2014/01/18

ELURZULOA (NEBERA) KOROSO BIDEAN?

Antzuolako artxiboan behintzat udalerrian elurra batu eta ondoren elurzuloetan sartzen zenik ez dugu inongo aipamenik. Bai, ordea, Antzuolatik oso gertu, Bergaran. Izan ere, Gorlara edo Elosura doan bide ertzean, Antzuolakoa den Amezti baserritik oso gertu, elurzolo bat ikusteko aukera dago. Guk geuk, atal hau ilustratzeko bertan azaltzen diren panelak eta argazkiak erabiliko ditugu.

Zer dela eta, beraz, elurzoloak Antzuolan? Susmo bat besterik ez da, baina pentsa liteke Koroso bidean dagoen zulo misteriotsua elurra batzeko erabili izatea garai batean.

 
 ZULO MISTERIOTSUA KOROSORA DOAN BIDEAN

Zer da elurzuloa?  Erantzuna bilatzen joateko azpian ikusi ahal izango duzue Bergarako elurzuloa nolakoa den eta nola erabiltzen zen:



Elur zuloan dauden panel didaktikoak adierazten dizkigute, beraz, lehendabizi, elurra nola batzen eta botatzen zen zulora, eta bertan nola pilatzen zen. Bestetik, azpiko argazkian, elurra izotza bihurtuta nola batzen zen, ondoren mando edo asto gainean bera garraiatzeko.
 

Elurra egin ahala pilatzen zen, eta badirudi garraiatu ere gauez egiten zela, hala gutxiago galtzeko izotza. Baserritarrek ere jantzi eta oinatako bereziak erabiltzen zituzten zeregin horretarako.

Era honetako izotzaren erabilera ugaria izan zen XX. mendera arte, izotza era industrial batean egiten hasi zirenerarte. Zer esanik ez, bere desagerpena etxeetan hozgailuak sartzen hasi zirenean gertatu zen.

Limonadak egiteko, medikuntzarako, izurriteak zeudenerako, kontserbatzeko... erabiltzen zen bertako izotza.

Bere kudeaketa, berriz, udalari zegokion.

Esandakoa, Urkillutik Korosora doan antzinako bidea edo galtzada jarraituz gero, bide ertz batean topo egingo dugu lurrean egindako zulo batekin. Hurbilduz gero, baina, harriz egindako egitura batekin topo egingo dugu. Ze motatako egitura? Hasteko, gehiago ematen du herrian han eta hemen aurkitzen diren karobietako bat. Hala ere, egindako egiturak badirudi beste zerbait adierazten duela. 



 LANDUTAKO HORMAK IKUS DAITEZKE ZULOAN

Ibili gara ingurukoei galdetutzen, baina bertan ez dutela karobirik ezta elur zulorik ezagutu ere esan digute. Beraz, une honetan ezin dugu ziurtatu zer izan daiteken zulo misteriotsu hau.

Ea frogak topatzen ditugun. Norbait baleuzka idatzi barik ez geratu.


GOITIK BEGIRATUTA ZULO MISTERIOTSU HONEN DIAMETROA IKUS DAITEKE, ZABALEEGIA KAROBIA IZATEKO


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada