2015/12/12

SALUTADOREA ANTZUOLAN

Ugariak izan ziren medikuak, kuranderoak (sasi-medikuak) eta salutadoreak historian zehar. Azken hauek batez ere XVI, XVII eta XVIII. mendeetan. Gipuzkoan, gainera, batzarrek erabaki zuten bere ofizioa alde batera laga behar zutela, horretaz jarduteko tituluren bat aurkeztu ezean

Salutadorea, hitzez hitz, berez osasuna ematen duena da, eta gaitz desberdinak sendatzen saiatzen zen, nahiz eta berezko lana animalien amorrua sendatzea izan, horretarako bere arnas hatsa, txistua edo beste formula desberdin erabiliz. Horren truke sari bat jasotzen zuen, normalean espeziean (hainbeste gari kopuru). 
Erdi aroan pentsatzen zen familia bateko zazpigarren semeak bereganatzen zituela salutadore izateko gaitasunak. Hala ere, salutadore gaitasunak ere jasotzen zituen Gabon gauean edo ostiral santuan jaiotzen ziren umeak (mutilak).

Gurutze bat zeukatela aho sabaian jaiotzen ziren eta honek botere bereziak ematen zien bere txituari eta arnasari, amorrua saihesteko haginka egindako zaurian aplikatuz. Beste batzuk dioskute txiza erabiltzen zutela ere horretarako. Bitartean konjuruak eta otoitzak egiten zituzten.

Oso pertsonaia ezaguna izan zen eta bazeuden herriz herri bere lana egitera joaten zirenak. Eta XX. mendean ere ospetsuak ziren han eta hemengo salutadoreak. Gertatzen da gaur kuranderoekin gehiago nahasten direla, nahiz eta bata zein bestearen funtzioa desberdina izan.

"Sobre el servicio de saludador en medio y quarta de trigo".

Antzuolan ere ibili zen salutadorea. Bi aipamen gutxienez badauzkagu, bata 1726koa eta bestea 1751ekoa.

1726ko irailean Ezkiogan bizi zen Juan de Oria eta Zabalaegi “saludador” birritan ibili zen  “a saludar” Antzuolan. Horretarako “pagándosele por cada casería una quarta de trigo, aunque en otros no más de media quarta”. Beraz, hori zen bisitaldi bakoitzean jasotzen zuen saria. Hala ere, ordainketa erregulatzeko asmoz, Udalak erabaki zuen hemendik aurrera “que todos le den a quarta de trigo… y en la calle como se ha estado hasta ahora”.

Hurrengo aipamena 1751ekoa da, azaroaren hamarrekoa. Orduan oñatiarra zen Carlos de Izagirre etorri zen herrira bere burua eskaintzen “quería servir de saludador en media quarta de trigo como en conformidad ha servido Antonio de Múgica, saludador de la villa de Ormaiztegui”. Hala ere, udalak erabaki bat hartu aurretik adirazi zuen lehendabizi galdetu behar zitzaiola Antonio de Mujikari, berak  Karlos de Izagirrek adierazitako sari berean lana egingo ote zukeen. Alegia, "media quarta de trigo por casería al año ... como hasta agora".

Beraz, Antzuolan ere ohikoa zen baserriz baserri nahiz herriko kaleetan zehar kanpotik etorritako salutadoreak ikustea. Helburua, amorruaz jota zeuden animaliak sendatzea.

Esan gabe doa animaliek (txakurrek, katuek, saguzarrek …) transmititzen duten gaitza izanik, pertsonok amorrua garatzeko ere gai izan gaitezkeela, eta tratatzen ez bada hiltzera garamana. Arazoa konpontzen hasi zen animaliak txertatzen hasi zirenean.

 Iturriak:
  • dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/409505.pdf (Antxon Agirre Sorondo) 
  • Antzuolako Artxibo Historikoa:Aktak eta Akordioak (1674-1736) (3. Liburua). Idem (17436-1762) (4. Liburua)

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada