2013/07/02

HARTZA ANTZUOLAN

Antzuolako karnabaletan hartza ikusten dugunean, bat baino gehiagok galdetzen du nondik nora datorren abere horren kontua herrian. Ez dakigu garai batean Antzuolako basoetan hartzik bizi ote zen ala ez, otsoak  ibili zirela udalerriko basoetan zehar badakigu, artxiboko dokumentuek (1622tik hasita) hala aitortzen dutelako. Kontuak kontu, baina, entzun eta irakurri izan da Antzuolan hil zela Gipuzkoako azken hartza. Baina nola demontre izan zen hori datuek beste gauza bat adierazten baldin badute?
Are gehiago, herriko baserri bat ere badago hartzen arrastoa adierazten duena: ERTZILE; dirudienez, ARTZ + ILA - tik etor daitekeelako: " En campo de oro y bajo un verde roble un oso muerto" diosku ipuinak.

Baina gerturatu gaitezen gaurko garaietara  gehiago, eta 1867ko dokumentu batek, Laskurainandikoa zen Patxi Letek gordeta zuena, zera adierazten digu:


"Junta General. Julio, 5 de 1867. Se leyó una proposición presentada por la representación de Anzuola con el objeto de que la Junta recompensase con alguna gratificación a las personas que habían perseguido y muerto en aquella villa en la mañana de ayer (julio, 4) un oso enorme, y muy especialmente el intrépido joven de 18 años, Francisco Aranguren, que fue mordido por aquella fiera después de herirla mortalmente de un tiro; y accediendo la Junta a dicha proposición, acordó  que se entregasen al Ayuntamiento de Anzuola 2000 reales  a fin de distribuirlos de esta forma: 500 para el referido Aranguren; otros 500 para el que concluyó de matar al oso y, los 1000 restantes, para los acompañantes que siguieron y contribuyeron a la muerte  de dicho animal, de calidad de que éste fuese entregado a la escuela de Agricultura de esta villa de Oñate, pro si deseaba disecarlo. Es copia. El Diputado General”.


Patxi Leteren garai hartako esanetan Laskurainandi eta Laskuraintxikiko azpian pasatzen den Lizarragako errekaren ertzean hil omen zuten hartza. Eta bere aitonari entzunda, esandako diruak ez zirela agindutako tokira ere iritsi azpimarratzen zuen orduan.



 "x" MARKATZEN DU NON HIL OMEN ZUTEN HARTZA. GORAGO LASKURAINTXIKI


Hildako hartza, berriz, badirudi Oñatira joan zela. Izan ere, Oñatin sortu berria zen Nekazal Eskola bat (1852tik 1869ra iraun zuena), eta,  Batzar Orokorrak bertan ospatzen zutenez lehendabiziko bilera, eskolari eskaini zion hartza "por si deseaba disecarlo". Eskolako zuzendariak eskertu zuen oparia eta "al gabinete de historia natural" esku laga zuen zeregin hori.  Baina bertako eskola itxi eta gauza batzuk Bergarako Dominikotarren Ikastetxera pasatu ziren, bertako natur zientzietako museora. Eta bertan dago, bai, hartz bat, eta ziurtasun osoz ezin bada ere esan, Antzuolan hildakoa izan daitekeena.

"Eta zer egiten zuen Antzuolan hartzak?" bat baino gehiagok galdetuko duenez,  erantzuna badirudi datorrela Zumarragatik Bergarara, edo alderantziz, ugariak zirelako garai batean ijitoak edo komedianteak horrelako animaliak erabiltzen zituztenak, eta agian herrian hildakoa norbaiti ihes egindakoa izan zitekeen.Bitxia kontua, ezta?


Hauxe da Bergarako museoan gordetzen den hartza. Antzuolan hildakoa ote?

AZPIAN DAGOEN DOKUMENTUA DA HARTZAREN AGIRIA
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada