2013/07/29

KAROBIAK


Erabilera ugaria duen produktua da karea, eta iraultza ekarri zuena nekazaritzara. Horretara dedikatzen duenak jakingo du lurra indartzeko ongarri ona dela. Izan ere, lurrak gorrik lagatzea saihestuz gain, buztin-lurrak zulatu eta urari sarbidea ematen dio.

Are gehiago, badauzka beste erabilera batzuk kareak; alegia, garai bateko baserriak zuritzeko (hormak margotzeko) egiten zen "letxeria" egiteko.

Esandakoaz gain, etabelizan lurperatzen zirenean hildakoak, gainean karea botatzen zitzaien, horrela izurriteak saihestu nahian.

Eta karea egiteko beharrezkoak dira karobiak. Antzuolan karea egiteko karobiak egon badaude ere, ez daude egoera oso onean. 




OTAINGO KAROBIA ETA GAINEKO ZULOA

XVIII. mendearen erdi aldetik hasita, karea erabiltzen hasi zen nekazaritzan. Aita Larramendik zera diosku 1764an: "normalean bederatzi urtetik behin ongarritzen dituzte kareaz soroak baserritarrek". Erabilerak baserriko errendimendua gehitzea ekarri zuen.

Antzuolan, larrua ontzeko ere erabiltzen zen karea, eta herriko larru lantokietan ugari erabili zen.

Beraz, karobiak eraikitzen hasi ziren herrian, komunalak batez ere: eraikuntza borobilak, laupabost metroko garaieraz eta 2-3 metro tartean barne diametroz, goialdetik zabaldutakoak. Eraikitzeko erabiltzen zen materiala harearria zen, eta erdian atea edo arkuak 0,7-1 metro izaten zuen.

UZARRAGAKO-ELUTSA BASERRIKO KAROBIA
UDALA BASERRIKO KAROBIA
DAGONEKO DESAGERTUTA, GALARTZAKO KAROBIA
LAUSAGARRETA BASERRIKO KAROBIA

BURUBIKO GAINEAN AZALDU DEN KAROBIA

Eta nola egiten zen karea? Galdera honi erantzuteko Bizkalatzako nagusia zen Juan Martin Etxeberriak bere garaian emandako testigantza jarraituko dugu:

"Gure herriko karobietan, karobi txikiak, 12.000 kilo kare lortzeko behar ziren 23 tona kare harri eta 8 tona egur (otea tartean). Karea lortzeko 48-50 ordu behar ziren, eta atseden barik egiten zen jarduna. Harriak egosten zirenean, beltz kolorekoak bihurtzen dira harriak eta kea ere beltza irteten hasten da karobiaren goi aldetik. Zenbat eta gehiago egosi, orduan eta  garbiagoa irteten zen kea, eta zuria irteten zenean orduan karea eginda zegoen. Gerra aurretik Udala baserrian egin zen azken aldiz karea Antzuolan. Kare harria Arrasatetik, Kanpantzar mendatetik, ekartzen zen".

INFORMAZIO GEHIAGO

No hay comentarios:

Publicar un comentario