2013/09/07

IKATZ-TOKIAK

Gutako askok ikusi dugu 1982an Montxo Armendarizek egindako "Tasio" pelikula. Bertan, ikazkin baten bizitza nolakoa den adierazten zaigu. Ikazkinen lana oso ezaguna izan da 1950. hamarkadara arte, hau da, egur ikatza alde batera lagatzen hasi eta petrolioaz gain etxeetan ekonomikak (harrikatza erabiltzen zutena) sartzen hasi ziren arte. Ordutik aurrera bada gure sukaldeetan harrikatza erretzen hasi zen, eta herriko hainbat tokitan ere saltzen hasi zen harrikatza (Errotaberri, San Jose kooperatiba ...).

 IKAZKINAK KOROSON. 1940. HAMARKADAN

Argakian, ezker aldetik hasita: Justo Lizarralde(7 urterekin hasi omen zen ikazkin lanak egiten bere aitarekin). Ondoren bere aita, Anjel. Gero, Jose Iriarte ("Ezkerra"), eta bukatzeko San Kristobalen, Bergaran, bizi zen euren lehengusu bat. 1940. hamarkadan ateratako argazki honek etnografia balioa handia du. Bertan ikus baidaiteke Antzuolan, Koroso inguruan, ikazkinei ateratako argazkia. Bertan, atzean, lur zotalez egindako etxola edo txabola. Bazkaltzeko plater bakarrean, babarrunak txerriki ugariekin. Eta nola ez, ardoa edateko zahatoa.

Ikatza egiteko erabilitako lehengaia pago egurra izan da batez ere, eta horren lekuko dira gure pagadiak. Izan ere, gehienak inaustuta ikus daitezke. Hau da, enbor gaineko adarrak moztu egiten ziren eta lodienak erdian eta kanpo aldean mehenak jarriz.

 Erakustaldi baten argazkia.

Txondorrean egurra ez da erretzen, egosi baizik. Esan nahi da egurrak daukan hezetasuna galtzen duela. Prozesu hori motela izaten zen eta horretarako lurrez estaltzen zen egurra, konbustioari laguntzeko.

Hala ere, badaude Euskal Herrian era industrialean egiten dutenak. Jo besterik ez duzue Lana Haranera (Nafarroa); alegia, "Tasio" egiteko erabilitako inguruetara.

Ikatz tokiak egiteko harrizko harresiak. Arrola inguruan.

Antzuolan ere ugariak dira ikatza egiteko tokiak, baina aspalditik laga zen ikatza egitea herrian. Dauzkagun lekuko fisikoak dira horma zahar batzuk txondorra egiteko plataformari eusteko, egur ikatz aztarna batzuk eta inausitako pagadiak.

Arrola aldean aurki daitezke ikatza egiteko lekukoak. Toki bat dago Irikorta eta Mendizabal artean dozena erdi ikatz tokiekin. Berau ere normala da, bertan daude herriko basorik garrantzitsuenak. Oraindik ere ikatza zatiekin topa gaitezke bertan.

ARGAZKI HONETAN IKATZA EGITEKO OINARRIZKO HIRU LEKUKO: EZKERREAN, TXONDORRA (ERDITIK MOZTUTA ADIERAZTEKO NOLA KOKATZEN ZIREN EGURRAK), ATZEAN INAUSITAKO PAGOA, ETA ESKUMA ALDEAN, IKAZKINAK BABESTEKO ETXOLA.
IKATZ TOKI BAT ARROLA INGURUAN 
(IRIKORTA-MENDIZABAL)
  (IRIKORTA-MENDIZABAL)
 TXONDORRA JARTZEKO PLATAFORMA

IKATZAGUNEAK ETA IKATZA

Esan dugun bezala, ikatzaren lehengai garrantzitsuena gure lurraldean pagoa zen. Herrian dauzkagun pagadietan igartzen da garai batean nola inausten zituzten adarrak ikatz egur hori lortzeko. Hemen dakarkigun adibidea AZALDEGIETAko pagadiarena da. Baso hauetatik ibiliz gero, elbarritutako erraldoi-mamuak dirudite. 















Ezker aldean haritza. Eskuman, inausitako pagoa.

INAUSITAKO AZALDEGIETAKO PAGADIA, 
IKATZA EGITEKO ERABILITAKO EGURRA



Informazio gehiago:
  • http://www.ahotsak.com/antzuola/pasarteak/ant-047-028/


No hay comentarios:

Publicar un comentario