2014/06/22

BERGARAKO ITURBE ETXEA

Antzuolarrok badakigu Iturbe baserria Lizarraga auzoan dagoela, San Martzial ermita parean. Agian ez duguna jakingo da jatorrizko leinu edo familia honen sustraiak zabalduta daudela, besteak beste Bergaran, eta zehazkiago esanda 22. zenbakia duen eta Bidekurutzetan dagoen etxe batean. Izan ere, bertan ikusiko dugu Iturbe etxea, XVII. mendean eraikitakoa. 

Hala ere, eraldatuta dator guregana etxe hau, nahiz eta oraindik bere jatorrizko ezaugarri batzuk erakusten dituen, besteak beste fatxada erdian dagoen armarri ederra, ate ondoa ... Gero ikusiko dugun bezala, etxeak hiru zati dauzka.

Baina has gaitezen ezagutzen nondik datozen Iturbetarrak,eta Antzuolan Iturbe baserriaren argazkiak ikusten hasiko gara:

 
 ITURBE BASERRIA ANTZUOLAN, ERDIAN ARMARRIA

 Armarria Iturbe baserrian

Iturbetarrak XVII. mendean zeregin desberdinetan aberastu ziren, eta horren ondorioz inguruko familia aberatsekin ere aukera izan zuten elkartzeko.

Esan bezala, jatorriz familia antzuolarra zen, eta XVII. mendearen hasieran gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi zen, batez ere ezkontzen ondorioz jasotako ondasunengatik. Hala, aipatutako mende horren hasieran, Juan Martinez de Iturbe eta Maria de Iñurrigarro ezkondu ziren. Mariak eraman zituen ezkontza hartara bere aitak, Andres Martinez de Iñurrigarrok, emandako maiorazgoa (etxea), bi baserri, Bergaran zeuzkaten bost etxe eta aitak eraikitako etxea (ARGAZKIA).

 
  ANDRES MARTINEZ DE IÑURRIGARROK JATORRIZ ZEUKAN ESKUMA ALDEKO ETXEARI ERANTSI ZITZAION ONDOREN EZKER ALDEKOA. GUZTIARI DEITU IZAN ZAIO `ITURBE ETXEA´.

Juanek, berriz, Antzuolako Iturbe baserria, Bergarako bi baserri eta beste bi Antzuolakoak, eta hainbat etxe. Ondoren, esandakoa, izandako seme eta alabak aberatsen seme-alabekin izandako ezkontzetatik etorri zen jatorrizko ondasunaren ugalketa. Horrek ekarri zuen hasierako etxea bera ere eraldatzea, aberastea eta handitzea, besteak beste alboko etxeren bat ere erosiz.
 
Kontua da etxeak XVII. mendearen erdi alderako orain ikusten dugun egitura osatzen duela. 

Hala ere, etxe honek bazeukan atze aldean ezaugarri bat, gaur galduta dauden korredoreak.


BIDEKURUTZETAN (22. zenbakian) DAGO 
ITURBE ETXEA

Argazki honetan ere ikus daiteke, eskuma aldean, etxe nagusia,   Andres de Iñurrigarrok 1603an eraikita. Ateondoa eraldatuta dauka, eta eskuma aldean pasabide bat, goitik behera baratzera zihoana.

Ezker aldeko etxea, 1630ean Juan Martinez de Iraetak erosi eta berreraiki zuena da. Bertan garrantzitusena da kolomez osaturiko ateondoa, dena harladuez egindakoa.

Baina, etxe honen beste ezaugarri bat ere bada gainean daukan armarria.



BERGARAKO ITURBE ETXEAN IKUS DAITEKEN ARMARRIA: GOIAN ITURBETARREN EREMUA; BEHEAN IÑURRIGARROTARRENA

ETXEAREN BESTE IKUSPEGI BAT ETA AZPIAN BERGARAKO UDALAK HAINBAT HERRIKO ETXE ETA JAUREGI AURREAN JARRITAKO KARTELEN ARTEAN, ITURBE ETXEARENA



Egia esanda, daukan ondare aberastasunagatik, Bergarak badauka xarma berezia, eta, aldi berean, antzuolarren historia idazteko orduan ere erreferentzia dena.

Norbait interesatua balego bere ondare historiko eta artistikoaz, kontsulta dezala liburu hau:

Gil, Jesús Angel (2001). Urbanismo y arquitectura civil en Bergara. Siglos XIII-XVIII. Bergarako Udala: Bergara.





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada