2015/05/23

SAN JOSE OBRERO KONTSUMO KOOPERATIBA

Kooperatiba honen muina gerra ostean Antzuolan sortu zen "Acción Católica" elkartea da. Elkarte hau oso zabalduta zegoen Europan eta Espainian ere. Bera, elizaren doktrina sozialean oinarrituta, ekintza sozial desberdinak bultzatzen saiatu zen. Elkarte honek badu loturarik ere sindikatu katolikoekin (HOAC eta JOC bezala ezagutuko zirenak), beraz langileen egoeraz ere arduratzen zen. Aipatutakoek frankismo garaian ere funtzionatzen ikasi zuten, eta 50. hamarkadatik aurrera lehendabiziko fruituak ematen hasi ziren, Antzuolan kasuan kooperatiba desberdinak sortuz: San Jose kooperatiba (1958) eta Goizper (1959).

Honetan San Jose kontsumo kooperatibari erreparatuko diogu. 

BAZKIDE SORTZAILEAK, 1958/04/06

Esan, Euskal Herrian, lehendabiziko kontsumo kooperatibak  industrializazioarekin batera datozela.Bizkaian sortu ziren lehenak.

Hala ere gehienak Frankismo garaian sortu ziren, 1950. hamarkadaren bueltan. Bizkaian 21 ziren; Gipuzkoan, 13 eta, Araban, 4.

Antzuolan, 1958ko apirilaren 6an zabaldu zituen San Jose kooperatibak bere ateak, garai hartan "Mártires de España", gaur Kalegoin. Berrogeita hamasei bazkidek zabaldu zuten, hirukoitza zen misioa lortu asmoz: 1) bezeroei jan edaneko salneurri egokiak eskaintzea; 2) eskaintzen ziren merkantzien pisu eta neurrien egokitasuna ere ematea; 3) kooperatiben aldeko indarra egitea. 

Deba bailaran ere gertatzen ari zen kooperatiben mugimenduarekin bat zetorren egitasmoa zen San Jose kooperatiabrena.

Kooperatibaren onarpen ofiziala, 1957an.

Hasiera batean, dena dela, kontsumo kooperatiba baino produkzio kooperatiba bat egitea izan zen nahia. Zehatzago esanda, paper pastarekin lotutako proiektua garatzea. Baina ideia horrek bidegarritasunik ez eta, kontsumo kooperatiba egitea erabaki zen. Halaxe, 1957ko urriaren 26an, Madrilen,  "el Reglamento de la Cooperativa de Consumo San José Obrero, de Anzuola (Guipúzcoa), en el Registro Oficial de Cooperativas de este Ministerio con el número 7607" onartu zen.

Bazkide bakoitzak egin beharreko sarrera ekarpena 1500 pezetakoa izan zen, astero 25 pezeta ordainduz. Pizkunde egunean (apirilaren 6an) egin zen inaugurazioa, eta Benito Ramirez izan zen lehendabiziko lehendakaria; idazkaria, berriz, Francisco Jauregi.

SAN JOSE KOOPERATIBAKO LEHENDABIZIKO LOKALA, KALEGOIN.

Bazkideak gehitzen joan ziren, kontuan  badugu etorkinak ere gero eta ugariagoak zirela Antzuolan:
  • 1958 ... 55 bazkide
  • 1968 ... 170
  • 1970 ... 197
  • 1977 ... 232
Hasiera batean, bada, jan edanerako produktuak ziren saltzen zirenak, eta arropak edo oinetakoak erosteko Bergarako nahiz Antzuolako hainbat dendekin egindako hitzarmenen bitartez joaten ziren kooperatibako bazkideak erosketak egitera. Horregatik beherapenak egiten zituzten (%10).

1968ko ekainaren 22an Lan Kide Aurrezkiaren lehendabiziko sukurtsala ere zabaldu zen bertan. Ikusgarria izaten zen hil bukaeran kooperatibetako langileak nola joaten ziren soldata kobratzera, dirua eskuz jasoz. Bertan ere egoten ziren goardia zibilak lapurretaren baten beldur-edo.

Arrakasta handia izan zen herrirako kooperatiba hau, eta lehendabiziko denda txikia geratu zen berehala, eta 1963an tokiz aldatzea pentsatu zen, Buztinzuri kalera. Aldez aurretik etxe osoa erosi zen, 325.000 pezeta ordaindu eta gero.

Salmenten kopurua ere gora zihoan urtero:
  • 1972 ... 11.804.814 pezeta
  • 1976 ... 22.000.000 pezeta
Ondoren, eraikuntza berrian, beste merkantzia bat saltzen hasi ziren, horretarako etxearen bigarren pisua mertzeria eta lurrin denda bezala egokituz. Hala, 1971ean hasi baziren ere produktu hauek saltzen, 1972an egokitu zen bigarren pisua esandako produktuak saltzeko.

Antzinako San Jose Obrero kooperatibaren bigarren etxea; gero EROSKI.

Antzuolako San Jose Obrerori ere, beste kontsumo kooperatiba askori gertatu zitzaion bezala, EROSKIn sartzeko aukera etorri zitzaion. Kooperatiben arteko harremanak 1970. hamarkadaren lehendabiziko urteetan eman ziren, baina bazkideen artean iritzi kontrajarriak zeudenez ez zen 1978ko ekainean ospatu zen Errektore Batzordera arte erabakia hartuko EROSKin sartzeko. Urte bereko azaroan ospatu zen ez Ohiko Batzar Orokorra, eta bazkideek onartu zuten  EROSKIn sartzea 130 baiezko botoekin, 25 ezezkoekin eta 2 txuri.

Itxiera adierazten

1979ko urtarrilaren 2an hasi zen EROSKI bezala funtzionatzen San Jose Obrero kooperatiba. Esan, bazeudela bazkide batzuk ados ez eta boikota ere egin zutela. 

Espektatibak ondo baino hobeto zihoazenez, txikia geratu zen denda hau ere, eta orduan erabaki zen Ibarrondon lokala erosi eta bertan  EROSKI kokatu.


























1989ko IRAILAREN 28an ZABALDU ZEN IBARRONDO AUZOAN EROSKI. IREKIERA OSPATZEKO ETXEZ-ETXE BANATUTAKO FOILETOA


Artxiboak:

-San Jose Obrero kooperatiba (Paper solteak).
-Antzuolako Artxibo Historikoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario