2014/04/21

HAUTESKUNDEAK (V): ERREFORMA POLITIKARAKO ERREFERENDUMA

1975eko azaroaren 20an Franko diktadorea hil zenean, erreforma politikoari hasiera eman zitzaion, eta horrekin batera hainbat erreferendum eta hauteskunde ardatz izan zirenak ondorengo urteak ulertu ahal izateko. Guk geuk ere Antzuolan aldaketa horien aurrean izandako erreferendum eta hauteskundeak ezagutu nahi izan ditugu. 

Hasierako testuinguru politiko berri honetan ezin dugu ahaztu 1975etik 1979ra lanean jardun zuen "Bergarako Alkate Taldea", Bergarako alkatea zen Jose Luis Elkorok sustatuta, izan ere herrietako alkate eta zinegotziek osaturiko taldeak garrantzi handiko lanak egin zituen lehendabiziko udal demokratikoak sortu aurretik. Honen adierazpen ezagunena Bergaran 1976ko uztailaren 21ean ospatutako Euskal Herriko udalen eta alkateen bilkura, non Antzuolak ere parte-hartze zuzena izan zuen:

 Jose Luis Elkoro, Bergarako alkate ohia.


Errepresioa ere gogorra izaten jarraitzen zuen, torturak eta heriotzak, zenbait unetan egoera jasan ezinak bihurtzeraino.
Are gehiago, euskal nazionalismoaren barruan ere zatiketa eta etorkizun perspektiba aurrean zeuden ikuspegi desberdinak gero eta handiagoak ziren. Egoera deseroso honetan iritsi zen 1976ko abenduaren 15ean izandako `Erreforma politikarako Erreferenduma´, eta berarekiko jendearen sinesgarritasun eza nabaria izan zen, eta abstentzioa handia izan zen.

Orduan, erreferendum egunean, mahai bakarrean, lehendakari bezala, Jose Iñurrigarro egon zen, eta adjuntoak Jose Kortabarria eta Jose Lizarralde. Interbentore bezala, Jose Luis Kortabarria.

Erroldan 1.407 herritar zeuden boto eskubidearekin. Emaitzak hauek izan ziren:
  • Baiezkoak: 463 (%90,25).
  • Ezezkoak: 23 (%5,26).
  • Zuri: 27 (%4,49).

Guztira emandako botoak: 513.

  •  Abstentzioa, % 63,60.
  •  Partizipazioa, % 36,40
Bi datu aipagarri: 

1) Emandako botoen arabera, baiezkoaren garaipena, eta 2) abstentzioaren kopuru handia.

Antzuolan ere ez ziren izan garai oso alaiak erreferenduma aurrekoak, batzuetan herri barruko kontuengatik eta beste batzuetan kanpoengatik. Hona hemen zenbat gertaera:

  •  Gasteizen martxoaren 3an hildako langileengatik grebak (76/03/05).
  •  Herriko hainbat seme-alaben atxiloketak (76/04/07, 05/08 eta 11/20).
  • Guardia Zibilak herriko etxeetan egindako erregistroak (76/10/11).
  • Grebak errepresio eta gertaera desberdinengatik  (76/11/12).
  • Ikurriña Maristetako kanpandorrean (76/07/21).
  • Txiki eta Otaegiren erailketagatik greba (76/09/27).
  • (...).

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada