2015/07/04

`TERCIOS FORALES´ ANTZUOLAN

Sarri entzun dugu garai bateko euskaldunok, geneuzkan foruen babesari esker, ez genuela Gaztelako erregeak eskatutako soldadu kopuruari baiezkoa eman beharrik izaten, izan ere euskal foruei esker militar joateko aske ginen.

Baina horrek ez zuen esan nahi antolaketa militarra ez zegoenik, adibidez, Gipuzkoan. Horretarako osatu ziren Foru Tertzioak. Oso antzinatik bazetozen ere, hauek ondo araututa geratu ziren 1827an Bergaran ospatu zen Gipuzkoako Batzarrean. Badakigu 4.662 gizonek osatzen omen zutela orduan militar indar hau. 

1823tik 1833ra Errege Bolondresak edo `Voluntarios Realistas´ bezala ere ezagutuak  izan ziren Gipuzkoan Tertzio hauek, eta Fernando VII.aren alde borrokatu zuten, tartean antzuolarra zen Ascensio Lausagarreta ospetsua.

Antzuolan 1826ko ekainaren 11n eratu zen herriko Tertzioa ("de Voluntarios Realistas"). Kapitaina Ascensio Maria Etxeberria izan zen; lehen tenientea, Jose Anjel Arizti eta, bigarrena, Juan Jose Azkarate.

 1827ko otsailean, berriz, bolondres hauek desegintzeko agindua jasoko zuten, eta zeuzkaten armak udaletxean laga zitzatela eskatuz.

 
Baina, urte berean,   zazpigarren partiduko batailoian parte hartuko zuten ezkondugabeko 62 herritarrez osaturiko konpainia bat eratu zela herrian badakigu. Kapitaina, Raimundo Madariaga izan zen, tenientea Francisco Ugalde eta teniente ordeak, berriz, ezagutzen ditugun Juan Jose Azkarate eta Jose Angel Arizti.

Hala ere, ezkondugabekoekin ezin osatu taldea eta  hemezortzi urtetik berrogei urtera bitarteko ezkonduak eta ezkondugabekoak osatu zela herriko Tertzioa badakigu.

Hurrengo urtean, 1828ko uztailaren 21ean, herriko ezkondugabekoez osatu zedila agindua ere etorri zen, eta horretarako bi sektore desberdinetan banatu zen udalerria: 

1) Galartza eta Uzarragako auzoa, Sagutategi eta Ondamendi baserriekin. Kalea Francisco Madariaga eta Juan Bautista Unanue etxeraino; beheko guztiak, Ondarra barne, eta Lizarraga auzoko beheko 12 baserriak, goikoak (8) lagaz.
2) Basalde eta Irimoegi auzoak, Lizarragako 8 baserriak eta kalean Madariaga eta Unanue etxeetatik, goiko kaleko etxeak.

Gainera, beste arau batzuk ere ezarri ziren: etxe batean bi ezkongabeko egonez gero, bat lehendabiziko urtean sartuko zen, eta bestea hurrengo urtean. Hiru egongo balira, lehendabiziko urtean bi eta hirugarrena bigarrenean. Urtebeteko zerbitzua eskaini behar zuten aukeratutakoek.

1830ko urriaren 24ko udal akta bat dioskun bezala, horrela banatu zen Tertzioa:
  • Kalean (31); Basalde (11); Irimoegi (19); Lizarraga (14); Uzarraga (12); Galartza (9).
Guztiekin bi Tertzio mota osatu ziren: aktiboa, 27 herritarrekin; eta pasiboa, 29rekin. Kapitaina, Jose Basilio Iturbe izan zen. Tenientea, Jose Anjel Arizti, eta teniente ordea, Ramon Arizti eta Jose Telleria. 

Noiz arte iraun zuen milizia mota honek galdetuz gero, esan, 1876an izandako Foruen galerarekin, esukaldunok miliziak osatzeko eskubide hau ere galdu genuela, eta handik aurrera soldaduzka egitera behartuta egon ziren gazte euskaldunak, urtero "quinta" bat eskainiz. 


Iturria: Antzuolako Artxibo Historikoa (Udal aktak).


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada