2013/07/28

PAPAR GORRIKO ENARAK DESAGERTZEN


Garai batean ikasi genuen eskolan Gustavo Adolfo Becquer-ek idatzitako poema: "Volverán las oscuras golondrinas en tu balcón sus nidos a colgar, y, otra vez, con el ala a sus cristales jugando llamarán ...". 

Hala ere, badirudi  gero eta gutxiago direla Antzuolara datozen papar gorridun enarak.

Azken urteotan bere populazioak egundoko atzerakada jasan du, batez ere poluzioa eta pestiziden eraginagatik. Hala ere, beste eragile bat aipatuko nuke nik: gure baserrien zaharberritzeek ez diete mesede handirik egin, eta ateondoak itxiz edo habiak egiten oztopoak jarriz, egoera kritikoan laga dute enara mota honen biziraupena gure herrian. Ale gutxi batzuk besterik ez ditut ikusi aurten, aurretik asko zirenean.

Hegan duen trebezia itzelezkoa da, eta ura edateko orduan ere garbi lagatzen digu, ez duelako gelditu beharrik: putzu gainetik milimetro gutxitara hegan ari dela, burua jaitsi, mokoa uretan sartu eta inongo arazorik gabe tragoxka bat hartzen du.
 
Egunaren parterik handiena airean edo kableetan ematen du eta lurrera ia-ia kumaldian besterik ez da jaisten, habia egiteko buztina biltzera. Sasoi horretan erreka, putzu eta iturrietara hurbiltzen da. 

Buztin eta lokatz zatitxoak hartzen dituzte mokoan, belarrekin batera eta listuarekin nahastu ondoren eratzen dituzten bolatxoez, goitik zabalik dauden eta hain ezagunak diren kopa itxurako habiak eraikitzen dituzte atari eta kortetan.

Irailean, berriz, biltzeko joera dute taldean, eta horrekin neguko egonaldia egingo duten herrialdeetara abiatzen dira.

Hain urria da bera gure artean, Antzuolan papar gorriko enararen kumaldiari argazkia ateratzeko aukerarik ez dugula izan. Hemen dituzuen argazkiak Torlan (Hueskan) aterata daude.

Norbaitek baldin badaki enara mota honek habia egin duela Antzuolan, idazteko (eta argazkiak badauzka bidaltzeko) lasai asko!

Beste iturri bat: 
http://zientzia.net/artikuluak/gure-enarak/

No hay comentarios:

Publicar un comentario