2014/08/11

OTSOAK ANTZUOLAN


Otsoa oso arriskutsua jo izan da betidanik, baita herri literaturan ere.

Blog honetan komentatu dugu Antzuolan hildako hartzaren inguruan. Hala ere, abere mitikoa den honekin batera badago beste  animalia bat mitora ere garamatzana, otsoa, hain zuzen ere. 

Antzuolako artxiboan esku artean dauzkagun datuen arabera, XVII.mendean hautematen dira animali hauek herriko mendietan, eta hauek ganaduarentzat oso kaltegarria izateak bera harrapatzea eta hiltzea saritzen zuten udalek... eta baita probintziako batzarrek ere.

Esan beharrik ez dago gaiztoaren ospea izateak ez diola otsoari batere mesederik egin, ez hemen ezta hemendik kanpora ere.

Dauzkagun datu orokorren arabera, badakigu XX. mendearen lehen erdialderaino iristen zirela bai Aralarrera baita Aizgorrira ere, eta horregatik artzainek ez zituztela begirunez ikusten. Baina dirudienez XIX. mendearen bukaerako-edo desagertutzat jo daiteke otsoa Gipuzkoan.

Guk geuk, otso kontu honetan, XVIII. mendeko bat ekartzen dugu harira, 1722koa. Harrez gero ez dugu topatu beste aipamenik otsoaren inguruan. Zera dio dokumentu horrek:

"Confieso yo Simon de Plazaola, vecino de la villa de Oñate, haber recivido de Miguel de Iñurrigarro Otamendi, síndico procurador de esta villa de Anzuola, 56 reales y cuartillo de vellón por la ocupación que tuve en cazar lobos que amenzaban al ganado en el monte de Arrola, por la unión que hicieron la villa de Oñate, Legazpia y esta dicha de Anzuola para la cual se cupó a esta villa la dicha cantidad, y para que conste... En Anzuola a 20 de marzo de 1722... Y por no saber firmar rogué a Francisco Gabriel de Benitua firmase por mi".


Antzuolako Artxibo Historikoa, LXVI kutxan, 1722-23ko kontuetan

Dokumentu honetan hautematen den bezala, Arrola gainean zebiltzan otsoak une hartan, eta udalerrien arteko akordioen arabera ehiztari talde bat kontratatu zen otsoari aurre egiteko. Ez dakiguna da otsorik harrapatu ote zuten. 
 
Arrola gaineko pagadia. Bertan ibili ziren garai batean otsoak.

Kontua da, eta oso ohikoa une hartan gainera, harrapatutako otsoekin herriz-herri ehiztariak ibiltzea eta animalia horiek harrapatzearren herrietako udalei saria-eta eskatzea. Dirudienez, abusu asko egoten zenez eskaera hauekin, Diputazioak kendu egin zituen eskaera mota hauek 1856an.

Beraz, Antzuolako mendietan ere otsoak ibili ziren.





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada