2014/11/23

SU-ERMANDADEA (1740-1921)



1970an, Mutilagun baserria, erreta.

Gaur normaltzat jotzen dugu aseguruak izatea zeregin desberdinetarako. Ohikoenak dira osasunerako, automobilerako edo etxekorako aseguruak, edo hortik aurrera, besteak beste, baita kirola egiteko ere. 

Honetan etxeko aseguruekin bat egingo dugu, hau da, garai batean baserriek eta kaleko etxeek zeukaten su-ermandadeaz hitz egingo dugu. Oso ohikoak izan zirenak Gipuzkoan garai batean, baita gure herrian ere.

Ohikoena, zoritxarrez, tximista edo beste etxeko istripuren baten ondoren sua piztu eta baserria arrisku bizian jartzen zenean, zenbaitetan hondamendia ikaragarria gertatzeraino. Egoera horri aurre egiteko sortu zuten agintariek nahiz baserritarrek Su-ermandadeak edo anaitasunak, helburu bikoitzarekin: elkartasunezko nahiz borondatezko sare bat antolatu eta, hala, lehenik eta behin, erretako baserria berreraikitzen sortuko ziren gastuak ordaintzeko konpromisoa hartuz; eta bigarrenik, eraikitzerakoan harri gehiago sartzeko hitza eman eta arautzea, batez ere medialina edo su-kontrako hormak eraikiz etxebizitza eta ukuilua sabaitik bereizteko.  
Hala, bata (etxea) eta bestea (sabaia) komunikatzeko burdinazko ate bat jarri zen. Hau ohitura bihurtu zen XVIII. mendetik aurrera.
 
Medialinak baserriko alderdi biak (etxea, ukuilua eta baserriko gainontzeko guneak) elkartzeko burdinazko atea izaten zuen.Suteren baten aurrean etxebizitza sarri ez zen erretzen ate eta medialina honi esker, gainontzeko guneak baizik. 

Iturbe baserrian dagoen burdinazko atea (XVII-XVIII. mendekoa)

1740ko otsailaren 21ean sortu zuen Antzuolako Udalak Su-ermandadea, eta 1921era arte iraun zuen. Herriko ermandade honek liburua zeukan erregistroa egiteko. Bertan, elkarte honen beharra ikusi zutenek, zera adierazi zuten une hartan:

“Etxe asko erretzen da herrian eta batzuk berreraikitzen ziren herritarren laguntzaz, baina betirako zorrez betetzen ziren; beste batzuk, ostera, ezin zuten berreraiki eta halaxe etxe askoren memoria eta izenak desagertzen ziren. Honekin batera, herritarren jaitsiera ere ematen zen eta ondorioz herriko aberastasunarena ere”.

Iturbe baserriko burdinazko atea.

Lehendabiziko arauak 1747ko martxoaren 2an onartu ziren. Aseguru elkarte honek bere arauak zituen (8 guztira), eta bertan etxe babesa mota desberdinak adieraziz gain, kuotak, prozedurak eta etxea eraikitzeko materialez ere hitz egiten zen, besteak beste.


Esan dugun bezala aseguru mota desberdinak zeuden:
  1. “Fuego entero”, 22 erreal kuotarekin. Guztira 69 baserri. Guzti hauek ematen dute sute baten aurrean 1606 reales de vellon. 
  2. "Medio fuego”, 11 erreal. Guztira 46 etxe. Guztira 506 erreal.
  3. "Tercio fuego”, 7 erreal eta 12 marabedi. Guztira, 22 etxe.

Lehendabiziko kategorian zeuden herriko baserri gehienak, eta azpikoetan kaleko etxeak.

Su Elkarte honen erregistroa interesgarria da une hartan etxeen jabeak ere zeintzuk ziren hautemateko. Hala, eta 1747ko datu adierazgarrienak erabiliz, hauek ziren etxe-jabe garrantzitsuenak herrian:
  • Vicente de Ondarza y Galarza zeuzkan: Galartza, Untzarri, Etxeberrisoro, Ugarriagazpikoa, Elorriaga eta Amezti. Guztira, 132 erreal ordaintzen zituen.
  • Miguel de Amilletak zeuzkan: Amilleta, Sarralde, Baztarriñabarrenekoa, Arrelusetxebarri, Arane (Bergara), eta kalean beste etxe bat. Guztira, 132 erreal ordaintzen zituen. 
  • Juan Antonio de Arrelusek zeuzkan: Aranguren, Aranburu, Zumaeta eta Akinibai. Guztira, 88 erreal. 
  • Bergarako Errege Seminarioak zeuzkan: Erautza, Arreluztxiki, Lamarianoazpikoa eta gainekoa. Guztira, 88 erreal. 
  • Rokaberde Markesak (Rocaverde, Roque Javier de Moyua Ozaeta, III Marqués de (1731-1805) zeuzkan: Olazabal, Udala, Bidaurre eta Miso (Gabioza), 88 erreal. Esan beharra dago beste bi etxe zituela kalean markesak: Kalebarrenen eta Kalegoin. 
  •  “El Conde del Sacro Imperio Romano de la Villa de Vergara” Manuel José Antonio de Gaytán de Ayala Larzanguren zeuzkan: Elutza, Garikatza eta Gorrola. 
  •  “El convento de las monjas de Santa Cruz de la villa de Azcoitia”, Laskuraintxiki edo goikoa, 22 erreal.

Erregistro liburua (1804-1921)

1873ko erregistroan ere adierazten da "que con frecuencia se venía sucediendo en esta vecindad incendios de caserios quedando en su consecuencia sumidos en la mayor miseria las familias que esperimentaban la desgracia de ser quemadas sus habitaciones y sin tener con que sostener a su familia...". Beraz, panorama beltz honen aurrean ermandadean sartu beharra ia beharrezkoa zen. 

 1804an egindako ermandadeko erregistroa

Hala ere, diruz ordaintzea arazo bihurtu zen, eta 1873an dugun agirian bazkideek generoz edo espeziez ordaintzen zuten kuota: gari, arto eta lasto kopuruen bidez. Hau da: "nunca podrá esceder de una cuarta de trigo, otra de maiz y dos arrobas de paja". Auzoz auzo bilketa hau egiteko arduradunak ere aukeratzen ziren. 
 

ITURBE BASERRIKO BURDINAZKO ATEAREN SARRAILA SISTEMA (XVII-XVIII. MENDEA)


Iturria: "Libro de la Unión de Hermandad de Incendio (1804-1921). Antzuolako Artxibo Historikoa.




No hay comentarios:

Publicar un comentario