2015/01/25

LABORDA SENDIA ANTZUOLAN


LABORDA SENDIA ANTZUOLAN
1922ko ABUZTUAN ATERATAKO ARGAZKIA

Urteak ez dira alferrik pasatzen eta ez da antzuolar askorik izango abizen honetaz agian gogoratzen denik, baina aitortu behar da herriko historia modernoari begira sendi honek oso funtzio garrantzitsua bete zuela gure herriaren industrializazio hasieran, batez ere larru-ontza edo kurtideria zereginean.

Memoria historikoa eginez, azpian dagoen familiaren ibilbideari ekin nahi diogu, batez ere Labordatarren hasierako urteei eta Juan Guillermo Labordari aipamen bereziak eginez.




LABORDATARREN ZUHAITZ GENEALOGIKOA (XVIII-XXI)

Ekin diezaiogun bada senide honen bideari, larruaren lanketarekin hain lotuta izan dena. Lehen datuak 1828koak dira, orduan Estatuko Errenta Zuzendaritza Orokorrak eskatu zion Gipuzkoako Probintziari bidal ziezaiola probintzi horretan ziharduten kurtiderien berriak. Eskaera honi erantzunez, Antzuolako Udalak zera bidali zuen:


“1828ko apirilaren 19an hartutako eskutiz bati erantzunez… adierazi nien herriko bi zurrategiren jabeei esateko zuek eskatutako datuak… Erantzuna izan da azken urtetan partida asko bidali direla larru mota asko probintziara eta kanpora ere, zola izan ezik, baina orain ezin dutela daturik eman kontuak egiten ez dituztelako; orain oso lan gutxi egiten dutela ere adierazten dute, lanik ez dagoelako”.


1877ko martxoaren 12an, beste estatistika eskaera bati erantzunez, Antzuolako industriaren inguruan galdetzerakoan kurtideria bakar bat zegoela adierazten da:

  •  Jabearen izena: Jose Marcelino Laborda 
  •  Kokapena: Herrigunean 
  •  Eraikia: 1837an 
  •  Sortu zenetik hobekuntzarik: Gutxi 
  •  Industriaren helburua: Kurtizioa 
  •  Indarra: Gizonaren indarra 
  •  Balorea (Pta.tan): 1250 
  •  Langileak: 7 
  •  Oharrak: 13 lan ordu egiten dituzte eta zazpi bat erreal, bataz beste, irabazten dute. Ez dute parte hartu duela gutxi Nazioak jasan behar izan dituen gatazka politikoak. Ez dago kapatazik, jabeak berak zuzentzen dituelako langileak.

    Ahozko tradizioak diosku hementxe (Galardi Torre, gaur Olaran jauregia) hasi zirela lanean larrua ontzen frantsez batzuk. Labordarrak izango ote ziren?

Nor zen goian aipatzen den Jose Marcelino Laborda? Atzera joko dugu zerbait.

Kanbotik Antzuolara etorritako bi  Labordarren berri dauzkagu, hasteko: Gillermo eta Domingo Laborda eta Goyac izeneko anaienak. Beren gurasoak Martin Laborda Ellisalde eta Juana Goyac Latsalde ziren.

Domingotik hasita esan,  birritan ezkondu zela. Lehen aldiz, Vicenta Unanue Pildairekin, eta ezkontza honetatik larru tradizio hau jarraitu eta herrian zabalduko zuen Jose Marcelino Laborda Unanue jaio zen, hau da, 1877an herrigunean zegoen kurtideri bakarraren jabe ere izango zena. Bigarren ezkontzan, Mª Antonia Etxeberria Iralarekin ezkondu zen.

Gillermo, berriz, ez zen ezkondu eta 1879ko maiatzaren 5ean hil zen. Domingo, ordea, askoz lehenago, 1858ko  apirilaren 27an.


BAREÑO LANTOKIA

Jose Marcelino Laborda Unanue herriko alaba zen Cesarea Agustina Telleriarekin ezkondu zen, eta Maria Vicenta Laborda izeneko alaba bat izan zuten. Maria Vicenta hau, Sopelakoa (Bizkaikoa) zen Jose Balbino Bareñorekin ezkondu zen, eta Jose Marcelino Laborda aita hilda, Bareñok hartu zuen bere gain lantokia, handik aurrera Balbino Bareño bezala ezagutuko zen lantokia (Ikusi goiko argazkia). 
Esan, Jose Marcelino Laborda Antzuolako alkatea izatera ere (1885) iritsi zela.

 Juan Gillermo Laborda-Etxeberria

Familia honen lerroan ere aipatu behar dugu 1844ko maiatzaren 27an Antzuolan jaio zen Juan Gillermo Laborda Etxeberria (Ikusi margoa).

Bere gurasoak Domingo Laborda Goyac eta  Mª Antonia Etxebarria Irala izan ziren. Ospetsua izan zen Juan Gillermo karlisten gudarostean (1873an), Karlos VII.aren teniente koronela izatera ere iritsi zelako. Horren oroigarri-edo, margoa eta bere ezpata gordetzen ditu bere sendiak.  

Argazkietan ikus daiteken bezala, ezpata horren kirtenean, Carlos María de Borbón eta Austria, edo Carlos VII.aren anagrama ("C" eta "7"), koroia eta guzti, azaltzen da.Badirudi ere gorago joateko aukera izan zuela ejertzituan Juan Gillermok. Izan ere, 1873tik 1876ra kaleratu zen  "El Cuartel Real"  karlisten boletinean irakur daiteken bezala, orduan  hemengo ejertzitoaren buru zen Antonio de Lizarragak, 1873ko abuztuaren 15ean Bergarako Konbenioaren omenez Bergaran bertan jasotako oroigarrian, bere harlosa kendu, eta barruan zeuden gertaera horren oroigarriak erre eta sakabanatu zituen. Ekintza honen lekuko akta ere jaso zen eta bertaratu ziren batailoitako buruek sinatu behar izan zuten lekuko bezala ekintzaren akta. Bertan, "Virgen del Carmen" lehen batailoiko bigarren komandantea zen Gillermo Laborda antzuolarra.

Bergarako ituna edo konbenioa goraipatzeko Bergaran jasotako oroigarria, eta Lizarragak bortxatu zuena.






Esan, 1903ko maiatzaren 30an hil zela Antzuolan Juan Gillermo de Laborda eta Etxeberria, 59 urte zituela.

Oharra:
Eskainitako datuengatik eskerrak eman nahi dizkiet Guillermina eta Maria Eugenia Abad Goñi Laborda ahizpei .

No hay comentarios:

Publicar un comentario