2015/01/02

KRUZ ARANBURU INTXAUSTI: UME-GAZTE BIZIPENAK

Memoria historikoa berreskuratu nahi dugunean,  dokumentuetara jotzen dugu historiagileok batez ere. Hala ere, informazioa osatze aldera, eta ahal denean, ahozko informazioa ere oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Orain, bigarren bide hau jorratu dugu, eta herriko gizaseme batekin geratu gara berba egiteko.

Dena dela, gure protagonista den Kruzekin elkartzearen arrazoi nagusia berak urtetan kudeatu duen "puntapaixen" lantokiaz hitz egitea bazen ere, grabagailuaren aurrean hizlari aparta eta aldi berean oroimen onekoa izanik, lantokiaz baino beste hainbeste gauzetaz  hitz egiten bukatu dugu ordu eta erdiko saioan, baina batez ere gerra osteko garaiei buruz: Errepublikaz, Gerra Zibilaz, eskolaz, herriko gerra osteko soziologiaz ... eta zertxobait "puntapaixen" inguruan.

Kruz Aranburu  1930ko irailaren 14ean jaio bazen ere Ezkioga-Itxason, Santa Lutzia gainean, Ibarzabal goena baserrian, hilabete gutxi zituela etorri zen Antzuolara, eta Ariztizaharrean, desagertuta dagoen baserrian, bizitzen hasi zen. Kruzen aita ibilita omen zegoen Antzuolan morroi lanetan Bidaurre baserrian. Eta bere tia bat ere, berriz, Iturriotz baserrian. Beraz, Antzuolara etortzeko arrazoia bazegoen.

Kontu kontari hasteko, Errepublikaz (1931-1936) hitz egiten hasi ginen. Nahiz eta berak esan zertxobait lehenago mundura etorri zela, gogoratzen ditu garai hartako kontuak han eta hemendik jasota, adibidez, nola herriko errepublika zale handiena zen Krispinek oihukatu zebana, lehen ostatua (Martin okindegia, gaur) zegoen tokian, Errepublika garaia iritsi zenean:  

"Viva la República Vasca!, eta konforme ez danak egin deixala ipurdian aska".

"Flechas Negras" italiarrak. Atzean, Ariztizahar baserria. Orduan bertan bizi zen Kruz.

Ondoren, Gerra Zibilak (1936-1939) eta berak lagatako ikusiezinaz hitz egin genuen. Eta bera ume zenean, gainera, gogoratzen du Italiatik, Intxortako frentera joateko asmoz, "Flechas Negras" izeneko batailoia etorri zela Antzuolara ("Abisiniako gerratik ei zetozen") eta euren baserri aurrean egon zirela, argazkian ikusten den bezala.


- "Eren kapitainak gure etxian lo itten zeban, eta gure aittak uste dot lehenau ikasi zebala italianoz gazteleraz baino".

- "Baina batez be gogoratzen dot nola egon zien hiru soldau kanoi baten gurpilean kataiekin lotuta, eta nola eruaten zotzen janarixa". Izan ere Kruzek diosku hiru izan zirela atxilotuak "ez dakit Bergaran einddako zerbaittengatik", eta gero ...

- "tiro hotsak entzun nittuen oraindik iluntzeke zeuala, eta jakin izan neban ondoren fusilatu zittuela hirurak".  

- "Gure aittak, berriz, galdetu zotzan italianuen kapitainari zer gertau zan, baina ez zala ezer pasatzen esan zotzan, eta lasai egoteko. Harrez gero etorri dia italianoak inguru hau ikustera". 

- Ondo daki gainera non ere lurperatu zittuzten afusilatutakoak, "gaztainondo baten inguruan, oraindik han badago laister identifikatuko neban tokixa" diosku.

- "Italianoak ere ez zien geldik egoten, eta taktikak-eta ejertzizioak itten zittuzten, eta Arimendiko zelaitik behera sekulako saltoak-eta itten zittuzten". 

- "Denbora bat egin zeben, eta hemendik Bergarara, Uberara joan ziren, eta handik zeuzkaten kainoekin Intxortara tiro eginez".

Gerra alde batera lagata, esan, pare bat urte egin zituela Uzarragako eskolan ere Kruzek, bertako maistrua zen Josemarirekin. Gogoratzen du eskolako kanpoan espainiar bandera nola jartzen zuen, eta nola ikasi zuten karlisten umeen kantu bat ere, egunero abesten zutena: Los Pelayos. Eta gezurra badirudi ere, buruz kantatu digu mikrofono aurrean:

Pelayos somos de España, decididos a luchar.
Para hacer de nuestra Patria cuna de héroes inmortal.

Somos niños los Pelayos, más seremos sin tardar
los soldados más valientes que a la Patria salvarán.

Boina roja, tú serás el emblema del honor,
porque triunfe la verdad de la Santa Tradición.
 

Uzarragatik Maristetara ("hura izan zen gure unibertsitatea") pasatu zen gure protagonista. Han ere, gerra osteko "giroa" topatu zuen, eta baita ereserki berri bat ikasi ere: "Himno de la División Azul". Eta hemen ere, Kruzen buruak ez du hutsik egin, eta garai hartan sarri abestutako kantua abesten digu
División Azul-eko soldaduak 
eta soldadu alemanak
Con mi canción
la gloria va
por los caminos del adiós,
que en Rusia están
los camaradas de mi División.

Cielo azul
a la estepa desde España llevaré,
se fundirá la nieve
al avanzar, mi capitán.
Vuelvan por mi
el martillo al taller,
la hoz al trigal.
Brillen al sol
las flechas en el haz
para ti,
que mi vuelta alborozada has de esperar
entre el clamor
del clarín inmortal.
En la distancia queda
gozo del hogar
con aires de campanas,
vuelo de la paz.
Resuenan los tambores;
Europa rompe albores,
aligerando nubes
con nuestro caminar.
Con humo de combate
yo retornaré,
con cantos y paisajes
que de allí traeré.
Avanzando voy;
para un mundo sombrío
llevamos el sol;
avanzando voy
para un cielo vacío

llevamos a Dios.
Gerra ostea ere latza izan zela diosku, batez ere herritarren artean deskonfiantza dezente zegoelako. Gainera gerra irabazitako mugimendukoek agintzen zuten herria, eta alkatea bera ere tarteko ideologiakoa zen. 

Momentu hartan noraino iritsi zen egoera nolabait adierazten, gogoratzen du Gorpuzti egun batean, Ondarrera labaderotik zihoala prozesioa, orduko alkateak oihukatu zuela: "Gora Mussolini!", "Gora Heil Hitler!"... 

Zeferino Larrañaga, gerra zibilean ertzain. Ikusten den FIAT markako kotxea berea zen, gerran galdu zuena. Kotxe barik bueltatu zen etxera.
Kruzek urte batzuk ere egin zituen lanean ogigile bezala Zumarragan, 1958an ezkondu zen arte. Orduan, etxeko enpresan (Bergarako Camachorekin batera) hasi zen "puntapaixa" egiten. Gainera, bere aitaginarreba zen Zeferino Larrañagak ere aukera eman zion etxeko partea berak gestionatzeko.

Hala ere, 1946an sortu zen enpresa hau, ia bere gorenean 17 langile izateraino iritsi zena. Baina "puntapaixen" historia hau hurrengorako lagako dugu.

Eskerrik asko, Kruzi.


No hay comentarios:

Publicar un comentario