2015/07/11

VENTURA IGARZA, UR-BILATZAILE TREBEA

Denok entzun dugu behin edo behin, badaudela pertsona batzuk trebeak direnak ura bilatzeko. Ikasi genuen ere "zahori" deitzen zitzaiela gazteleraz. Pertsona hauek, nahiz eta zientifikoki frogatuta ez egon, badakigu jasotzen dituzten estimulu elektriko nahiz magnetikoak bideratzen dituztela, gure kasuan, ura bilatzera. Fenomeno guzti honek izen bat du, eta euskaraz erradiestesia da.


 Aitzaga baserria
 
Aitzaga baserrian bizi den Venturak baditu era honetako trebetasunak, erabili izan dituenak ura bilatzeko. Berarekin hitzartu dugu eguna eta ordua, eta hitz egingo digu artikulu honen bitartez nola datorkion ahalmen hau eta zertarako erabili izan duen bera.

 VENTURA AZALPENAK EMATEN  IKASLE ONA DEN BERE BILOBAREKIN BATERA

Hamasei bat urte omen zeuzkan Venturak "antzeman zebanian zerbait", berak esaten duen bezala, eta aitari ere komentatu zion bere egonezinaz, izan ere:

"Eginda nao metro eta erdiko zuloa, eta antza emonda nauan sentsazio txarraz. Alde batera joan eta ondo, eta inori ezer esan barik joan zulua zauan tokira eta sentsazio arraroak; kalanbriak bezala, zeozer". 

Hala, behin, Manitxan zeukaten txabola batian, izan ere garai batean bertan soroa zeukaten, Venturak esan omen zion aitari:

"Aitta, hemen ura egon bihar dau derrior, niri urak egiten dost zeozer eta. Aittak, berriz: Isilik egon hai, isilik egon hai, ez esan hori iñoren aurrian bestela zorotzat hartuko haue eta! Hala, aittari esan barik egin neban zuloa eta, tak! Ura topatu neban. Orduan konturau nintzan zerk ematen zoztan sentsazio hura, kalanbria bezalakoa".

Aita zenak  sinestu zuen azkenean bere semeak bazeukala zerbait, "leku askotan egiten nontzalako. Alde batera eta bestera begiratu eta esaten notzan aitta, hemen ura dao".

Badirudi, baina, tutuak edo ur tuboa pasatzen den tokian sentsazio hori ez hain agerikoa izatea. "Baiña iturburua edo manantiala daoen tokixan, bai. Eta metal edo burdin ura bada sentsazioa handixagoa izaten da. Karia badakar urak, berriz, gutxiago".  

 VENTURA ETA BERE PENDULUA

Toki askotan ibili da Ventura ur bila, bai herrian baita kanpoan ere. 

"Behin Ibarren be ibili nintzan ur bila eta  Irausta azpian, lizarrak-eta daen tokixan topau neban ura etxeako modukua".

Ur bila Antzuolan

"Nik orduan ba neukan  lagun bat laguntzen zoztana asko ur bilaketa hontan, eta sarri esaten nontzan Antzuolara etortzeko, baina ez zan erraza, oso lanpetuta ibiltzen zalako han eta hemen ura bilatzen; batzutan seihilabetik urtebetera itxaron behar izaten zan etortzeko. Oso ona zan, makina bat tokitan ibiltzen zan bere makiñarekin. Baitta Antzuolan be". 

 

 VENTURA ETA PENDULUA BATETIK BESTERA MUGITZEN, HOR INGURUAN URA ERRUZ ZETORRELA ADIERAZTEN, BAITA BERE NORABIDEA ERE.

"Toki askotan ibilitta nao. Jendiak deittu egiten zoztan. Joaten giñen eta esaten gontzen ura bazegoela, lau edo zortzi metrora, baiña jendiari zulatzen hastia kostatzen jakon. Nik makila bat, ziri bat jartzen neban ura zeuan tokixan eta zulatzia erabakitzen bazeben ondoren deitzen notzan lagun horri zulatzen hasteko".

Antzuolan bertan makina bat iturburu edo manantial bilatutakoa ere bada Ventura.

"Baina matxurak topatzen ibilittakoa be banaiz, edo beste batzuetan baserritarren ur deposituaren bila be ibili izan naiz. Halaxe,  behin, Galardin, urik ez zala etxera ailegatzen eta, han ibili giñan eskabadoriakin ur bila. Ni orduan hasi nintzan eta esan notzan eskabadoriakin zebilenari: egin zeinke hemen zuloa? Eta egin zeban eta hantxe atera zan ura, depositotik gora.  Hantxe zegoen pitzadura eta hantxe galdu ura, depositura ailegatu ezinda"

"Lizarraga auzoan be ibilitta nao. Kalian be bai.Kasu bat niretzat oso zaila izan zan, kalia tuboz jositta daolako. Ibili giñen bertan be eta topatu giñuan tubua zulatuta".

 VENTURA ERLOJUARI BEGIRA: 
HAINBAT BUELTA, HAINBAT DENBORA, HAINBAT SAKONERAN DAGO URA!

Pendulua azkarrago edo motelago ibili, orduan kalkulatzen du zenbat metrotara dagoen ura. Penduluaren ordez urritza ere erabiltzen zuen. Hemengo urak, berriz, 18-20 metrora egoten dira gutxi gorabehera. Beste batzuk gutxiago. 

"Guk Ogeiturriko ura erabiltzen dogu etxerako eta 3 bat metrora dauku hartuta. Honekin batera norabidia be kalkulatzeko gai naiz. Norbera konzentratzen da eta esaten dau nondik nora joaten dan ura. Nik neuk hamar bat metro lehenago-edo antzematen dot urik daoen ala ez".

 















Zerbitzuak kobratzen ote zituen-edo galdetuz,

"Nik Antzuolan ez dut txikita bat kobratu, kanpora joaten nintzanian gaurko 50 euro. Batzuk 100 euro be bai, poztasunagatik ura topatzen giñualako. Galartza auzoko hainbat baserrittan be ibili nintzen, eta hiru bat buelta egin nittuen, eta han be bilatu notzen manantialak. Batzuk afari bat, beste batzuk txuletia, esate baterako, ematen zozten egindako lanengaittik".



"Oraindik jendiak deitten badost be, ez naiz juten. Azkenengua (iazko kontua da) Iraingo iturrixaren manantialaren ingurukoa izan zan. Josemari Iturbek eta Altamirak esan zozten bilatu beharra zegoela bere iturburua, izan be trenbideko obretan erabiltzen zeben ur biltzaileak, asturianoa bera, esan zotzen han ez zeuala urik eta; agortua zeuala.  Orduan Altamirak esan zoztan han ez zeuala urik, eta nik, berriz, baietz, han ura egon bazeuala, eta gañera ona; eta hantxe, esan notzen. Altamirak bazekixen non zeuan uraren arketa baina urik ba ote zeuan ala ez zen kontua. Hala bilatu zeben tubo bat, metro batekoa-edo, eta orduan kontutaru ziren hauraxe zela manantiala".

 Iraingo iturriak etorkizuna bermatuta dauka.


"Lehengua hartuta dao; hantxe dao arketa. Hantxe ibili giñen ingurua garbitzen. Ura ekartzeko tuboa jarri  eta bertatik ura dator. Altamira eta Josemarik garbitu zeben. Hala be behian beste bat badaola esan notzen".



Lehen aipatu dugun bezala, kanpoan ere ibilitakoa da Ventura: "Lasarten, Zubietan be, lan eginda nao. Han ikusi giñuan jendia sekulako aparatuekin ur bila, baina ezin topau. Guk baietz, han ura bazaula. Asturiasetik be etorri zen beste bat, eta harek, berriz, baietz, ura bazaula... eta ura azaldu zan".


"Legazpin be, industrialde batian, ura falta jakuen eta, pabeloi barruan nahi zeben ura bilatzea. Ni, berriz, adarra jotzen ote zebilen baina, ez. Han ibili nintzen batetik bestera, eta halako batian sentidu neban ura zetorrela, baiña zaila zana ateratzia, oso sakon. Halako batian etorri zan nagusia eta galdetu zoztan ea zeozer topatu neban, eta nik esan notzan baietz, baiña 60 bat metrora, eta hementxe dao zulatu nahi izanez gero. Orduan, lantokiko jabiak erantzun zoztan, ez hasarretzeko, baiña beste bat ekarri zebala aurretik (nere betiko laguna zan), eta berak esan zotzala niri be deitzeko. Eta orduan konturatu nintzan disimulatuta baiña, tatxuela bat jarrita zeukala  nik markatutako tokixan. Obra egin zeben eta ur pila bat atera zan, eta inauguraziñuan be egon giñen, hantxe".

Uzarragan ere, nola ez ba, ibilita dago gure protagonista. Hona hemen zergatik Uzarraga mugitzen den:"Bertan, Uzarragan daon elizbidetik hasitta, lehengo eskola eta kanposantutik, elizako aldareraino ura bildugarri daroia; elizako aldare azpixan, berriz, harri handi bat dao eta bertan ur handi horrek bi norabide hartzen dittu".

Galdetzen diogunean etxean beste norbaitek ote daukan ahalmen hau, erantzuna ezezkoa bada ere, bere alabak ba ote daukan zerbait adierazten digu.

Hala ere baditu "etsaiak"  bere lana oztopatzen, "izan be sugia edota oinaztarriak baldin badae inguruan, konzentrazioa galdu egiten dot eta ez naiz ondo orientatzen".

Eta abar gehiago... Izan ere Bizkaian, Ezkion... ere egonda dago gure protagonista eta bakoitzaren inguruan kontu pila bat gordetzen ditu Venturak.

Eta bukatzen dugu momentuz aitortu ezin duen sekretu batekin; izan ere, ba omen dauzka beste sentsazio batzuk… "eta hurrenguan esango dotsut". Beraz, badirudi bigarren atala izango dugula!


 Eskerrik asko, Ventura, zorretan gaude!







URA BILATZEKO ZULATZAILEA 
ARRELUSTXIKI 
BASERRIAN












No hay comentarios:

Publicar un comentario