2014/12/06

KAPERATASUNA ETA ODOL GARBITASUNA: NOBLEZIA ANTZUOLAN



Gizarte guztiek gurtu dituzte arbasoak, eta Europako gizarte guztiek toki berezia gorde dute ahozko nahiz idatzizko oroitzapenerako, eta familia izan da hori guztia gordetzeko gunea.

Euskal Herrian, familiak eta horien oroitzapenak oso garrantzitsuak izan dira nortasun pertsonalak eta kolektiboak zehazteko garaian.

Euskal abizenei erreparatuz gero, XVI. mendera arte baserrien izenak izaten ziren pertsonen abizenak. Lurrarekin eta lur horren gainean eraikita zegoen etxearekin atxikimendua naturala zen. XVI. mendetik aurrera, baina, patronimikoak hasi ziren garrantzia hartzen.

Azkarate armarriaren agiria (XVII. mendea)

XV. mende bukaeran hasi eta XXI. mende hasieraino iragan horrek interes handia sortu du gugan, eta ohikoa da udal nahiz probintzia mailako artxiboetan jendea bere antzinako arbasoen bila ibiltzea. Helburua, zuhaitz genealogikoa egitea.
XV. mendetik bukaeratik ahoz transmititzen zen memoria, eta zeregin horretan emakumeek berebiziko balioa zuten. 

XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean, familia askok armarriak erabiliko dituzte nortasun hori biribiltzeko, auzotarrek ez zutelako beti nortasun hori onartzen edo begi onez ikusten. Armarri hauek hiztunak ziren, hots, arbasoen nondik norakoa adierazten saiatzen ziren.

Iriarte armarria

XIX. mendetik aurrera, erromantizismoa garaiarekin bat eginda, elite bat arduratuko da armarriak erabiltzeko eskubidea eta abizenen jatorria adierazteko iturri bezala.
Beraz, hiru mendez saiatuko da noblezia bere kaperatasuna eta odol garbitasuna frogatzen notario aurrean sinesgarritasun dokumentuak diseinatuz. 

Antzuola ez zen aparteko kasua izan, eta herriko hainbat familia saiatu zen froga hori adierazten. 

Bat hartu dugu aintzat: 1757an, irailaren 23an, Juan Bautista Arrelus eta Aranburuk (Ignacia Lucía Lascurain eta Zumaetarekin ezkondua), bere semearen alde (Juan Bautista ere), egindakoa.

Ziurtagiri hau lortze aldera emandako urratsak hautemango ditugu. Ikusiko dugu ikerketatxo bat jartzen zela martxan froga ahalik eta objektiboenak lortzeko:

1º. Herritarrei lekukotza galdetzea.
2º. Parrokoei galdetzea.
3º. Herriko artxiboetan arakatzea ea kargu publikoren bat-edo izan ote zuten:(“decretos y elecciones de esta villa …  y de oficios honoríricos”)
4º. Jaiotza agiriak lortzea(“se compulsen las partidas bautismales”).

5º. Eta guzti hori eginda “se mande copia integra fehaziente, legalizada, autorizada con la solemnidad debida de las informaciones y compulsas … pedidas para ser todo de justicia”.

Baina zeintzuk ziren froga bila aritu zen familia antzuolarra?

Juan Bautistaren eta bere emaztearen jabegoak handiak ziren ANtzuolan: “casas solares de Arrelus, Aranburu, Lascurain, Zumaeta, Arizti y Jauregui”. Gurasoek euren hidalgiaren aitortza lehendik eginda zuten. 

Baina, zer esan nahi zuen hidalgiaren aitortza izatea? Hau, gutxi gora behera:“Hemos sido y somos nobles hijosdalgo, notorios de sangre, cristianos viejos, limpios de toda mala raza de moros, judipenitenciados de la Santa Inquisición, y de toda otra secta reprobada, y sin oficio vil, ni mechas y que como tales han sido y hemos sido siempre estimados, havidos y comunmente respetados sin cosa ni contrario, y en todos tiempos inmemorial a esta parte”.
Iraeta armarriaren agiria (XVIII. mendea)
Esandako prozedura hasteko  Antzuolako sindikoa zen Domingo de Unanue aukeratu zen udaletxetik pasatuko zirenen lekukoak onartzeko eta ondoren beren testigantzak hartzeko.

Hauexek izan ziren lekukoak:

  • Lehendabizi, herriko abadea: Francisco Ignacio Eguizabal. Berari galdetuko zitzaion, hasteko, ea ezagutzen zituen senar emazteak (Juan Bautista semearen gurasoak, hain zuzen: Juan Bautista eta Ignacia Lucia). Bigarrenik, ezagutzen zituen zeuzkaten jabegoak. Hirugarren, ea hidalgoak ziren. Laugarrenean, herritarrak ziren. Bosgarren, lanbide ohoretsuak (izan) zituzten. Egindako galderen erantzunak baiezkoak izan ziren.
  • Bigarren  lekukoa, Pedro Antonio Echeverria, herriko kaperauak, egindako galdera bertsuekin emandako erantzunak zuzenak ere izan ziren.
  • Hirugarren lekukoa Francisco Antonio de Zumaeta, udal erregidorea (zinegotzia), izan zen. Bere erantzunetan ere ondo adierazi zuen bikotearen ezagutza.
  • Laugarren lekukoa, Jose de Azcarate, udal erregidorak  ere berdierantzun zuen. 
  • Bosgarrenak, Miguel de Iñurrigarrok, Iñurrigarro baserriko jabeak ere berdin.
  • Seigarrenak, Gabriel de Iraeta Ibarrak, Iraeta baserriko jabeak, gauza bera.
Ondorengo zeregina eliz agiriak kontsultatu eta kopiak eskatzea izan zen, eta une hartan “en ausencia del señor Juan Domingo de Goenaga, rector, cura, Gabriel de Gorriz”, bere ordezkoa alegia, ahalegindu zen: “ver, sacar y corregir las partidas de bautizados y casados y otros cualesquiera partidas que pidiese y señalase Juan Bautista de Arrelus Aranburu”.

Horrela atera ziren arestian aipatutako senar emazte eta semearen jaiotza agiriak. Ondoren gurasoen ezkontzaren agiria. Bukatzeko, gizonaren aiton-amonen jaiotza agiriak.

Jauregi armarria

Hurrengo urratsa, herriko udaletxean izan zen. Bertan, alkatea eta gainontzeko karguak elkarturik, izandako udal karguak ziurtatzea hasi ziren, eta hala, 1701. 1708, 1739etan izandako hauteskundeen ondoren hartutako karguen agiriak atera ziren.

Eta halaxe, 1757ko irailaren 28an, Juan Francisco Gazteluk, herriko alkateak, jasotako informazio guztia ikuskatu zuen eta onartu zituen.

Beraz, prozesu honen bitartez, semearen hidalgia onartua geratzen zen. Esan beharrik ez dago prozesua garestia zela.  Hau da, herriko "elite" edo aberatsenek soilik zutela aukera horrelako prozesuak martxan jartzeko. Beraz, lehen, gaur bezala, ate asko irekitzen zituen diruak.

ITURRIA

Oñatiko Artxibo Historikoa: GPAH 1-0814, A fol 143r-175r

No hay comentarios:

Publicar un comentario