2014/02/22

AURREZI IKASTOLA

Antzuolako ikastolaren sorreraz jakin nahi bada, lehendabiziko urteak, sorrera bera eta hasierako urratsen ingurukoak hain zuzen, apenas dago ezer idatzita. Izan ere, lehendabiziko dokumentazioa 1971. urtekoa da, orduan hasi zirelako arduradunak aktak-eta idazten. Hasierako etapa hura ez idatzita egotearen arrazoia zera da:

“Frankismo garaia zen, urte latzak, arriskutsua gure lana idatzita uzteko”. 

Dena dela, 1971 aurreko han eta hemengo dokumentu batzuk lortu ditugu, eta dauzkagun datuen arabera, lehenengo urratsak ikastola eraikitzeko 1967an eman ziren. Lehendabiziko dokumentu garrantzitsua, baina, 1969ko irailaren 23koa da. Zera diosku:

“Teniendo en cuenta la decisiva importancia educacional de la edad comprendida entre los 3 y 6 años, y velando sobre su futura educación religiosa y humana integral al amparo y bajo auspicios de la Iglesia, los abajo firmantes, padres de familia solicitan se erija un Centro donde se imparta Catequesis y Cultura Infantil para nuestros niños en la edad mencionada arriba, exenta de toda obligatoriedad escolar. Firman: Julian Iparragirre; Gerbasio Legorburu; Victoriano Etxaniz; Koldo Madariaga; Luis Pildain; Zipriano Pildain; Jose Mari Kortabarria; Maximo Arizti; Angel Murgiondo eta Casiano Zabalo.

Gehienetan eliza, elizgizonak eta erlijiosoak dira ikastolen sorreretan aurki daitezkeenak; baita, beraz, Antzuolan ere, izan ere horrela legeztatze prozesua errazagoa izaten zen:


Reglamento de la escuela "AURHEZI" de Anzuola.1970. urtea

“En el espíritu de la doctrina de la iglesia, recordad con fuerza nueva por el Concilio Vaticano II, la Parroquia Ntra. Sra. De la Piedad de Anzuola … ha determinado, con todos los requisitos y derechos de las leyes vigentes, abrir una Escuela Primaria en los locales de los Hermanos Maristas… bajo la advocación y título de `AURHEZI´. La administración de la escuela queda a cargo de una junta de seglares de la Asociación de Padres de Familia, instituída en la iglesia de esta Parroquia” (15/09/1970).

Ikastola egiteko proiektua Maristetan, Balentin de Berriotxoa ikastetxean
 
Antzuolan ere elizak parte hartu zuen, eta orduan herriko abadea zen Agustin Landak protagonismo handia hartu zuen ikastolaren proiektua sustatzeko. Bere baitan guraso gazte batzuk ere bildu zituen, eta egitasmoa egi bihurtzeko adostu zuten euren seme alabak euskal giroan eta euskaraz hezi nahi zituztela. Beraz, hasteko, elizaren babesa hor bazegoen.

Agustin Landa apaiza, Koroson egin zen Finalista Egunean meza ematen. Kruz "errota" bertsoak botatzen.


Andereñoa hartzeko pausuak ere eman ziren, eta lau aurkeztu ziren; laurak titulu gabekoak. Frogak egin ondoren, Maria Asun Aranguren izan zen aukeratua. Hasteko praktikak egitera joan zen Donostiara, zortzi gurasoak bakoitzak jarrita zeukaten 4.000 pezetako kuotari esker ordainduko zena. Hala ere, bezeroak ugaltzen zihoazen, eta dagoeneko 20 baziren.


Ondarra auzoko etxe honen azpian kokatu zen ikastola

Lokala, berriz, Ondarren jarri zen, Muguruza-Lizarralde senideak lagatako lokalean. Lehen urtean debalde laga zutena, eta gero 500 pezeta ordaintzen hasi zena. Eta hala, 1968-69ko ikasturteari eman zitzaion hasiera “Aurhezi” ikastolari Antzuolan. Guztira, 23 ume, 4 eta 5 urtekoak.


IKASTOLAKO UMEAK ONDARREKO PLAZAN
(1960. HAMARKADAREN BUKAERAN)

  ANDEREÑOA ETA IKASTOLAKO UMEAK 
(60. hamarkadaren bukaeran)

Hurrengo pausua Ikastolen Federazioan sartzea izan zen. Horri esker pedagogia gaiari heldu zitzaion, eta Lazkaoko andereñoak etortzen ziren umeekin gurasoei euren metodoa azaltzeko.

IKASTOLAKO UMEAK ONDARRA AUZOAN
(60. hamarkadaren bukeran)

Bigarren ikastaldian, 1969-70koan, hamabi ume berri matrikulatu ziren, eta beste andereño bat, Bergarako Arantza Gallastegi, etorri zen. Erdaldun batzuk ere hurbildu ziren euren seme alabak matrikulatzeko asmoz, baina zoritxarrez ez zegoen tokirik.

Beste gai bat umeen eskolako kartilak izan ziren, hasiera batean Oñatikoei esker lortu zirenak (gero Arrasate eta Bergarakoak ere bai).

Legalizaziorako bideari ere ekin zitzaion, eta hasiera batean “Elizaren babesean” bezala hartua izan zen ikastola.

Gurasoek ere lehendabiziko batzordea antolatu zuten, eta hauexek aukeratuak: Agustin Landa, lehendakari bezala; idazkaria, berriz, Edurne Galartza. Kideak: Gerbasio Legorburu, Luis Pildain, Angel Murgiondo, Juanita Kortabarria eta Karmele San Sebastian.

1971an, berriz, OHO edo EGB-a ezarri zuen Espainiako hezkuntza zuzendaritzak. Umeen eskolaratzea 6 urtetik 12 urte bitartera arte hasi zen izaten, eta Antzuolako eskola izendatu zuten “Colegio Nacional”, 16 irakaslerekin.

Zerbait egin behar zela ikastolarentzat, eta herriko parrokoa zen Jose Maria Egurenek Bergarako ikastolarekin harremanetan jarri eta Antzuolako ikastolako haurreskola, 3, 4 eta 5 urteko umeekin, hango izendapean gelditu zen. Guraso batzuk ez ziren honen aldeko eta umeak atera eta eskola nazionalean sartu zituzten.

Irakasle berriak ere sartzen hasi ziren. 1973an, Maria Eugenia Irazabal hasi zen lanean, eta laguntzaile bezala Maria Tere Guridi ere etorri zen. 1976an, Axun Zabalo … Baita Anastasi Gabilondo, Mari Sol … ere.


Antzuolako unifikazioaren batzordea.

Baina egoera politikoak ere aldatuz zihoazen. Gernikako Estatutuari esker (1979), Eusko Jaurlaritza bat sortu eta Hezkuntza eskumenak bereganatu zituen Jaurlaritzak. 1981ko ekainaren 25ean etorri zen ikastolaren legeztapena, orduan erregistro ofizialean inskribatu baitzen “HAUR HEZI IKASTOLA” . Hamasei gurasok sinatu zuten eratze akta. Orduan Maristetako komentuan, Guraso Elkarteak  erositako eraikuntzan zeuden haurrak.

1983an ikastola eta eskola batu egin ziren, beste herri txiki askoren bezala, eta hortik sortu zen “Herri Eskola”, eta "AUR-HEZI" ikastola desagertu.


IKASTOLA UMEEK EGONALDIAK EGITEN ZITUZTEN ELOSUN (70. hamarkada)


IKASTOLAKO UMEAK

Hala ere, hau ez da dena. Izan ere, Jesus Agirre "Etxetxok" etxean zeukan ikastolako umeekin Elosun "super 8"-an ateratako pelikula bat. Egoera txarrean zegoenez, tekniko bati eman zitzaion pelikula zaharberritzeko. Eta egia esan behar bada, ia-ia galduta zegoen  pelikulatik gai izan da irudiak eta ahotsak txukun berreskuratzeko. Beraz, hemen duzue Zerafin Esnaola Bergarako apaizak (http://www.bergara.net/eu/Herria/Ospetsuak/Esnaola) 1972 eta 1973an  Elosun egindako egonaldietan ateratako pelikula. Benetako herri balioa  daukana.



 Antzuolako "AUR-HEZI" ikastolako umeak 
Elosun (1972-3)


Oharra:
Agian konturatuko zinen argazkietan azaltzen direnak ez daudela izen abizenekin adierazita. Nahita. Bakoitzaren intimitate eskubidea errespetatu nahi izan dut. Dena dela, norbaitek nahiko balu artikulu hau bere osotasunean eskuratu, hau da, azaltzen direnen izen abizenekin, korreo bat bidali nazala, eta bidaliko diot kopia osoa PDF batean.

Eskerrak emandako informazioarengatik
Jesus Agirre “Etxetxo” eta Maria Eugenia Irazabali. Eta argazkietan jendea identifikatzeko ibili diren Mikel Larreari eta Patxi Kortabarriari.


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada