2014/08/24

TOMAS ESTENAGA, KALIFORNIAN MISIOLARI



Batzuetan, ustekabean izaten dugu gure herriaren edo herritarren baten berri. Hala gertatu zait uda honetan Asun Garikanok idatzitako Kaliforniakoak (1533-1848) liburuarekin. Bertan irakurritakoari esker jakin izan dut Alta Kaliforniara joan ziren frantziskotar misiolari euskaldun zerrenda luzetik (1769tik 1848rako tartean 142 misiolari) bat, antzuolarra zela: Tomás Eleuterio Estenaga, hain zuzen ere.

Esan dezagun hasi aurretik, bere aita Vicente Estenaga Yturralde, eta bere ama, Rafaela Santos Unanue Muxica izan zirela. 1790eko apirilaren 18an jaio zen eta Antzuolako Errukizko Amaren parrokian bataiatu zuten. Beste hiru anai eta arreba batek osatzen zuten Estenaga eta Unanue sendia. Hala dioskute behintzat kontsultatutako jaiotza agiriek. Bera zen hirugarrena, eta garai hartan ohikoa zen bezala etxetik alde egin beharra izango zuen, bere aukera apaiz izatea izan zelarik. 

Tomas Estenagaren sinadura

Asunek idatzitako liburuarekin bat eginez, Kaliforniaz hitz egiten dugunean Estatu Batuetako estatu bat dela badakigu arren, agian ez dugu jakingo bere kolonizazioan euskaldunek izan zutela parte hartze handia, eta euretako batzuk aitzindariak ere izan zirela hainbat zeregin politiko, sozial eta ekonomikoetan. Kolono hauetatik asko eta asko eliztarrak ziren, orden desberdinetakoak. Hala, lehendabizi, Jesus Lagundikoak izan ziren 1767ra arte, hau da, espainiar Amerika osotik bota arte. Euren tokia beste ordena batzuk hartu zituzten, Goi Kaliforniarena frantziskotarren esku geratu zelarik.

Beraz, euskaldun pila bat ibili zen; adibidez, Arrasate, Errenteria, Azkoitia, Aizarna, Markina, Mañaria, La Bastida, Gasteiz, Bilbo… eta abarreko gizasemeak, eta guztien burua Gasteizko Fermin Lasuen.

Ez dakigu zehatz-mehatz noiz iritsi zen Tomas Ameriketara, ezta gaurko Los Angeles hiritik milia gutxi batzuetara dagoen San Gabriel Arcángel izeneko destinora. 

Oso lan aktiboa egin zuela badakigu, eta handik pasatu zen esploratzaile frantses baten hitzetan “indioek asko zor diote berek egindako lanari”. Besteak beste, indioei adreiluak egiten erakusten… 

1847an, Tomás Eleuterio Esténagak azken hatsa eman zuen San Fernandon. Bera ezagutu zutenek esana da bere hil aurreko hitzak “hamabost urtez zerbitzatu dut San Gabrielen eta Los Angelesen. Bitarte horretan inor gaizpidetsu edo mindu badut, barka nazazue Jainkoaren izenean” izan zirela.

San Gabriel misisoa

Esan, urte horretako otsailaren 2an, Mexikoren eta Estatu Batuen arteko gerrari amaiera ematen zion ituna sinatu zela eta Kalifornia Estatu Batuetako lurralde bilakatu zen.

Eta nola diren kontuak. Urrea aurkitu eta europar askoren helmuga ere izan zen inguru hau, baita euskaldun askorentzat ere, baina laster urrea bilatzeari laga eta beste ogibide batzuk hautatzen hasi ziren, tartean hain ezaguna izan den abeltzain edo artzainarena. Beraz, bazirudien euskaldunen katea ez zela eten, eta XVI. mendetik XIX. mendera arte iraun zuela Kalifornian.




 SAN GABRIEL MISIOA TOMAS ANTZUOLARRA 
EGON ZEN MISIOA


Informazio gehiago:

 http://www.sangabrielmissionchurch.org/





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada