2013/10/25

GALARTZA BASERRIA



GALARTZA BASERRIA GAUR EGUN

KOKAPENA.-

Antzuolako herrigunetik hiru bat kilometrora aurkitzen da baserri hau, Bergarako udalerriarekin ia-ia muga eginez. Itsasoaren mailari begira 269 metrora dago eta herrigunetik ipar mendebaldera kokatzen da, 324 gradura. Bertara joateko Bergarako bidea hartu behar da, eta Behekoerrota pasatu eta gero, Lapurzubiko zubia hartu eta goruntz doan bidea hartzen da. Galartza auzoan dago kokatuta.

JATORRIA ETA LEINU LERROA.-

Baserri edo toponimia honen lehendabiziko aipamen dokumentala oso antzinakoa da, 1307koa hain zuzen ere. Orduan badakigu bertako jabea-edo  Iohan Garçia de Galarça omen zela. Armarriadun leinua izan zen Galartzarrena (argazkian): lehendabizikoan,  “con un oso empinado a un árbol”, eta bestean “oro, un lonsaje verde, cargado de una garza volante de plata, bordura roja con ocho aspas de oro”.

Esan dezagun oso leinu ospetsua izan zela eurena, eta bertatik politiko, militar eta erlijioso senide ugari irtendakoak. Hainbesteko indarra, auzoaren jabetza bera ere bereganatzeraino. Bertatik datorkio auzoari ere Galartza auzoa izena. Esan dezagun ere, senide eta leinu hau izan zela oztopo gehien jarri zuena Antzuolak bere independentzia lortzeko, 1629an. 

ETXEAREN EGITURA.-

Zoritxarrez ez du garai bateko aztarnarik gordetzen oraingo baserrian. Gipuzkoan XIX. mendean, han eta hemen eraikitako baserrien tankera du. Bi etxebizitza baldin badauzka ere, gaur bakarrean bizi da jendea.

PERTSONAI XELEBREAK.

Esan dugun bezala, leinu honek pertsonai "ilustreak"-edo eman zituen historian zehar. Hemen XVI eta XVII. mendekoak aipatuko ditugu bakarrik:
  • Galarza, Juan  (XVI. m.): Errege Etxeko goi karguduna eta Inkisizio Orokorreko Idazkaria. 
  • Galarza Lizentziatua(XVI.m.): Errege Kontseiluan eta bere Ganbaran karguduna. `San Juan´ Ordenean ere Zaldun. 
  • Galarza, Juan  (XVI. m.): Karlos V.aren Idazkaria eta Gaztelaren Jarraitzailea 1545etatik aurrera.
  • Galarza, Martín Ruiz  (XVI. m.): Italia, Goleta eta Granadan alferez izandakoa, eta Lepanto borrokan hil zena.
  • Galarza, Francisco  (XVII. m.): Jesus Lagundikoa, Gaztelako Probintzian buru izandakoa. Velasco Kondestablearen aitortzarako kargua izan zuena.
  • Galarza, Sancho  (XVII. m.): `Santiago´ ordenaren zalduna eta Gipuzkoako Diputazio Orokorreko burua 1668an.

LAPURZUBITIK ZATOZELA GALARTZA BASERRIAK `GALARTZA´ AUZOKO ATEAK ZAINTZEN DITU, NOLABAIT BERE KOKAPEN ESTRATEGIKOARI GARRANTZIA EMANEZ.

No hay comentarios:

Publicar un comentario