2013/11/01

BA AL ZENEKIEN ? (I): JATETXEAK ANTZUOLAN

Aho betez esaten dugu egunerokoa gero eta garestiagoa dagoela, eta martxa honetan jarraituz gero ez dakigula nola bukatuko dugun. Bizitza garestia jartzen den seinaletako edo indikatzailetako bat erosketen poltsa izaten da, eta hala, sei bat hilabetetik behin-edo, ogia, ardoa, haragia, arraina eta antzerako jangaien salneurria igo ala jaitsi egin den esaten digute.

Gu geuk antzerako ariketa bat egingo dugu, eta egun modan dagoen gastronomiarekin bat egingo dugu, eta galdera honi erantzuten saiatuko gara: Ba al zenekien zenbat zen herriko tabernetako jai egunetako ohiko menuaren prezioa? Bitxia, ezta? 

Honi erantzuteko atzera joko dugu zerbait, 1960. hamarkadara, eta bertan herriko hainbat jatetxeren menuak arakatuko ditugu.

Txikitero koadrilak Plazan zegoen Ostatuan (gaur `Martin´ okindegia)

1966-7ko urteetan, hiru jatetxe ziren nagusi Antzuolan: (1)Ondarren zegoen `Bernardo Olabarria´ren taberna, jatetxea eta ostatua ere bazena, (2) Kalebarrenen zegoen `Arin´ jatetxea eta(3)Buztizurin zegoen `Ongi Etorri´ jatetxea. Hiruretan oso jatordu onak ematen ziren, eta prezioan gorabehera  edandako kopen eta erretako puruen edo `farias´en arabera izaten zen batez ere.

Normalean hauxe zen ohiko menua eta prezioa (domeka eta ospakizunetakoa) :
  • Ondarreko taberna: Sopa, kroketa bariatuak, txuleta edo solomilloa, tarta eta izozkia edo mantekaua, eta bukatzeko kafea. Guztira: Pertsonako 170 pezeta (edo 1,022 euro).

  • `Ongi Etorri´jatetxean: Arrain sopa, legatza saltsan edo frijitua, oilasko erdia, platanoa edo laranja. Kafea. Guztira: Pertsonako 160 pezeta (edo 0,962 euro). 

  • `Arin´jatetxea: Arrain sopa, legatza frijitua eta mingaina zatitua, txuleta edo oilaskoa, tarta eta izozkia, kafia, kopa eta purua. Guztira: Pertsonako 210 pezeta (edo 1,262 euro).


 GONBIDANTZA 
(Jone Larrañaga argazkia)

Gaur ere gure jatetxeetako jatorduak ez badira asko aldatu,  ezin esan gauza bera menuaren kostuaz, ezta? 

Agian datu hauek irakurrita konturatu gara igoera ez dela aritmetikoa, ez geometrikoa baizik eta esponentziala izan dela.

 ONDARREKO TABERNA, JATXETXEA ETA OSTATUA
 ONDARREKO ZUBIAN, ONDARREKO TABERNA AURREAN, TXIKITERO TALDE BAT ETA TABERNAKO BI ALABA
(BEGOÑA ETA ANGELES). 1950. hamarkada
 `ARIN´ JATETXEA

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada