2015/11/28

LUIS ASTIAZARAN


Luis Astiazaran Galarza eta senideak Antzuolako Galartza etxe aurrean.


Gure paisaia ulertzeko ezinbestekoa da berak adierazten zaiguna ulertzea, eta horretarako hiztun bihurtu. Orain aurkezten dugun kasua horren isla da, izan ere gure inguruko gaurko paisaian antzuolar honek eraikitako makina bat etxe, lantoki ikus daitezkeelako gaur ere. Horra hor, Antzuolan, Galartza eta Olaran etxeak, edota gaur desagertuta dagoen Galartza lantokia. Baina nor zen Luis?

Luis Astiazaran Galarza arkitektoa Gipuzkoa mailan XX. mendearen bigarren herenean lan egin zuen arkitektorik interesgarrienetakoa dugu. Hainbat estilotan aritu bazen ere, arrazionalismoari jarraituz egin zituen eraikinengatik du garrantzia, bereziki arkitektura industrialaren esparruan.

Luis Astiazaran Galarza Madrilen jaio bazen ere, bere aita, Gregorio Astiazaran, oñatiarra, eta bere ama, Luisa Galarza, antzuolarra, izan ziren. Luisa, Juan Policarpo Galarza eta Klara Telleriaren alaba zen, eta 1870eko abuztuaren 20an jaio zen Antzuolan.

 Policarpo Galarza

Luisek, berriz, Madrilgo Eskolan 1923an  arkitekturako ikasketak amaitu ostean,  Gipuzkoara bueltan, Antzuolan bizi zen bere izeba-osabekin eta lehengusuekin bizitzen geratu zen.  Eta bertan lehen lanak egin zituen; hainbat etxebizitza (Galartza etxea, 1921; Olaran etxea, 1926), herriko denden erreformak, familiaren lantoki bat (Galarza Hnos eta Arbulu), gehienak familia ingurukoak. 
 

 1915eko argazki honetan falta da Galarza etxea, 1921ean Luis Astiazaranek egindakoa

Galarza etxea

1924ko udal erroldaren arabera osaba izebarekin (Teodora, Antonino eta Damian Galarza Telleriarekin) bizi zen Luis Antzuolan.

1925ean Bergaran bizitzen jarri zen, eta bertan ireki zuen bere lehenengo estudioa; estudio hori bere bizitzaren amaiera arte itxi gabe mantendu zuen, nahiz eta 1940an Donostiara bizitzera joan eta bertan beste estudio bat ere ireki zuen.

Juan de Olaranek eskatuta, 1926. urtean Luisek eraikitako etxea

Lehenengo fase hori 1921ean hasten da eta 1932an amaitu. Lehen fase horretan  etxebizitza soilak egingo ditu bereziki, eta adibide gisa izan daitezke bai Antzuolako Galartza etxea (1921) eta Olaran etxea (1926) eta Bergarako Eguzki-Alde Etxea (1928). Azken hau, tamalez, bota egin zuten. Biak, baina, neoeuskalduna izeneko estiloan eginak, euskal baserria eredutzat hartzen zen, baina ez funtsean baizik eta soilik azalean, kanpoko elementu apaingarrietan, bereziki hainbat arkitekto bizkaitarrenen artean, apaingarrien erabilera oparoa ere nabarmenduz.

Bigarren fase horrek zazpi urte eskas iraungo baditu ere, Astizaranen lana itzela izan zen, hainbat lantegietako eraikin eta pabilioiak eraikitzen. Guk hemen bereziki Gipuzkoako hiru enpresa ezagunekin egin zuen lana nabarmenduko dugu, nahiz eta beste enpresa askotarako hainbat lanak ere egin. Nabarmendu beharreko lehen ekimena Union Cerrajera de Mondragon enpresarentzako eginiko lana da, bai Arrasateko egoitzan bai Bergarakoan; bigarrena SACEM (Sociedad Constructora de Maquina Herramienta) enpresarentzako Billabonan burutu zuen eraikina; eta hirugarrena, Andoainen SAPA (Placencia de las Armas, SA) enpresarentzako egin zuena. Hiru lan horiek beraien artean desberdinak badira ere (lehenengoan Astiazaranen lanaren zati bat bakarrik gauzatu zen, han eta hemen zenbait pabilioi eraikiz, eta bigarren eta hirugarren kasuan hasieratik eraikin osoa berak esandakoaren arabera burutu zen), antzeko ezaugarriak aurkitzen ditugu: eraikinen bolumenak itxiak dira, sendoak eta mardulak, garai hartan Alemanian eraikitzen ziren lantegiak bezalakoak; nabarmentzeko elementu bakarra sarrera izaten zen, bulegoak hartzeaz gain, ataria ere bazeukan eta, bertako leiho bertikalak zutabeen funtzio sinbolikoa betez eta eraikineko beste leiho horizontalekin kontrastea sortuz. Horrela, eraikina adierazkorragoa eta dinamikoagoa bilakatzen zen.

Union Cerrajera. Arrasate.

Bigarren fase hori Gerra Zibilaren amaierarekin batera eten egiten da. Dena den, Frankismoak beste arte eta kultur adierazpenetan bezala, arkitekturan ere estilo berria inposatzen du, berriro ere estilo historizista eta akademikoa berreskuratuz, eta horren ondorioz, estilo eklektikoa. Fase horretan Astiazaranek berriro bere estiloa aldatzen du eta lantegietan burutzen zituen ekimenetan -bai aurreko enpresetarako bai beste batzuetarako ere, Patricio Echevarria edota Patricio Elorza bezalakoak Legazpin-, arrazionalismoaren alde egiten badu ere, orain estiloa funtzionaltasunez bideratuko du, aurreko faseko ezaugarri espresiboak erabili gabe. Beste eraikinetan, etxebizitzetan esaterako, denetatik aurkituko dugu, eta horrela, etxebizitza soiletan gehienetan eklektizismoa berreskuratuko badu ere -enpresetako jabeen eta zuzendarien etxeetan neoeuskalduna edota inperioa izeneko estiloak erabiliko ditu, azken hori El Escorial bezalako eraikinetan oinarrituta-, beste batzuetan, adibidez, hainbat enpresak langileei zuzenduta prestatutako etxebizitzetan, historizismoa baztertu eta funtzionaltasunez eta soiltasunez egingo ditu lan horiek. Lan horiez gain, beste etxebizitza asko ere burutuko ditu, hasiera batean Obra Sindical del Hogar y la Arquitectura erakundearentzako lan eginez eta gero Instituto Nacional de la Vivienda-rentzako. Lan horietan, gehienak babes ofizialeko etxeak, Astizaranek garaiko beste arkitekto gipuzkoarrekin batera -Florencio Mocoroa, Domingo Unanue, Felix Llanos eta Damian Lizaur bezalakoak besteak beste-, hainbat etxebizitza multzo bideratuko dituzte probintzian zehar, tipologiari eta beharrei duintasuna eman nahian.

Etxebizitza eta lantegiekin lotutako eraikin horiez gain, hirugarren fase horretan beste hainbat eraikin eta lanak ere egingo ditu. Hirigintzako bi ekimenetan izan zuen partaidetza nabarmendu behar dugu, bata Legazpin Damian Lizaurrekin batera eta bestea Bergaran Felix Llanosekin. Pare bat eraikin burutu zituzten, garai hartarako guztiz bereziak estilo nagusiarekin erkatuz gero. Bergaran San Sebastian Banketxearen egoitza burutu zuten. Klasizismoa, barrokoa eta funtzionaltasuna nahasten ditu modu bitxian baina eraginkorrean. Bestea Donostian burutu zuen. Berez, 1940ean Donostiako Alde Zaharrera etorri zen bizitzera, bertan ere estudioa zuelarik, Fermin Calbeton kalean, Bergarako estudioa irekita mantendu bazuen ere bere ibilbide profesionalaren amaiera arte. Eraikin hori Zurriola etorbideko 16. zenbakiko etxebizitza zen. Eklektikoa zen, eta oso apaindua, baina guztia modu berezian egina, beti ere ezagunak ziren elementuetatik abiatuz, baina guztien irakurketa pertsonala eta berezia eginez.



 Olaran etxea jardin ederrarekin, 1973. urtea

Berrogeita hamargarren hamarkadaren bigarren erdian bere laugarren eta azken fasea hasiko du. Astiazaran modernitatera itzuli zen. Erreferentzia historizistak eta akademikoak baztertu zituen eta arkitektura soila eta sinplea egiten saiatu zen. Egiturak, bolumenak eta materialek hartzen dute garrantzia osoa eta guztia funtzio zehatzaren esanetara baldintzatzen da. Azken fase honetan lan gutxiago egingo ditu, etxe soilak nabarmentzen direlarik -Eliseo Belzunceren etxea Donostian (1957) Ategorrieta auzoan, adibidez- eta Bergarako Compañia de Maria Nuestra Señora erakunde erlijiosoarentzat eraikitzen duen ikastetxea Lehen Hezkuntza eta Lanbide Hastapenari zuzenduta.

Azken eraikin horretan funtzio zehatz guztiak betetzeko espazioa antolatzerakoan oinplanoak L baten forma hartzen zuen. Fatxada guztiak desberdinak egin zituen. Eraikin modernoa baina era berean adierazkorra lortzen du, inguruarekin bat egiten duena, baina berezko nortasuna galdu gabe. Azken fase honetan eraikin gutxiago egin bazituen ere, bere estiloa heldutasunera ailegatu zela nabaritzen da, eta horrela aurreko garaietako nolabaiteko sintesia aurkitu dezakegu.

Galartza Hnos eta Arbulu lantoki zaharra, Luis Astiazaranek egindakoa.

1981. urteko argazkia




  ".. obras que hace en la casería de Torre de Galardi el Sr. Juan de Olaran" (20/02/1926). 

Elizaren atze aldean, eskolaren eta pilotalekuaren erdian, herri erdi-erdian kokatzen da Olaran jauregia

Orain etxe hau dagoen tokian Etxeandia edo Galarditorre egon zen, XVI. mendean eraiki zenetik, XX. mende hasiera arte. Juan de Olaranek  eraiki zuen gaur ezagutzen dugun Olaran etxea, 1926an. Bere senideek erabili zuten urte askoan, baina hutsik egon ondoren, herriko udalak zaharberritu eta 2002ko otsailean inauguratu zen. Gaur egun zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu.

Etxe hau eraikitzeko ziurtzat ematen da  Galarditorre jauregiko harri preziatuak erabili zituztela. Beraz, bai fatxadan eta baita atze aldean aurki daitezken harriak ere baserriarenak izan daitezke. Hitz egingo balute!




















Nor zen Olaran sendia? Ondarren larrua ontzeko ekoizten aritu zen enpresa 1881. urtean sortu zuen Fernando Olaranek,  ` Teneria Guipuzcoana´ izenarekin; geroago, `Manufacturas Olaran´ izena hartuko zuen, baina jardueraz aldatuz:  larrugintza eta kautxo enpresa. 1939an, Fernandoren seme Juanek Beasainera eraman zuen enpresa, nahiz eta Antzuolakoak mantendu bere ekoizpena.

Etxerako goi mailako tapizak egiten zituen Beasainen. XXI. mendeko lehenengo hamarkadan, Espainiara, Frantziara, Alemaniara eta Estatu Batuetara saltzen zituen bere produktuak. Bezero zituen Bartzelonako Valenti eta Parisko Romeo marka ospetsuak, besteak beste. 25 langile zituen 2007an. 2009an, ordea, Beasaingo enpresa itxi behar izan zuten, nazioarteko krisialdiak jota. Aurretik, baina, Antzuolakoa itxi beharra izan zuten.

1969an hil zen Donostian Luis Astiazaran Galarza, 70 urte zituela.

Iturriak:



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada