2015/07/28

ANTZUOLARRAK EUSKAL ARMADAN: JOSE LETEREN KASUA

http://goiena.tok-md.com/argazkiak/ria/4-LarragorrikoOroitarria.jpg
 "IRE AZKATASUNAREN ALDE JIARDUEN"

Arrola Mendizale Elkarteak Mikel Aizpuruk pasa den maiatzean emandako hitzaldi bat eskaini ondoren, irteera bat antolatu zuen Legutiora, Oketa eta Larragorri ingurura, bertan Bergara, Elgeta eta Antzuolako herritar batzuk hil zirelako Gerra Zibilean. 


Gerra Zibila atera zen 1936ko uztailaren 17an. Hego Euskal Herria bitan banatuta geratu zen: eusko abertzaleak eta ezkertiarrak, alde batetik, eta karlistak eta eskuindarrak, bestetik.  Euskaldunok bitan banatuta, sarri gertatu den bezala.

Jose Lete

Borrokaldi hartan eta eusko abertzaleen artean borrokatu zuen Jose Leteri buruz hitz egingo dugu, batez ere, honetan. Izan ere, bera da Arrola M.E. Legutiora joateko aitzakietako bat.

Loiola Batailoiaren (Itxarkundia saileko) teniente izatera iritsi zen Jose, izan ere ospe handiko gizona izateaz gain (pilotaria tartean) lider izateko gaitasuna zuen. Bera, Euzko Gudarostearen komandante bezala aritu zen Kandido Sasetaren menpean zegoen.

Bere emaztea, Eliza Gabilondo, bergararra zenez, San Antonio auzora joan ziren bizitzera. Bi alaba izan zituzten, baina Josek ez zuen aukerarik izan bigarren alaba ezagutzeko, bera jaio aurretik frentean hilgo zelako.

Jose Lete eta hainbat gudari tartean Legution (Araban) dagoen Larragorri mendian hil ziren bonbardaketa baten ondoren, nahiz eta zehazki jakin ez non izan. Beraz, bere gorpuzkinak oraindik aurkitu gabe daude.

LETETAR SENDIA ETA BERGARAKO BATZOKIKO KIDEOK GUDARIEN ALDE MEZA OSPATZEN LEGUTION, DUELA URTE ASKO

Bere hiletak Abandon (Bizkaian) egin ziren, eta bera pilotaria izanik omenaldi hunkigarria ere eskaini zioten garai hartako pilotariek Gernikan.


Letetarrak gudariz betetako sendia da, izan ere, bere anaiek ere (Graxian, Fernando eta Pedro) borrokan parte hartu zutelako. Esan beharra dago, bere anaia zen Fernandoren besoetan hil zela Jose Lete, hegazkinek jaurtitutako bonben ondorioz. 1937ko apirilaren 4a izan zen bera. 

Handik gutxira, Fernando Lete Mañarian zauritu eta atxilotu zuten, 1937ko maiatzaren 2an, eta urte bereko azaroan 11tik hasi eta 1939ko maiatzaren 9ra arte preso asko bidaltzen zituzten langile batailoietan (Batallón de Trabajadores, nº 34 eta Batallón de Zapadores Minadores, nº2) lana egin zuen Guadalajaran.

Modesto Lete ere, Joseren beste anai bat, atxilotu eta, Gerra Kontseilua egin ondoren, 1940ko maiatzaren 10ean zera erabaki zuten militarrek: "Debemos condenar y condenamos al procesado Modesto Lete Aranguren como criminalmente responsable en concepto de autor de un delito consumado de proposición para la rebelión militar...a la pena de seis meses y un día de presión menor...".

Hogeita bederatzi urte zituela hil zen Jose Lete. Oso gazte zela, beraz. Esan, Letetar guztiak Loiola Gudari Batailoian aritu zirela.

 
















 
Arestian esan dugun bezala, inguruko herrietako beste batzuk ere bertan hil ziren: Juan Larrañaga (Bergara), Enrike Gastañares (Bergara), Markos Arregi(Bergara), Ubaldo de Lambarri (Elgeta), Eusebio Ugalde (Elgeta), Julen Aranzeta (Elgeta).

Urte askotan bai familiakoek eta baita Bergarako Batzokikoek antolatzen zuten irteera bat bertara, oroimen meza eta guzti (ikusi goiko argazkia).

Oroigarri bat ere badago bertan, baina ez da batere erraza bera topatzea.

Baina ez dezagun ahaztu bigarren mailan jokatutako pilotaria ere izan zela Jose. Eibarren eta Bergaran jokatzen zuen batez ere, eta badakigu partidu bakoitzeko 5 duro irabazten zituela. Bere aita zena ere (Nikomedes) pilotaria zen, baita Grazian bere anaia ere. 



Oharra:
Eskerrak eman nahi dizkiet Lete-Aranguren senideei eskainitako informazioarengatik.  


1 comentario:

  1. Artikulu interesgarri eta aberasgarria Iñigo. Gudarien ibilbidea hobeto ulertzen laguntzen duena.

    ResponderEliminar