2014/07/28

ANTZUOLAKO PLAZAN BASKULA BAT


Urte batzuk badauzkagunok ezagutu dugu Antzuolako herriko plazan gurdiak-eta pisatzeko baskula. Bertara baserritarrak hurbiltzen ziren batez ere, kargatutako gurdiak pisatzera. Baskularen oinarri gainean jarri gurdiak eta udaletxe barrutik, lehen alhondiga zen tokitik, pisatzen ziren kargak.




HERRIKO PLAZAN, ESKUMAN, ITSUTUTA DAGOEN ARKUAREN AZPIAN IKUS DAITEKE BASKULAREN OINARRIA. ALHONDIGA BARRUAN ZEGOEN, BERRIZ, PISUA NEURTZEKOA (1940-1955)



Baskula honen beharra 1915eko apirilaren 18an egindako udalbatzar batetik datorkigu. Izan ere, garai hartan Antzuolako alkatea zen Agustin Telleriari eskatu zitzaion Bilbora joan eta bertan galdetu ondoren, eros zedila plazan kokatzeko gurdi handiak pisatzeko baskula bat.

Dakiguna da zazpi egun beranduago Bilbon, “Jose Rosal Hijos” etxeari erosi zitzaiola baskula hori. Bera, 1.900 pezeta ordaindu zen,  muntaia barne, eta baskula kokatzeko zuloa eta gainontzeko obrak udalaren esku geratu ziren.

Berehala hasi ziren obrak, eta maiatzaren 15ean, San Isidro eguneko mezaren ostean, inauguratu zen egindako lana.

Erabilera arautegi bat ere jarri zen martxan. Edo, hobeto esanda, zenbat kobratuko zen bere erabilera:

1. Gurdi handientzat (“volantes”), pezeta 1.
2. Gurdi txikientzat (“caseros”), 0,50 pezeta.
3. Abelburuak ere pisatzeko aukera eman zen, eta bakoitza pisatzearren: 0,50 pezeta.
4. Bulto handiak nahiz arinak, 0,50 pezeta.

    Makina bat gurdi pisatu ziren herriko baskulan

 1915eko uztailaren 31n baskula egiteko egindako gastuen deskargua egin zen:
  • Bilboko Jose Rosali, baskularengatik, 1980 pezeta.
  • Guillermo Azpiazu, Bergarako hargina, baskularen oinarria jartzeko erabilitako harlanduagatik: 96,79 pezeta.
  • Victoriano Galfarsorori erabilitako materialengatik eta baskula jartzeagatik, 367,54 pezeta.
  • Antonio Madariaga arotzari, 203,66 pezeta.
  • Andres Larrañagari, material eta garraioarengatik, 42,75 pezeta.
  • Bergarara aguazilak egindako bidaiengatik, 4 pezeta.
  • Francisco Irizarri, obra bukatu ondoren langileak egindako afari gastuengatik, 26 pezeta.
  • Guztira: 2720,74 pezeta.
(Vicente San Sebastiani ere 10,99 pezeta ordaindu zitzaion, ondoren).
 
1920an ere hiru egun erabili ziren baskula zegoen inguruan harrizko zoladura egiteko. 
 
Umetan, jolasean, baskularen burdinazko plataforma gainean jarrita, gai izaten ginen bera mugitzeko. Baina baita ertzetan zeuden tarteetatik jostailuak-eta galtzeko ere. 

Iturriak:
  • Actas y Acuerdos (1903-1916). 10. liburua eta idem (1916-1924), 11. liburua.
 Informazio gehiago:






No hay comentarios:

Publicar un comentario