2015/11/14

KOLERA IZURRITEA ANTZUOLAN


Kolerarekin loturiko (morbo asiática ere deitua) agerraldiek XIX. mendearen hirugarren hamarkadatik hasi eta mendearen bukaera arte iraun zuten, hilkortasun tasa desberdinekin.

1817an Indian sorturikoa gaitza zenez, pandemiatzat ere hartzen da, Europa eta Espainiara ere zabaldu zelako. Espainian 1833an azaldu ziren lehendabiziko kasuak.


Esan bezala beste agerraldi batzuk era izan zituen, biak gogorrak ere: 1855 eta 1885ean. Hauei aurre egiteko erietxeak eta lazaretoak jarri ziren herrietan martxan, eta bertan, herritik kanpo, gaixotutakoak sendatzen saiatzen ziren.


1855eko kolerak ere astindu zuen Antzuola, eta egoera dramatikotzat jotzen zen herrian urte bereko irailean, herriko medikua zen Ambrosio Irigoienen arabera:


“Teniendo en cuenta la consideración fatal en que se encuentra la asistencia de los enfermos que por desgracia se halla invadido este pueblo de cólera morbo asiática”.


Herriko udalak egoeraren larritasunak hala agindurik, medikuaren soldata 900 erreal gehiago igotzea erabaki zuen, baina baldintza batekin: “desista la asistencia a la parroquia de Elosua para mejor atender a la villa”. Ikusten den bezala inguruan ere egoera ez zen batere ona.


Are larriagoa zen egoera handik hilabetera. Hainbestekoa, Bergarako osasun batzordearen lehendakaria zen Juan Francisco Etxezarretak adierazi zuela “ha llegado a noticia de Vergara que la epidemia reinante ha tomado bastante intensidad en Anzuola”. Beraz, Bergaran egoera ez zenez hain larria, eta ikusita mediku bakar batentzat lan larregi zegoela Antzuolan, “ha dispuesto poner a su disposición el cirujano José Luis de Otaño para que las buenas relaciones de vecindad que median entre las dos villas les obligan a no mirar con indeferencia”. Antzuolako udalak onartu zuen eskaintza hamabost egunetarako.


Azaroan, herriko udalak ere jakinarazi zuen errege dekretu baten bidez, eta izurrite honen eraginez Gipuzkoako egoera hain larria zegoela ikusirik, Espainiako Erreginak erabaki zuela “dar del fondo de calamidades públicas 20.000 reales para su distribución en los pueblos”. Antzuolak gustura jaso zuen berria, izan ere “esta villa debe al Sr. Otaño (Bergarako zirujaua) 1600 reales… a consecuencia de haber sido atacado del cólera el único cirujano de esta villa”. Beraz, herriko medikua ere kutsatu zen koleraz.


Beste izurritea 1885ekoa izan zen. Eta pentsatu liteke aurreko izurriteen eskarmentuak hala aginduta, aipatutako urte bereko abuztuan herriko udalak zera erabaki zuen: Galardi torrea alokatzea “con el fin de que sirva de asilo a los transeuntes y pobres de la localidad que no tengan familia, siempre que sean atacados de cólera”.


Antiguako Andramaria

Eta garai hartan ohitura zen bezala, aldi berean elizkizun desberdinei ekin zitzaien izurrite hartatik ateratzeko herria, eta abuztuaren 6rako erabaki zen “un novenario a Nuestra Señora de la Antigua, trasladando la imagen a la parroquia de la Piedad, implorando su auxilio y protección para preservar a esta localidad de la peste del cólera, tan extendido en la Nación”. 

Dirudienez, herrian ez zuen izan eragin handirik kolera honek, izan ere heriotzen aktetan ez da  hautematen izurrite honen eraginik.
 
San Roke

Dena dela, beste errogatiba batzuk ere egin ziren “comenzando el dia 16 de agosto otra veneración a San Roque solicitando su protección”. Eskatu zitzaion herriko abadeari ere herritarrei jakinarazteko elizkizun hauek pulpitutik. Are gehiago, emandako limosnetatik diru gutxi batzen bazen ere, udalak bere fondoetatik ordainduko zituela gastuak ere adierazi zuen. Gipuzkoako diputazioa ere ez zen geldik egon, eta kolerari aurre egiteko 2000 pezeta jarri zituen.


Beste izurrite arriskuetan egiten zen bezala, herrira batez ere kutsatutako herrietatik zetozenen jarraipena egiteko erabakia ere hartu zuen. Aldi berean etxeak ikuskatzeko eta kutsatutakoak garbitu eta fumigatzeko, eta horrterako Federiko Ugarte aukeratu izan bazen ere, beste laguntzaile bat izan zezala onartu zen: Jose Manuel Argarate. Udalak ere agindu bat eman zien ostatuei-eta, “no den lugar a gente extraña no conocida, y hacer salir a estas fuera del pueblo”.


Izurrite honek ekarri zituen ondorioak. Euretako bat herritik kanpo pasatzea kanposantuak. Edo Antzuolan gertatzen zen bezala, Errukizko Amaren parrokian lurperatzea debekatu eta herritik kanpo kanposantua egitera behartu zuten, izurriteen beldurrez. 


Izurriteak izurrite, baina, bitxia da 1883an Pello Errota bertsolariak egindako “colera eta champañan gañian jarriac” izeneko bertsoak, non bergarar batzuen txantxak tartean, adierazi nahi izan zuen Antzuolan kolera zegoela. Ez dakigu antzuolarrek ze aurpegi jarri zuten orduan, kontuan izanda izurrite hau kontrola ezina zela garai hartan. Are gehiago, bi urtera, 1885ean, berriro sartu zela kolera Gipuzkoan jakinda.




 Iturria: La Voz de España, 1976ko abuztuaren 22an. (http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DKPPrensaHistoricaWEB/introduccion.do)
 
  ANTZUOLAKO LAZARETOA

Izurriteaz ere hitz egiten denean Antzuolan, XX. mendearen hasieran herritik kanpo, Antiguan, eraikitako lazaretoaz hitz egin behar da. 1894an herriak egoera onean ez zegoen Zubikoa izeneko etxea erosi zuen bertan izurrite eta gaizotasun kutsakorrekin zeuden gaizoak zaintzeko. Izan ere 1904an kaleratutako Osasun Publikorako aginduek behartzen zuten herriek tokiren bat izan zezaten horretarako. Hala, 1908an, Antzuolako osasun batzordekoek agindu zioten herritarra zen Eusebio Madariaga arkitektoari ospital berri bat egiteko diseinua egin zezala. Horretarako aipatutako Zubikoa etxeak zeuzkan materialak ere erabiliko ziren.

San Lazaro

Lazaretoaren (San Lazarotik dator, izurritedun zaindaria) tokia egokia zen herriko medikuarentzat: argitasuna, espazio zabalak, aireztatze ona, ura eta herritik urrun (garai hartan 250 metrora) zegoelako. Hala ere kezkatuta era bazegoen, bertatik Irain erreka pasatzen zelako, eta bere kutsadura saihesteko neurriak hartzea agindu zuen aipatutako Eusebiok. Baina egiari zor, ez zen sarri erabili azpiegitura hau, medikuntza aurrerapenari esker. Hala ere hurrengo izurritea 1918ko gripea izan zen, eta horren inguruan badakigu 1918an bederatzi eta 1919an sei pertsona ere hil zirela.



 "ZUBIKOA" edo LAZARETOA, 1908an EGINA

Beste iturri batzuk:

  • Antzuolako Artxibo Historikoa: Udal liburuen aktak eta akordioak: (1820-1876, 6b liburua) eta (1875-1887, 7 liburua).


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada