2013/12/31

IRIARTEAZPIKOA BASERRIA

Esan ohi da Gipuzkoako antzinako baserri guztiak maisu zurgin eta hargin profesionalek egin zituztela. Baserri jabeek kontratatuta egiten zuten lan ofizial eta morroi talde baten laguntzarekin. Jabeak eta ofizialek eztabaidatzen zituzten baldintzak, eta Europako baserrietan ohizkoa ez den sendotasuna eta kalitatea eman zieten gure artean han eta hemen eraikitako baserriei. 
 
Harlanduzko zutabea eta ezkaratza, gainean alde batetik bestera 13 metro duen ateburua edo dintela ere ikus daiteke.

XVI. mendean eta XVII. mendearen zati handi batean obra diseinatutako maisuak jarraitzen bazuen ere obra guztia, 1650. urtearen inguruan hasi ziren marrazten ere egin beharrekoa, izan ere euren lana beste ofizial batzuen eskutan lagatzen hasi baitziren. Eta hala, obra bukatzen zenean, aditu batzuen laguntzaz bisitatzen zuen egindako obra, eta ikusitakoaren eta planoari atxikitakoaren arabera, baita ordaindu ere.


`IRIARTEAZPIKOA´ BASERRIAREN PLANOA 
1672. urtean.
(Oñatiko Protokolo Artxibo Historikoan gordetzen da)

Prozesu guzti horrek adierazten du Gipuzkoan marraztutako plano bidez egin zen lehendabiziko baserria Antzuolako Iriarteazpikoa izan zela, hain zuzen ere. 1672. urteko martxoaren 25ean erabaki zen Iriarte "yusso" (azpiko) izeneko baserri bat eraikitzea. 

Joseph de Oxirondo eta Juan de Ibargoitia arotz-maisuek  eraiki zuten 1672. urtean baserria, Juan Bautista de Benitua jabe zela. Berarekin adostu zuten aldez aurretik plano eta baldintzak. Guk geuk dokumentu hau erabiliko dugu informazio iturri bezala:

"Y dijeron que el dicho Juan Bautista desea reedificar de nuebo la dicha su casa... (y que) Juan Bautista los aia de dar al pie de la obra todo el material necesario... y Joseph y Juan se obligan de azer y acavar dicha obra de carpinteria para el dia de Nuestra Señora de Septiembre proximo".

1672. urteko martxoaren 25ean  
aroztegi lanetarako egindako hitzarmena.
 (Oñatiko Protokolo Artxibo Historikoan gordetzen da)


 13 metro dauzka ezkaratza babesteko aldenik alde dagoen haritz edo gaztainondo egur dintelak.















Teilatuko tirantiaren itxitura espigatxoaren bidez egina.

Baina egurra bezain garrantzitsua zen hormak egiteko harria lortzea. Berau egiteko beste ofizial batzuk hitzartu zituen: Pedro de Balzola eta Francisco de Garate izeneko hargin maisuak hain zuzen ere.

Harginekin 1672ko apirilaren 24an egin zen hitzarmena, eta oso aberatsa dena datuetan, izan ere:

" ... de allarse la dicha su casa muy vieja y arruinada por su gran antiguedad, desea reedificar de nuevo para que se observe mejor la perpetuidad de su nobleza y memoria aziendose de pared y demas necesario..."

 
 1672ko apirilaren 24an 
hargin lanetarako egindako hitzarmena. 
(Oñatiko Protokolo Artxibo Historikoan gordetzen da)

Datuetan hautematen da aurretik bazegoela beste baserri zahar bat, eta egurrezkoa-edo zena, harri gabe edo gutxirekin eraikitakoa. Beraz, berria, harrizkoa egitea erabaki zuen Juan Bautistak, hala bere oroimena eta noblezia mantendu zedin. 

Eta nola eraiki nahi zuen?

"Lo primero de sacar, labrar y asentar toda la piedra labrada necesaria ... se gastase la cal que se alla recogida en la dicha casa y `a picon´ dicho labrar a si para las puertas, ventanas como esquinas y la bara de dicha piedra a quatro reales y quartillo ... Lo segundo abrir todos los cimientos...".

Beraz, nahiz eta manposteriaz egingo bazituen hormak, ateak, leihoak eta baserriaren izkinak harlanduzkoak ("a picón" landuta) egin nahi izan zituen.   










  













Ezkerreko argazkian, harlanduez egindako leihoa, baserriko ate eta ertzekin batera harlandua azaltzen diren toki bakarrak. Eskuman, berriz, lixiba egiteko ingurua (arropak garbitzeko tokia). Sukaldean bezala zorua harrizkoa da. 


 GAURKO BASERRIAREN IRUDIA 

Baserrietan hormak egiteko XVII. mendetik aurrera hasi zen erabiltzen adreilua, hurritza edo gaztaina makilaz egindako hormak (ondoren kareaz estaltzen zirenak) ordezkatuz.




Lur zorua garai hartako egurrezkoa mantentzen du. Normalean gaztaina oholez egindakoa.

Ez dugu bukatu nahi esan barik, XVIII. mendearen azken hamarkadatik aurrera hasi zirela parte hartzen baserri handien proiektuetan arduradun gisa arkitekto titularrak, eta aitzindarietako bat dela Antzuolako IRAETA baserria, 1796an Bergarako Alejo de Miranda akademikoak diseinatuta. Baina berau beste atal batean landuko dugu.


Zenbat denbora obretan? Batanaz beste pare bat urte luze behar izaten ziren Antzuolan dauden baserriak eraikitzeko, bukatuta ikusteko. Prozesu delikatua zen, eta ezinbestean: egurrak moztu, lehortzen laga, landu, ... harriak ekarri, landu, ... edo karea egin porlana egiteko,... edo teilak egosi (milaka) ... Ondoren, obrara ekarri, eta eraikitzen hasi, astiro-astiro aldamio egokiak edo poleen bidez idiak horretarako jarriz eta erabiliz.

 


















Bi argazki hauetan ikus daiteke hormatik postera joaten den oso ohiko egitura gure baserrietan. Ezkerrean,  tirantiaren espigatxoa  sartzeko zutikoari egiten zaion kaxa. Eskuman, kaxa horretan sartuta ziria edo pasadorea jartzen zitzaion.



Antzinako sukaldean, kea kanporatzeko kanpaia ere ikus daiteke oraindik. Sukalde gaineko egurrak keaz belztuta daude.


ZALDIA, OKERTUTAKO EGURRA

Teilatuko beste ohiko egitura bat, zaldiak izaten ziren. Egur okerrak, batez ere teilatuari altura emateko erabilgarriak zirenak.


GARAI BATEAN HALA EKARRIKO ZITUZTEN BASOTIK BASERRRIAK-ETA ERAIKITZEKO HARITZAK ETA GAZTAINONDOAK

Beraz, labur bilduz, Iriarteazpiko baserriak oinarri errektangularra du eta teilatuak bi aldetara jotzen du. Bere osagaiak egiturari dagokionez hauek dira: beheko solairua, lehena eta teilatu azpiko ganbara. Harri landu urriez egina da eta egurrez eta adreiluz osatutako egitura interesgarriak ere baditu. Bere egitura ezaugarriak aztertua, Euskal Herriko baserri inguruko herrien etxegintzari dagokion tipologian sar daiteke eraikin hau, oso adierazgarria izanik arlo horretan. Araban batez ere, baina baita Bizkaian ere aurki genitzake tankerako baserriak. Aipatzeko modukoa da ataria, edo ezkaratza, oinarridun harrizko zutabeak eutsitako zurezko langa sendo batez osatua dagoela. Bera erabiliko zen garia eta baita artoa jotzeko ere, babesleku ona eskaintzen duelako.

XVII. mendean (1630ean), eta etxe hau egin aurretik zegoen etxe zaharrean, Bartolome Iriarte alarguna bizi zen bere hiru seme-alabekin, eta neskame batekin. Ondoren, etxe berria eraiki ondoren, aipatu dugun Juan Perez Benitua-Iriarte bizi zen.

Gaur, 1970. hamarkadatik-edo, hutsik dago baserria, baina azken bizilagunak Inazio Iturbe eta Jose Lizarralde, etxebizitza batean, eta Valentina Garcia, Benantzio Urigain eta Santiago Umerez, bestean, izan ziren.

Bukatzeko, esan, zerrendatuta dagoela baserri hau, eta interes kultural berezia duela 1994-10-21 ebazpenaren arabera: BOPV (8-11-1994).

Iturriak.

 Eskerrak eman nahi dizkiot Jesus Igartzari baserri honi buruz eskainitako informazio guztiagatik eta argazkiak ateratzeko emandako erraztasunagatik

No hay comentarios:

Publicar un comentario