz. Artoa ereiteko 10.275 area; jaso, berriz, 2.400 hektolitro inguru. Aurrez zekalea ere landatzen zen, baina 1780ko hamarkadan desagertu zen.
  • Baba eta babarruna oso gutxi hartu da, 60 hektolitro eta 150 hektolitro hurrenez hurren, hain zuzen ere.
  • Arbia eta lastoa abereentzat.
  • Jasotako uztaren emaitzak hauek dira: artoa, landatutako anegako 14ren bat batu da; garia, 11 anega.
  • Urteko bost iraulietan 274 gizon eta 274 emakumek lan egin dute, baina landatu eta satsa jasotzea besterik egin ez duten 137 mutikok ere bai. Herrian, beraz, zuzen edo aldika %55ak nekazaritzarekin zerikusia zuen, nahiz eta une horretan herrian bi larru-lantoki eta oinetako lantegiak egon.
  • Nekazaritzan produkzioa ona zen eta soberakinak saldu egiten ziren”.
Garian eta artoan oinarritutako laboreak ziren nagusi herrian XX. mendea hasi baino lehen. Are gehiago, nekazaritzara dedikatzen zen esku lana ere garrantzitsua zen; izan ere, industriaren eragina hutsa zen herrian (2 larru lantoki). Gehiengoa, bada, lurra lantzera dedikatzen zen. Haurren esku lana ere handia izaten zen, beraz, baserriko langintza zehatzenetan, hau da, lurra landu, satsa prestatu eta bota, edota laborea biltzeko garaia iristen zenean, eta haurrak eskolara joaten ez zirenez, maisu-maistra askoren arduratu eta egoera hori guraso eta herriko aginteen artean salatzen zuten, eta batzuetan isunak ere ordaindu behar izaten ziren.
Ondorengo urteetan, ekoizpenari dagokionez, gauzak ez ziren asko aldatu.
Dokumentu horrek ere beste datu interesgarri bat adierazten digu; alegia, nekazaritza-ekoizpenaren etekina eta soberakinaren arteko oreka zein zen. Beraz, datuekin bat eginez, garai hartako nekazariak buruaski baino gehiago zirela konturatu ahal izango gara. Landutako laboreekin errenta on bat ateratzeko gai zirela eta, soberakinekin, berriz, merkaturatzeko, ondorioz, irabazi batzuk jasotzeko.
Egoera hau garrantzitsua da, ekonomia eta gizartea elkarrekin lotuta daudelako, batak (ekonomiak) bestea (gizartea) baldintzatzen duelako. Nekazaritzan izandako irabaziak, bada, herriko ongizatea baldintzatzen zuen.
Baina ekoizpen hori ez zen Antzuolako udalerrian berdin ematen, izan ere, zonalde batzuk besteak baino aberatsagoak ziren: “Antzuolarrok inbidiaz ikusten zituzten Lizarraga auzoko gari sailak, bertan garia erruz eta ona hasten zelako. Batzuek Antzuolako Ukrania ere izendatu zuten inguru hau”. Beraz, kantitate eta kalitate oneko gari-sailek auzoko ongizate maila bermatzen zuten.
Bai mendebaldean eta baita ekialdean ere, gizakia labore hau landatzen hasi zenetik, trukerako nahiz ordainketarako erabili izan du garia. Gure artean, adibidez, elizari hamarrenak emateko (edo ordaintzeko) edota baserri jabeari urteroko errenta ordaintzeko erabili izan da.
Eman dezagun saltotxo bat, eta bat egin dezagun 1940tik hasi eta ondorengo urteetako gari ekoizpenaren bilakaerarekin, izan ere, 1940eko hamarkadatik aurrera labore honen beherakada antzematen hasi zen. Esaten duguna sendotzeko, hona hemen hainbat estatistika datu: 
GARI EKOIZPENA (1942-1966)
UZTA URTEA
Esplotazio
Sailak
Ha/areak
Kiloak
Eskulana
1942
129
94,06
115.395
901
1952
117
100
140.330
846
1958
100
70,25
98.400
762
1962
72
41,60
70.800
473
1964
54
41,12
74.016
367
1966
47
36,59
80.498
321
Baserrietako bizitzan garia oinarrizko elementua izanda, 40ko hamarkadatik aurrera beherakada nabarmentzen hasi zen, bai azalera mailan eta baita, jakina, eskulan mailan ere. Eta hori geldiezinezko gertaera izango zen: labore honetan 1942an lanean ziharduten 901 pertsonatik 321era jaitsi zen 1966an. Hala ere, 60ko hamarkada izan zen adierazgarriena eta beherapen horren islarik garbiena. Izan ere, ordurako Antzuolan industria gero eta indar gehiago hartzen ari zen, aldi berean, inmigrazioa ugaldu egin zen eta baserrien hustea eta nekazal ekoizpenaren jaitsiera hasi zen.
Gero eta ugariagoak ziren baserrietatik kalera jaitsitakoak edota herriko lantokietara lanera etortzen ziren baserritarren seme-alabak. Gero eta ugariagoak ekonomia mistoa (baserria eta lantokia) praktikatzen zutenak. Horren guztiaren ondorioz, garia landatzeko beharra eta ohitura ere desagertu zen. Sarasketa izan omen zen 1983an garia bildu zuen azken baserria.
Jauregi-Guridi sendiak izan zuen gariarekin azken hartu-emana. Hala ere, Arluztxiki baserrian ere urtetan landatu izan dute babarekin nahastuta garia. Badirudi, errendimendu hobeagoa ematen duela labore biak nahasirik landatzea. Biak ere, gaur egun, baserriko animaliei emateko erabiltzen dira.
Artoak ordezkatu zuen gariaren gainbehera, ganadu kopurua mantentzeak artoaren ekoizpena mantentzea ere ekarri zuelako. Hala ere, hemen ere, esplotazio eta eskulana bera jaisten hasi zen 60eko hamarkada hurbiltzen zihoan neurrian, nahiz eta landutako sailak eta hartutako kiloak handiagoak izan. Ikusi bestela datuok:


ARTO PRODUKZIOA (1941-1952)
URTEA
ESPLOTAZIOA
ESKULANA
Ha/areak
KILOAK
1941
127
892
99,02
141.299
1942
129
901
96,42
116.861
1952
117
846
100
150.000

     Iturria: A.A.H. Nekazaritza, LIV sorta. Egilea: IROT

GARIA EREIN
Azaroari ere hazila ditu izan zaio, izan ere gari hazia sartzeko garaia zen hura. Azaroaren 25a, Santa Katalina eguna, hartzen zen hazia sartzeko egun sinbolikoa, eta egun horrekin esaera zahar bat ere badago:


“Santa Katalina astia

garia ereitteko astia”.

Garia, aurretik artoa izandako tokian sartzen zenez, prestatu beharra egoten zen lurra.


1. GARIA ARETU ETA JORRATU.
Otsailerako garia ernalduta, berdetuta egoten zen. Garia hazten zenean jorratu ere egin behar izaten zen. Orduan idiekin, eta areaz lagunduta, lurra bigundu egiten zen garia hobeto ernaltzeko. Aldi berean, gariari bota beharreko sahatsa ere zehetu egin behar izaten zen. Hori hil beheran egin behar izaten zen, bestela sahatsa hondatu egiten zelako.


Maiatza, berriz, ahalik eta gehien jorratzeko garaia izaten zen.
2. GARIA BILDU.
"Elurrak goitik behera egiten duen bezala, garia heltzen hasten denean, behetik gora egiten du. San Fermin garaia izaten zen garia heltzeko garaia. Baina batzuetan beranduago ere heltzen zen: San Inazioak ere etorri izan ziren garia biltzeko egunak. Beraz, bederatzi hilabeteko denbora aldia pasatu-eta, uzta jasotzeko eguna etortzen zen. Eskuan ”eskularra” eta igitaia hartzeko egunak, beraz. Eskularra garia batzeko eskuan jartzen zen egurrezko kakoa zen. Igitai horztunarekin  mozten zen garia. Bazegoen beste bat horzgabekoa baina hau arbia, garoa, artoa, muga belarrak-eta mozteko erabiltzen zen”.

Ebakitzeko sega kirtenduna ere erabiltzen zen:

Sega honek kirten bat zeukan garia batu eta alde batera botatzen zuena, gero errazago mozten jarraitzeko. Azken urteetan, ordea, idiekin tira eginda ibiltzen zen garia mozteko makina hasi ginen erabiltzen”.

Ebakitzen hasi aurretik auzotarrak biltzen ziren auzolanean garia moztu eta biltzeko:

“Ez zegoen abisatu beharrik, denok bagenekien noiz hasten zen lana-eta. Behetik gora hasten zen lana, garia behean heltzen zelako lehen aldiz. Handik gora.

Baina ez zen jakineko tokirik egoten lanera joateko:

“Gu joan egiten ginen eta gero bueltan besteak etortzen ziren. Auzo bakoitzean konpontzen ginen auzotarrok, baina hori ez zen horrela izaten beti. Senitartekoren bat baldin bazegoen beste auzoren batean hara ere joaten ginen. Gu geu (Sarasketakoak) Ibarre, Ertzilla, Irastortza, Eguzkitza, Irimo, Otamendi, Aitzaga, Idala, Arreluzera... joaten ginen; baina baita Galardi, Iñurrigarrora... ere”.
Lau bat egun erabiltzen zen garia ebakitzeko: “Ebakitzeko ilaran jartzen ginen, makurtuta, gariaren kirten azpiko ipurdia bilatu eta mozteko. Gero *“asaoketia” egin, hau da, bi eskutada batera moztutako gariaren lastoa eta burua  lotu lasto kirtenarekin (“asaoziriarekin”), eta lurrean lagatzen zen hobeto sikatzeko, eta ondoren gari metak egin ahal izateko. Gauza handia izaten zen metak eginda ikustea, orduan uzta aseguratuta zegoela pentsatzen genuelako. Astebete edo bi egoten ziren sikatzen soroan”.Hala ere, Aipamen berezia behar du garia mozteko erabilitako makinak, zaharra baita, baina baita bitxia ere. 1950ean Durangon egindakoa omen da, Aitzaga eta Iralatorre baserrikoa. Antzekoa erabili zuten azken gari mozketan, Sarasketa baserrian ere 1983. urtean. Bitxia ere dela ezin ukatu: jarleku eta guzti, palanka eta pedal 

Ebaki ondoren, galburua alde batera eta lastoa bestera gelditzeko lanak egiten ziren:


“Sikatu ondoren, alde batetik bestera makila luze bat jartzen zen eta makilaren gainean harri losa latz batzuk bertan garia joz galburuari gari

alea kentzeko. Harri honi “txanketa” esaten zitzaion. 
Eskuan lastoa gelditzen zen eta bestean alea. Lastoa ganaduak jan eta alea errotara eramateko, gero etxerako irina egiteko. Igotako irina etxera ekarri, “baian” (bahean) eralgi eta zahia bahean eta irina behean, gelditzen zen”.
Hori guztia eskuz egiten zen garai hartan. Baina garia biltzeko nahiz ondorengo prestaketarako makinak ekartzen hasi ziren:


“Guk geuk (Sarasketa) 1904an ekarri genuen Antzuolan lehena izango zen *“malakataia”. Berau, idiekin mugitzeko tramankulu bat zen, motorra etorri aurrekoa, eta "asauak" mozteko erabiltzen zen. Motor baten ordez idiak erabiltzen genituen hau mugitzeko. Malakataia palanka luze bertikal bat zen. Bera finkatzeko zuloak egiten ziren goian eta lurrean. Erdian *“partikia” zeukan; hau da, palanka luzeari lotuta beste palankatxo luze bat, katea baten bitartez idien uztarrian lotzen zena, gero, idiak mugituz, zutik zegoen palanka mugiarazteko. Palanka hau okerra izaten zen, eta idiak bueltaka ibiltzen ziren lana bukatu arte. Aipatutako palanka bertikal horrek, goiko partean, diametroz 80 zentimetroko polea bat zeukan, eta alboan beste bat, baina hau 20 zentimetrokoa. Diametro desberdinari esker, makinak abiadura edo “erreboluzio” gehiago hartzen zuen. Hemendik beste palankatxo bat irteten zen, beste polea batera zihoana; hemendik uhal plano eta zabal baten bitartez, garia jotzeko makinari lotzen zitzaion, hau azkar mugitzeko.

Hala ere, guk geuk (Sarasketa), 1924. urtean, motorra erosi genuen eta ondoren garia jotzeko makinak ez zuen idien beharrik izan”.


Beraz, tramankulu horretan “asauak” sartuta makinak zeukan zilindroa bueltaka zebilela, lastoa atzera eta alea aurrera joaten zen, garia garbituz.

Ondoren, gariari “ahotza” kentzeko tornua edo “abentadora” bat egon zen:

“Honek haizea egiten zuen eta garia garbitzeko ona zen. Kaxa bat zen eta eskuz palanka bati bueltak emanez mugitzen zen barneko galbahea, eta horrela alde batetik ahotza eta bestetik alea irteten zen garbi-garbi. Hautsa izaten zen orduan, eta aurpegia eta arropak haustuta bukatzen genuen guztiok. Paineluak jarri aurpegian eta kito! Gero, ”galtzua” batu esku arearekin eta erre egiten genuen sua emanda. Alea, berriz, “troxara”.

Denborarekin, makina horiek baserrien artean kooperatiba moduan erabiltzen hasi ziren:

Gure kasuan Sarasketa biak eta Baztarriñakoak. Beste batzuek, berriz, hainbeste ordaintzen zuten erabiltzearren”.
Guztira, sei/zazpi eguneko lana izaten zen garia biltzea:
“Lau mozteko, bat edo bi biltzeko eta beste bat makinarekin jotzeko”.


Gari lanak bukatzerakoan, “galaparia” egiten zen lagun eta senitartekoen artean. Baina berehala, garia egondako sailean area pasatu, satsa bota eta arbia ereiteko prestatu behar izaten zen abuztuaren erdirako. Orduan, lan hau bukatzen zenean Pietateak izaten zirenez ‑herriko jaiak‑, hiru bat egun jai hartzen ziren. Egun hori nahiz San Joan Txiki egunak gustura hartzen zituzten baserritarrek!
SARASKETA baserrian eginiko azken gari bilketa, 1984. urtean.






SARASKETA BASERRIAN AZKEN GARI BILKETA, 1984. urtean

Oharra:
lanbide zahar edota ohitura bat berreskuratzea izan zen: gari jotzearena.Argazki hauek herriko ANELKAR (hirugarren munduaren alde lan egiteko sortu zen elkarte bat da) antolatu zituen ekintzen bidez Brasilera (Canudos), Senegalera eta Kongora bidaltzeko laguntzarekin eginiko jaiarekin lotuta dago. Hori egin ahal izateko, urtero ekimen bat antolatzen du, eta euretako bat - 2003ko uztailaren 12an  (Beraz, 10 urte pasatu dira)-
Eskerrak eurei, baina batez ere Jose Mari Iturberi, gari bilketa hau errealitate bat izateko lanean ibili zelako.


Informazio gehiago AHOTSAK. COM:







No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada