2015/09/19

JUAN CHINCURRETA, "EJECUTADO"

Juan Feliz Chinchurreta edo Chunchurreta Argarate, aktetan abizen biak erabiltzen direlako, Antzuolan jaio zen 1869ko abuztuaren 30ean. Gurasoak Jose Chunchurreta Garmendia eta Inesa Argarate Zabalo izan ziren. Bost anai-arreba ere izan zituen: Toribio (1856an jaioa), Anbrosia (1857), Domingo (1869), Casemira (1863) eta Carlos (1872). Badakigu ere 1893ko urtarrilaren 26an egin zirela Juan Felizen hileta elizkizunak herriko parrokian.

Baina zer gertatu zitzaion Juan Felizi?

Hilketa bat egitearren atxilotua, heriotzara kondenatutako herritarra izan zen. 

1892ko urtera joango gara. Urte hartako azaroaren 13ko udal akta batek diosku, nola Juan Chinchurreta, soldaduzka egiten zegoela, beste bi kiderekin batera (bat Segurakoa), Jakatik Hueskara zihoazela, 1891eko azaroan lapurketa eta heriotz batean nahastu omen zirela, eta horren ondorioz atxilotuak ere bai. 

Militarrak izanik, gerra epaiketa militarra izan eta, heriotzara kondenatu zituzten euretako bi, tartean Juan Chinchurreta. Udala ez zen eskuak gurutzatuta geratu eta aipatutako udal akta horretan adierazten da komisio edo talde bat erreginarengana ere joatea indultoa eskatzera komeni zela. Hala ere, komisioa ez, baizik eta Donostian abade eta antzuolarra ere zen Jose Sotero Etxeberria prestatu zen Madrilera joateko, bertan omen zeuzkan goi karguekin harreman onak tartean. Antzuolan bizi zen Chinchurreta sendia ere ez zen baztertua izan, eta Udalak bere gain hartuko zituela gastu hauek (100 pezeta) jakinarazi zion.

"Por asesinato y robo" salatu bazuten ere, jendea zerbait harrituta ere bazegoen, izan ere "fue muchacho muy honrado y ejemplar hasta que fue a la milicia, y que el crimen debió cometer estando embriagado por haber estado en tres tabernas durante su viaje de Jaca a Huesca, en servicio del Cuerpo, que es cuando ocurrió el hecho". (Udal akta, 1892/08/14).

Egindako errukin oharrek ez zuten eraginik izan, eta 1893ko urtarrilean 8an "ejekutatu" zuten, nahiz eta azken momenturaino indultoaren itxaropena izan.

Horren kronika beltza "Fuerista" egunkariak ere argitaratu zuen, beste hainbat daturekin:


Iturria: Fuerista, 10/01/1893


Kronikak aipatzen duen bezala, Zaragozako kartzelan zeudela, azken orduan aldaketak egon ziren, Juanek arestian aipatu dugun Jose Sotero antzuolar apaizari egindako aitortzaren ondoren, indultoa jaso zuelako Isidro Gereñok.

Hurrengo egunean Juan Feliz Cinchurreta  "ejekutatu" zuten.  Ez dirudi afusilatu zutenik, baizik eta garrote (garrote vil) erabiliz hil zutela.

Goain aipatu bezala, 1893ko urtarrilaren 26an egin ziren bere hileta elizkizunak herriko parrokian.

Iturriak:
  • "El Fuerista" egunkaria
  • Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa: DEAH/F06.024//1257/002-01(f.173v,nº--/D,1893-01-26)
  • Antzuolako Artxibo Historikoa: Udal aktak:  8. Liburua (1887-1903).




No hay comentarios:

Publicar un comentario