2015/06/20

1968ko MAIATZAREN BATEKO HURA!

1968ko iraultza oso ospetsua izan zen Frantzian... edo baita Estatu Batuetan ere. Espainian eta Euskal Herrian?

Pasatu berri dugu 2015eko maiatzaren lehena Antzuolan, eta ez zuen ematen langileriaren eguna ere ospatzen zenik. Nola aldatzen diren garaiak. Alderantzizkoa izan zen 1968ko maiatzaren 1a. Zer gertatu zen bada? 

Denok dakigu 1968ko urtea berez "iraultzaile" bezala ere izendatu zela, herrialde ezberdinetan, Europan nahiz Estatu Batuetan, piztu aldi sozial eta politiko bat ere suposatu zuelako. Batzuek, dena den, ez dute une iraultzaile bezala hartzen, baizik eta mugimendu soila. Euskal Herriko politikagintzarentzat ere inflexio puntu bat suposatu zuen, eta Bernardo Atxagak berak esaten digun bezala 1968ak politika ulertzeko aldaketa ekarri zuen, izan ere ordura arte dena Gerra Zibilean gertatutakoaz hitz egiten zen gehiago. Egoera honek Antzuolan ere eragina izan zuen.

Hala, ez zen giro izan Antzuolan 1968ko maiatzaren 1ean. Hogeita hamar urte pasatxo Frankoren diktadurapean, isil eta klandestinitate osoan. Baina, belaunaldi berriek, gerra bere gordintasunean ezagutu ez zutenek, ez zeuden prest geldirik egoteko, eta lehendabiziko mugimenduak eman zituzten bortxakerian eta debekuan oinarritzen zen Frankoren tirania hartatik ateratzeko. 

Aldaketak bazetozen beste alderdi batzuetatik ere. Adibidez, 1960. hamarkadan eman zen aldaketa demografikoa. Ugariak izan ziren hamarkada hartan Espainiako herrialde desberdinetatik herrira etorritakoak. Benetako eztanda, hala ere, 1965etik aurrera gertatu zen, orduan inoiz historian izan gabeko bizilagun kopuruetara iritsi ginelako Antzuolan: 2.109ra (1101 gizon eta 1008 emakume) hain zuzen.

Badajoz, Kordoba, Caceres, Zamora, Salamanca, Burgos, Zaragoza,… herrialdetatik zetozen giza-semeak herrian sortzen ari zen industriak behar zituen esku lana eskaintzera etorri ziren.

Aldaketarik ez, ostera, politika mundutik. 1950-60 hamarkadetako bizitza politikoari buruz, behinik behin, hauek herritar batzuk esandakoa:
  • “Totalmente irrespirable, cualquier reunión o acto que se pretendiera hacer tenía que pasar por la censura” (J.A.). 
  •  Edota, “no había actividad política, salvo la que ejercía el concejo municipal, presidido por el alcalde adicto al régimen nombrado por el gobernandor, y los concejales correspondientes elegidos entre el colectivo de adictos” (P.L.). 
  •  Edo hartu-emanak isilpean derrigorrez, liburuak, paperak bata besteari pasatuaz” (J.M.K.).
Beraz, nahiz eta hamarkada batzuk pasatu Frankok  Diktadura ezarri zuela, aldaketa gutxi sumatzen zen. Hala, oso normala da udal aktetan era honetako deialdiak irakurtzea:

“El  Sr. Alcalde propone y así se acuerda asistir a la solemne misa mayor y Te Deum, el día primero de abril a las once de la mañana en Corporación para conmemorar los 25 años de Paz que venimos disfrutando en España, invitando al vecindario  a sumarse al acto y a engalanar los balcones con colgaduras nacionales, haciendo constar en acta la satisfacción por tan fausto motivo y por la prosperidad alcanzada y formulando fervientes votos para que perdure indefinidamente este bienestar que venimos disfrutando bajo nuestro Caudillo Generalísimo Franco”.

Esan bide batez, Juan Antia izan zela 22 urtez (!) herriko alkatea: 1938-1960.

Hau zen 1967an eratutako udalbatza:

1967
JOSÉ IÑURRIGARRO
José María Ugalde; Julián Iparraguirre (cesará por exp. Gubernativo el 12-11-1968); Esteban Berraondo; Antonio Echaniz; Daniel Mendizábal; Angel Murguiondo (cesará por exp. Gubernativo el 12-11-1968)
Udal agiria.

Normala zen beraz, errejimenarekin loturiko alkateak eta udalbatzak aukeratzea, nahiz eta Antzuolaren kasuan, 60. hamarkadatik hasita, errejimenarekin kritikoagoak ziren zinegotziak ere izan. Hori gertatu zitzaien 1968ko maiatzaren 1ean Antzuolan ustez egin zen manifestazio batengatik zigortutako, espetxeratutako eta udal kargutik kendutako Angel Murgiondo eta Julian Iparragirreri.

Zer gertatu zen, bada atxilotu eta espetxeratzeko?

1968ko maiatzaren 1ean (asteazkena zena) antolatu zen eguerdiko 12:00etan, herriko plazan, langileriaren soldata hobeagoak lortzeko manifestazioa. Egun horretan ez zen goardia zibilaren presentziarik izan herrian.

Guardia Zibilaren bertsioa, 1968ko maiatzaren 20an emandakoa, hau izan zen:

"Por cuanto había venido precedido de propaganda subversiva y de matiz separatista tuvo lugar en Anzuola una manifestación no autorizada sobre las 12:30 que se inició en la Plaza y recorriendo varias calles de la localidad regresó a dicha Plaza".

Baina, aldarrikapen hau ilegala zenez, goardia zibila manifestazioan parte hartu zuenei deklarazioa hartzen ibili zen hurrengo egunean. Jose Iñurrigarrok, urte hartan herriko alkatea zenak ere, parte eman zuen manisfestazioan gertatutakoaz; baita udalbatzan zeuden Julian Iparragirre eta Angel Murgiondok ere manifestazioan parte hartu zutela. 

Frogatutzat emanda manifestazioan egon zirela, eta gainera "encabezando solidaria y conjuntamente", 10.000 pezetako isuna jarri zitzaien hasteko, baina ekainaren 26an jakinaraziko zaie ere euren karguak laga behar zituztela. Hala hartu zuen erabakia garai hartako Gobernadore Zibila zen Enrique Oltra Molto:

“Por lo que se les comunica el acuerdo de suspensión en sus funciones de concejales por falta grave por motivo de orden público al que se refiere al artículo 421 del Régimen Local, a la vista de la denuncia de la Guardia Civil, según la cual tomaron parte en la manifestación convocada por organizaciones clandestinas, el día 1º de mayo”.

Dena dela, alkatea bera eta udalbatza osatzen zutenen aldetik solidaritatea egon zen, eta aho batez onartu zen Gobernadore Zibilari eskatzea hartutako erabakia bertan behean laga zezala. Hala adostu zuten  José Iñurrigarro alkateak, Jose Maria Ugalde, Antonio Echaniz, Esteban Berraondo eta Daniel Mendizabal zinegotziek.  


 Julian eta Karmele 
 senar emazteak ez dituzte ahaztu ez, garai hartako bizipenak.

Aldi berean bai Julianek eta baita Angelek ere alegazioak aurkeztu zituzten, baita ezintasun ekonomikoa isuna odaintzeko, baina eskaera hauei ez zitzaien jaramon handirik egin, eta  zinegotzien aurka zeuden salaketak zeintzuk ziren ikusita, aipatu dugun Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen Enrique Oltra Moltok zera erabaki zuen azaroaren 12an, idatzitako agindu baten bitartez:

“Cargos del Juez instructor: Haber participado activamente e incluso encabezado solidariamente la manifestación subversiva que se celebró en Anzuola el día 1º de mayo de 1968. Fueron sancionados por dicho hecho por resolución del Gobierno Civil de Guipúzcoa de 20 de mayo con una multa de diez mil pesetas. Que al haber sido interrogados por la guardia civil reconocer su participación. Por obstaculizar la labor municipal viendo con indeferencia los mejores acuerdos de la Corporación… EN CONSECUENCIA: Este Ministerio ha resuelto destituir de sus cargos a los dichos concejales...”.




HAUXE GOBERNADORE ZIBILAK (OLTRA MOLTOK) ANTZUOLAKO ZINEGOTZIAK KALERATZEKO ERABAKIAREN AGIRIA. ESAN, OLTRA MOLTO GOBERNADOREA, "OTRA MULTA" BEZALA ERE EZAGUTZEN ZELA, IZAN ERE OSPETSUA ZEN MULTAK JARTZEN.

Horren aurrean Julianek eta Angelek isuna ez ordaintzea erabaki zuten. Horren ordaina izan zen kartzelan sartu behar izatea. 1969ko martxoan sartu zituzten kartzelan Julian Iparragirre eta Angel Murgiondo. 

Julianek diosku: "Kartzelan sartu aurretik abogauekin ibili giñen, tartian Luis Maria Bandres zenarekin be bai, baiña multia ez ordaintzea erabaki giñuenez, goardia zibila etorri zen etxera nire bila, baiña ni orduan lanian nauan. Goardia Zibilak berriz, "sin falta" etorri behar nebala. Hala, Bergarako kuartelera joan eta berehala sartu giñuzten furgonetan eta Martutenera eraman giñuzten. Angel eta biok banatuta egon ginen eta bertan Antzuolan bizi dan Ugartebururekin ere elkartu giñen, berau ere Donostian atxilotu zebelako. Han ikusi neban ETAko presoen artian be zatiketa zegoela, tartian Oñatiko "Los Cabras" taldekoak. Beste gizon inportantia Ataundarra zen Dorronsoro zan, eta sekulako errespetua zeukan presoen artian. 25 egun egon giñen kartzelan eta martxoaren 29 edo 30ian etxera bueltatu giñen".

Karmelek, berriz, zera esaten digu: "Ni neuk inpotentziarekin ikusten neban egoeria, hiru seme nauzkan orduan, baiña gizonak hartutako erabakixarekin konforme nauan. Gainera herrixa be oso ondo portau zan, eta herrixan zihar bildutako dirua be ailegau zan etxera, esango neban ia hileko soldatia zala. Orduan Antzuolan mugimendu handixa zauan, baiña gure senarra ez zan buru ibili salatu zeben bezala, manisfestaziñuan ".

Udal batzar lekua.

Esan behar da, Franko garaian hamarkada hauetan bultzatutako udalbatzetan, eta Familiari zegokion Herenaz (“Tercio Familiar”) baliatuz, zinegotzi izatera iritsi zirela herritar asko, eta hauek herriko jarduera sozial eta kulturalareki oso arduratuta, makina bat ekintza bultzatu zituztela. Esandako bi protagonistak, adibidez, Antzuolako Ikastola (Aurrezi) zenaren sorreran ere ibili ziren. Alegia, pertsona hauek herrietako mugimendu eta herri-elkarteek (kulturalak, sozialak, kiroletakoak, elizkoiak, heziketakoak…) bultzatuta ailegatu zirela udaletxeetara. Eta ez Goardia Zibilak Angel eta Juliak salatu zituzten bezala "obstaculizando insistentemente la labor municipal, viendo con indiferencia los mejores acuerdos de la Corporación", baizik eta herriko alkateak onartu zuen bezala, eta gero baita epaileak ere, "dá fe de su eficencia y entusiasmo en la resolución de los problemas de la Villa, siendo en todo momento correcta su intervención para la mejr resolución de todos los asuntos municipales".

1968 urtea, berez, ez zen urte baketsua izan, eta makina bat gertaera izan ziren han eta hemen, Euskal Herriko egoera politikoa nahastuz. Eta Antzuolako gazteak ere horren isla dira,  1968ko herriko jaiak ere (abuztuan ospatzen zirenak)  boikoteatu zituztelako.


Esan, 1968ko azaroaren bukaeran bertan,"Ignacio Badiolaren seme zaharrena ere atxilotu zuen Guardia Zibilak".

Julian Iparragirre 1983ko udal hauteskundeetan aurkeztu zen  EAJ-PNVko zerrendan, eta zerrenda bereko Iñaki Lete, Andoni Azkarate, Benito Artolazabal eta Juan Jose Legorbururekin batera zinegotzi atera zen. Aldi berean EAJ-PNVko zerrendan ere aurkeztu zen Jose Mari Ugalde irten zen herriko alkate.

Iturriak:

-Udal agiriak (Aktak eta beste dokumentu batzuk).
-Julian Iparragirre eta Karmele San Sebatian senar emazteari eskerrak eman nahi dizkiet eskainitako idatzizko informazioarengatik eta ahozko testigantzarengatik. Eskerrik asko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario